Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 14.800 baserritarren tramiteak erraztuko dituen APP berria aurkeztu du Foru Aldundiak

14.800 baserritarren tramiteak erraztuko dituen APP berria aurkeztu du Foru Aldundiak

Arreta hurbilagoa jasoko dute ustiapenek Nekagip aplikazioaren bitartez; Gipuzkoan 55.000 abelburutik gora daude eta erdiak baino gehiagok gida bat behar dute lurraldean mugitzeko

2017/05/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen sektorearen inguruan lan egin eta bizi diren pertsonek eguneroko lanean egin beharreko tramiteak nabarmen erraztuko dituen mugikorrerako aplikazio berri bat aurkeztu du. Gaur egun, lurraldeko erregistroan izena emanda dauden 14.800 ustiapenetako jabeek beraien gestioak egin eta datuak kontsultatu ahalko dituzte APP berri honi esker. Landa ingurunearen eta lurralde orekaren inguruan sortzen diren ohar, tramite eta albisteen berri jasoko dute mugikorretan, norberaren ustiapenen xehetasun guztiak kontsultatu ahalko dira eta, batez ere, baliagarria izango da  etxaldeko animalien kudeaketa hurbil eta azkar bat baserritik bertatik egin ahal izateko.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak nabarmendu duenez, legealdi hasieratik bilatu den helburu nagusienetakoa izan da baserritar eta abeltzainei burokrazia arintzea. “Lehen sektoreko jendearen zailtasun handienetakoa da burokrazia edo izapideak. Legealdi hasieran lehen sektoreko ordezkariekin bildu ginen eta beraien arazo nagusi hori adierazi ziguten. Papeleoa arintzeko eskatzen zuten. Eta horretan gabiltza. Tramite guztiak arindu eta erraztu nahi ditugu Nekagip aplikazio berriaren bitartez. Gizartearekin harreman zuzenagoa edukitzeko bideak sortzen ari gara; elkarlan eraginkorragoa bilatzen dugu, eta bide horretan dago gaur aurkezten dugun aplikazio berri hau”, azaldu du Aizpuru diputatuak. “Lehen sektorea ekonomiaren ikuspegitik zaindu eta dinamizatzea bilatzen dugu baita ere. Sektorea garai zaharrekin lotzen da askotan eta hori irudi okerra da. Gaur egungo baserritar eta ganaduzale asko berritzaileak dira eta teknologia aurreratua erabiltzen dute. Bide horretan Gipuzkoako Foru Aldundia lagun izango dute”, azpimarratu du Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak.

Nekagip aplikazio berri hau martxan jartzeak aldaketa ekarriko du nekazaritza ustiategien orain arteko gestioan, informazioa bere esku izango baitu nekazariak. Titularrek Aldundiko erregistroan jasota dauden euren datuen inguruko kontsultak egin ahalko dituzte, euren erabakiak modu egokienean hartu ahal izateko. Kontsultatzerik izango dituzte datu orokorrak, aitortutako lurrak (zerrendatuta eta grafikoki), datu ekonomikoak, eta azken hiru urteetan eskatutako eta kobratutako laguntzak. Orain arte. hau guztia Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan (ENB) bertan egin behar zuten.

Gaur egun 14.800dik gora ustiategi daude erregistratuta Gipuzkoan. Horietatik 4.500 inguruk behi aziendak dituzte eta lurraldean, guztira, 55.000 abelburu daude erroldatuta.  Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak azaldu duenez, behi ustiapenak dituzten baserritarrekin elkarlanean aritu dira aplikazio berri hau egiteko: aurrera begira ardiak, ahuntzak, zaldiak eta gainontzeko abereen tramiteak aplikazioaren bidez egiteko modua izango bada ere, hasiera batean behi etxaldeen kudeaketa egin ahalko da soilik. “Aplikazioa diseinatzerakoan, eta batez ere tramiteak egiteko moduak diseinatzerakoan, erreminta erabiliko dutenen parte hartzea bilatu dugu. Izan ere, beraiek izango dira egunerokoan APP hau erabiliko dutenak. Eta uste dut emaitza oso onak  eman dituela elkar lan estu honek”, zehaztu du Arrutik. Eta gogoratu du 2016an 55.000 abelburu zeudela Gipuzkoan zentsatuta eta horietatik 25.000 beraien etxaldeetatik kanpo mugitu zirela, eta mugimendu horiek egin ahal izateko gidak derrigorrezkoak direla. Aplikazio berri honekin mugimendu guztiak errazago eta izapide gutxiagorekin egingo direla gehitu du.

Basurdeek nekazaritzan eragindako kalteak tramitatzea erraztuko du, baita ere, Nekagip aplikazioak. Kalteen parteak oraingoz ehiza federazioan edo Foru Aldundian egingo badira ere, espedientearen egoeraren jarraipena egin ahalko da unean bertan aplikaziotik. Kalte ordainak onartzeko edo baztertzeko aukera ere egongo da. Azken urteetan ehizatutako basurde kopurua igo bada ere, azken bi hamarkadetan nabarmen hazi da basurdeen populazioa Gipuzkoan. Ondorioz, eragindako kalteei buruzko parteek ere gorantz egin dute lurralde guztian.

Ainhoa Aizpurua diputatuak gogorarazi du aplikazioa doakoa dela eta arretarako telefono bat egongo dela. Teknologia berriekin ohitura gutxi dutenentzat ere lasaitasun mezua luzatu du, orain artean bezala gestioak modu tradizionalean egiteko aukerak jarraitzen duelako. 
Estatu mailan berritzailea den aplikazio honekin lehen sektoreak behin baino gehiagotan demandatu duen des-burokratizazioan beste pausu bat eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Oraingoz, aplikazioa Android plataformarentzat dago eginda, baina datozen egunetan IOSentzat ere prest egongo da.
    Estatu mailan berritzailea den aplikazio honekin lehen sektoreak behin baino gehiagotan demandatu duen des-burokratizazioan beste pausu bat eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Oraingoz, aplikazioa Android plataformarentzat dago eginda, baina datozen egunetan IOSentzat ere prest egongo da.
  

1925