12 lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan
12 lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan
13 lagun gehiago sendatu dira Hondarribiko Uliazpiren desgaitasuna duten pertsonentzako zentroan, eta positibo bat gehiago eman da Donostiako Iza zentroan.
Eider Mendoza foru bozeramaileak, 5.425 pertsona artatzen diren lurraldeko 65 adineko pertsonen egoitzetako egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta jakinarazi du 12 pertsona hil direla azken orduetan, 17k eman dutela positibo eta bi gehiagok gainditu dutela gaixotasuna. Gaur arte, adineko 28 lagunek jaso dute alta, 111 zendu dira eta 305 kasu positibo daude. Azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira Eibarko Egogain, Zumaiako Otezuri, Arrasateko Iturbide, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Donostiako Berra. 16 izaten jarraitzen dute Covid-19 kasu positiboak dituzten adineko pertsonen egoitzak, 37 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eraman dira eta 35 ospitaleratuta daude.
Beste alde batetik, eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoerari dagokionez, Hondarribiko Uliazpiren zentroan positibo emandako 13 pertsonak sendatu dira dagoeneko. Beraz, egoitza horretan jada ez dute kasu positiborik. Desgaitasuna duten pertsonen bi egoitzak dituzte kasu positiboak, Donostiako Uliazpiren zentroa kasu bakarrarekin, eta Donostiako Iza egoitza birekin, azken orduetan kasu positibo bat gehiago eman ondoren.
Eider Mendozak gizarte zerbitzuen arloko Txoke Planaren baitan martxan jarritako neurrien errepasoa egin du gaur, “Covid-19ak sortutako egoerei modu partekatu, koordinatu eta estrategikoan erantzuna bilatzea helburu duena, eta zazpi lan-ildo eta 50 ezohiko neurriz osatuta dagoena”. Gogorarazi du, gainera, hartutako neurriak baliabide bakoitzaren jarraipen indibidualizatuan oinarritzen direla; era horretan, Aldundiak gaixotasunaren eboluzioaren monitorizazioa egiten du, eta material eta formakuntza beharrak ere jasotzen ditu, besteak beste.
Bozeramaileak azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin handia egiten ari dela “Covid-19aren hedapena geldiarazteko” lurraldeko gizarte baliabideetan, 7.000 lagun artatzen diren 240 zentroz osatutako sarean. Gaineratu du, elkarlana dela egiten ari den lanaren oinarria, bai Osakidetza eta Osasun Sailarekin, baita udalekin, egoitza zentroekin eta hirugarren sektoreko eragileekin ere. “Elkarlana giltzarria izaten ari da hain konplexua den egoera honi erantzuna ematerako garaian, oso une delikatuak igarotzen ari gara, eta benetan eskertzen dugu alde guztiak egiten ari diren ahalegina eta lana”.
1820