Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 1,2 milioi 2019an, jarduera ekonomikoa eskualde mailan bultzatzeko

1,2 milioi 2019an, jarduera ekonomikoa eskualde mailan bultzatzeko

Besteak beste, kalitateko enplegua, sektore estrategikoak eta lankidetza proiektuak sustatuko dira urteko deialdiren bitartez.

Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa eskualdeen ikuspegitik bultzatzeko dirulaguntza deialdia onartu du, garapen agentziei zuzendua eta 1.420.000 milioi euroz hornitua. Berariaz eskualde garapena bultzatzeko deialdia da, eta iaz egin zen lehenbiziko aldiz. Lau lan lerro aurreikusten ditu:  eskualdeetan eraldaketak bultzatzeko proiektuak, eskualdeen lehiakortasun abantailak ahalbidetzera zuzenduak - 870.000 euro-;  lankidetza inguruneak sustatzeko proiektuak -110.000 euro-; kalitateko enplegua sustatzeko proiektuak -220.000-; eta, aurtengo berrikuntza gisa, garapen endogenoa sustatzeko proiektu estrategikoak -220.000-.

Lehenbiziko lan lerroan sartzen dira enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko ekintzak, sektore ekonomiko helduak birformulatzeko ekintzak eta, halaber, etorkizuneko sektore desberdinetan negozio aukera berriak sortzeko ekintzak; esaterako, ekonomia zirkularrean, sorkuntza industrietan, biozientzia eta osasun arloan, zibersegurtasunean edo zahartzaroaren zaintzan, hain zuzen ere, Aldundiaren etorkizuneko apostu estrategikoekin bat datozen arloak baitira. Bigarren lerroak jasotzen ditu lankidetza eta ikaskuntza kolektiboa diseinatzeko eta bizkortzeko laguntzak, eta interes partekatua izan dezaketen enpresa eta agente ekonomikoei zuzenduta daude.  Hirugarren lerroak, berriz, kalitateko enplegua sortzeko dinamika endogenoak hartzen ditu kontuan, eskualde bakoitzak izan ditzakeen indarguneak sendotzeko eta, hartara, langabezia tasa jaisten segitzeko.

Iaz 47 proiektu jarri ziren abian deialdi honen babesean, 11 garapen agentziaren eskutik: 25 eskualde eraldaketa sustatzekoak, 12 kalitateko enplegua sortzekoak eta 10 lankidetza proiektuetakoak, guztira  1.255.256,59 euroko inbertsioa mugiaraziz. Iazko balantze positiboa ikusiz, aurten 220.000 euroko gehikuntza izango du dirulaguntzen zenbatekoak.   «Lurralde kohesioa funtsezkoa da Gipuzkoaren aurrerabide ekonomikorako eta sozialerako. Eskualdeek zer esan handia dute gure lurraldearen etorkizunerako eta, horregatik, deialdi honen bitartez eragile desberdinen arteko lankidetza, esprimentazioa eta berrikuntza sustatzeko baliabideak jartzen ditu Aldundiak. Sare ekonomikoa sendotzeko estrategiak, beraz, eskualde ikuspegia eta lurralde ikuspegia uztartu behar ditu», adierazi du foru bozeramaile Imanol Lasak. 

Programa honen bitartez, Foru Aldundiaren asmoa enpresak laguntzea da, beraien lehiakideekin era positiboan desberdinduz, enpresa txiki eta ertainen beharrak eta aukerak lehenetsiz, eskualde bakoitzeko ekoizpenaren ezaugarrietara ongi egokitutako ezagutzak metatuz eta zabalduz, eta enpresen sare lokalaren eta ezagutza eragileen arteko loturak erraztuz. Ez da ahaztu behar enpres txikiek eta ertainek Gipuzkoaren ekonomian duten pisua, baita industriaren arloan ere; izan ere, lurraldeko Barne Produktu Gordinaren % 25 osatzen dute, 70.000 pertsona baino gehiagori ematen diote lantokia eta beren produktuen % 80 baino gehiago esportatzen dute.

Orotara hartuta, enpresa txikiek eta ertainek Gipuzkoako lanpostuen % 40 osatzen dituzte. Pisu hori industrian da bereziki nabarmena. Gipuzkoan, izan ere, 900 enpresa industrial txiki eta ertain baino gehiago daude, guztira 31.000 lanpostutik gora sortzen dituztenak. Gainera, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen % 53k 25 urte baino ibilbide luzeagoa dute.

Zibersegurtasuna.

 Kontseiluak, era berean, Gipuzkoako enpresa industrialetan zibersegurtasuna sustatzeko dirulaguntzen programa onartu du, 400.000 euroko zenbatekoarekin. Horietatik, 250.000 euro enpresetan zibersegurtasuna sendotzeko proiektuetara bideratuko dira, eta 150.000 euro arlo horretan ikerketa eta garapena bultzatzeko. Deialdi honen bitartez, 2018an 18 proiektu bultzatu ziren, 414.042 euroko inbertsioa mugiaraziz. Oinarriak aurki argitaratuko dira GAOn; izan ere, deialdia aurreratu egin da, enpresek eta entitateek beren proiektuak aurkezteko epe zabalagoa izan dezaten.

Gipuzkoako industriaren maila teknologikoa oso nabarmena da, eta lurralde aurreratua gara alderdi horretan. Horregatik, urteko deialdi honen bitartez uztartu nahi ditugu dagoeneko finkatua dagoen errealitate industrial teknologiko hori eta abian den segurtasun teknologikoaren alderdi berria, «gero eta garrantzi handiagoa hartuko duena». Halako industria baten ezaugarri nagusietako bat da, hain zuzen ere, fabrikazio ekipoen eta era guztietako sareen arteko konexioa; horren eraginez, funtsezko aldaketa bat gertatu da ekoizteko eran eta barneko balio katea egituratzeko eran. «Beraz, ezinbestekoa da segurtasun neurrietan sakontzea, bai teknologiaren ikuspegitik bai antolaketaren ikuspegitik, zibersegurtasunak enpresan izan behar duen zeregina ahalik eta ondoen kudeatuz», adierazi du bozeramaileak.

Gainera, zibersegurtasun industrialaren sektorea hazkunde esponentzialeko fase bat igarotzen ari da une hauetan, «bai negozio zenbatekoetan, bai gertakarietan», eta Gipuzkoako enpresek leku «nabarmena» dute  sektorean, Lasak adierazi duenez. «Beraz, zibersegurtasuna giltzarria da Gipuzkoako industriaren lehiakortasunean eta, horrenbestez, jarduketa sendoei ekin beharra dago, sektore industrialak zibersegurtasun arloan duen posizionamendua hobetzeko, enpresa txikietan eta handietan. Zibersegurtasunak presente egon behar du produkzio prozesu osoan, eta horretarako, garrantzitsua da katebegirik ahulenak identifikatzea, eta segurtasuna hobetzen duten esku-hartzeei ekitea».

  

1658