Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Volver 101.650 zergadunek aurkeztu dute aitorpena 2024ko Errentaren kanpainaren lehen astean

101.650 zergadunek aurkeztu dute aitorpena 2024ko Errentaren kanpainaren lehen astean

Gaur ireki da errenta kanpaina modalitate mekanizatuan egiteko epea.

2025/04/08

Gipuzkoako 101.650 zergadunek aurkeztu dute 2024ko Errentaren aitorpena. Joan den astelehenean, martxoak 31 autolikidazio proposamenak onartzeko epea ireki zen eta ondoren, apirilaren 3an Internet bidez egin ahal izateko modalitatea zabaldu zen, Zergabidea plataformaren bidez. Ordutik hona, guztira 94.324 zergadunek beren autolikidazio-proposamena onartu dute: 70.245ek Internet bidez egin dute ( % 73,9), 21.586k telefonoz ( % 13,2), 2.493k Errenta+ aplikazio berriaren bidez ( % 2,6) eta 534k herritarren arretarako bulegoaren bidez (% 0,6). Gainerako 7.326 aitorpenak Internet modalitatearen bidez egin dira, Zergabidea plataformaren bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gogorarazi du gaurtik aurrera errenta mekanizatuko modalitatearen bidez egin daitekeela aitorpena, hau da, aurrez aurre. Aitorpena modu horretan egin ahal izateko, hitzordua eskatu behar da Internet bidez, telefonoz (943113000) edo Errenta+ aplikazioaren bidez. Ildo horretan, Foru Ogasunaren datuen arabera, 18.000 zergadunek baino gehiagok eskatu dute jada hitzordua aitorpena lurraldeko 9 udalerritan gaitutako 11 arreta-bulegoetan egin ahal izateko.

2024ko Errentaren kanpaina ekainaren 30ean amaituko da. Era berean, Foru Ogasunak gogorarazi du joan den apirilaren 3tik posible dela Ondarearen gaineko Zergaren eta Fortuna Handien Elkartasun Zergaren aitorpena egitea, Zergabidea plataformaren bidez.

Aurten ere, adierazpena euskaraz aurkezteko deia egin du Foru Erakundeak. Horrela, 2024ko Errentaren izapideak euskaraz egin ahal izateko behar diren arreta zerbitzua eta tresnak ematen ditu.           

  

5749