Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 100.000 euro hondakinak prebenitzeko eta berrerabiltzeko

100.000 euro hondakinak prebenitzeko eta berrerabiltzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Emaús Gizarte Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute Irungo Ekocenterraren jarduera bultzatzeko. Bertan, Emaúsen tamaina handiko hondakinak eta ehunezko hondakinak berreskuratu, berrerabili, konpondu eta birmanufakturatzen dira.

2021/07/06

José Ignacio Asensio: "Hondakinak kudeatzeko politika integrala hartu behar dugu kontuan, eta hau da hondakinen Europako hierarkiaren lehen faseetako bat. Beraz, jarduera horiek bultzatu behar ditugu, eta azpiegitura horiek Gipuzkoako azpiegitura guztietan kontuan hartu, hondakinen tratamendua ixteko".

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Eduardo Sánchez Irungo EkoCenterreko zuzendariak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, bi erakundeen artean lankidetza-esparru bat ezartzeko Gizarte Fundazioaren Irungo Ekocenterraren 2021eko funtzionamenduari dagokionez. Hitzarmen horren zeregina da, funtsean, hiri hondakin mota batzuk berrerabiltzea eta birziklatzea. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 100.000 euro bideratuko ditu guztira.

Ekocenter horiek azken urteotan izan duten irekierari eta jarduerari esker, oso eredu interesgarria finkatu da berrerabiltze prestaketaren arloan. Izan ere, batetik, ahalbidetu du herritarrak modu eraginkorrean informatzea eta kontzientziatzea, eta, bestetik, altzari, etxetresna elektriko, ehun, liburu, jostailu eta abarren balorazio energetikoa saihestea kopuru handietan. Eredu horren arrakastaren zati handi bat oinarritzen da etxez etxeko bilketan edo Ekocenterrean bertan entregatzean, ondoren sailkatu, konpondu edo birziklatzeko.

Hitzarmen horri esker, Irungo Ekocenterrean hainbat jarduera egingo dira, tamaina handiko hondakinak eta ehunezko hondakinak berreskuratu, berrerabili, konpondu eta birmanufakturatzeko. Jarduera horien artean daude, adibidez, berreskuratutako hondakinak sailkatzea, karakterizatzea eta balorizatzea; bigarren erabilerako produktuak merkaturatzea; hondakinen prebentzioa sustatzeko erakusketa artistikoak; konponketaren kultura sustatzea, objektuen bizitza baliagarria luzatzeko formula gisa; berrerabili ezin diren piezak, osagaiak eta ekipoak berreskuratzeko eta aprobetxatzeko guneak, eta eskola talde eta elkarteei bisita gidatuak.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak honakoa adierazi du: "Hondakinak kudeatzeko politika integrala hartu behar dugu kontuan, eta hau da hondakinen Europako hierarkiaren lehen faseetako bat. Beraz, jarduera horiek bultzatu behar ditugu, eta azpiegitura horiek Gipuzkoako azpiegitura guztietan kontuan hartu, hondakinen tratamendua ixteko".

Ezarritako plangintzarekin bat etorriz, kontuan hartu da Gipuzkoak mota horretako establezimenduak behar zituela, eta materialak berreskuratzeko hiru zentro ezarri dira, Ekocenter izenekoak, hirurak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenaren bidez. Horietako bat Belartza industrialdean dago, beste bat Irunen eta azkenengoa Arrasaten.

Hondakinen Esparru Zuzentarauak (2008/98/EE), ekonomia zirkularrari buruzko 2018/851 Zuzentarauak aldatuak, hierarkia bat ezartzen du, non prebentzioa agertzen baita lehenik eta berrerabiltzeko prestakuntza bigarrenik. Gehiago zehaztuz, 22/2011 Legeak, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoak, 21. artikuluan xedatzen du ingurumen agintaritzek hainbat neurri sustatuko dituztela, horien artean: berrerabil daitezkeen hondakinak biltegiratzeko tokiak ezartzea eta berrerabilpen-sareak eta -zentroak ezartzen laguntzea.

Bestalde, Gipuzkoan indarrean dagoen hondakinen planak, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak (GHHKPO 2019-2030), berrerabiltzeko prestakuntzari buruzko atalean, PREUT-1 ekintza proposatzen du: "GEEH hondakinak, tamaina handikoak, ehunak eta beste tresna batzuk saldu, trukatu, konpondu eta birmanufakturatzeko sareak eta zerbitzuak babestu eta sustatzea".

  

2227