14 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak
14 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak
Foru erakundeak 507.910 euroko laguntza eta aholkularitza teknikoa emango ditu proiektu horiek garatzeko, belaunaldi aldaketa xedetzat hartuta.
Gipuzkoako 14 gazte lehen sektorean hasiko dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Horretarako, Aldundiak dirulaguntza deialdia egin du, 40 urtez azpiko nekazariek enpresa berriak sor ditzaten: 11 gazte lehendik abian ziren ustiategien kargu egingo dira, eta 3k, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte. Foru Aldundiak 507.910 euro bideratuko ditu 2021ean programa honetara, ongi prestatu eta kualifikatutako gazteak jarduera hauetan has daitezen, belaunaldi aldaketa sustatuz, eta garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresen sorkuntza bultzatuz.
“Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorea gabe eta zuek zarete etorkizuna. Ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak, ingurumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak, balio horiei guztiei eutsi ahal izateko”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak Iturraran Parketxean egin den ekitaldian. Ekitaldi horretan egon dira programan parte hartuko duten gazteak, Aldundiko ordezkariak -hala nola Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Xabier Arruti, eta Mendia eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño-, nekazari gazteei beren proiektuak aurrera eramaten lagunduko dieten zenbait teknikari eta lehen sektoreari lotutako hainbat eragile.
Aurten ere, topaketa hau sektorean lanean hasiko diren gazteei aitortza egiteko, eta haiekin sektorearen etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko helburuarekin antolatu da. Hori horrela, Aldundiak espreski adierazi die bere babesa lehen sektoreko ekintzaileei, gure lurraldeak landa inguruneari eta landa inguruneko jarduerari ematen dion balioan azpimarra jarriz. Solasaldi emankorra izan da, eta gazteen eta lehen sektoreko eragileen ekarpenak, gogoetak eta proposamenak jaso dira bertan. “Egin duzuen apustuak merezi du horren berri ematea eta gure aldetik gogor lan egingo dugu lehen sektorea bistaratu eta sustatzeko, guztion artean eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan sektorea indartsu eta osasuntsu izan dadin”, azpimarratu du Olanok.
Deialdira aurkeztu diren proiektuei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak da proiektuen aniztasuna, bai jatorriari eta tamainari dagokienez, bai jarduerari dagokionez. Hori horrela, badira baratzezaintzarekin lotutako proiektuak, frutagintzarekin lotutakoak, ardi, txerri, behi nahiz hegazti edo erle zaintzarekin lotutakoak. Horietako hiruk transformazio jarduerak egingo dituzte, eta bik ekoizpen ekologikoa. 9 nekazari gizonezkoak dira, eta 5 emakumeak. Aurtengoan, onuradunek jasoko duten batezbesteko kopurua 39.616 euro da. Bost urtez, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, teknikarien aholkularitza eta laguntza ere jasoko dute.
Dirulaguntzek Europar Batasunaren finantzazioa dute, % 80koa, LGENF funtsaren bidez. Onuradunak Gaztenek 2015-2020 prozeduran sartuta daude. Prozedura horri jarraitzen zaio EAEn lehen aldiz instalatu nahi duen gazte bati laguntzeko, tramitazioa egiteko, egiaztapenak egiteko eta, hala badagokio, instalazioari laguntza emateko, eta horretarako enpresa plan bat aurkeztu behar izan dute. Hori dena, jardueraren profesionalizazioari eta lehiakortasunari eragiteko asmoz.
Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da gutxienez, laguntza onesten denetik lehenengo bi urteetarako soldata gisa. Kopuru horretatik aurrera, dirulaguntza hainbat kopuru-tarteka handitu daiteke, gehienez 70.000 eurora iritsi arte, enpresa planari hautapen irizpideen balorazioan eman zaizkion puntuen arabera. Hautapen irizpideak hauek dira: egin beharreko gastuak eta inbertsioak, gazteak ekoizpen eredu jakin batzuk ezartzea, lehendik sektorearekiko zuen lotura eta asoziazionismoa.
289 gazte nekazari berri
2005ean programa hasi zenetik, 289 gaztek hasi dute beren proiektu profesionala programaren laguntzarekin –% 38 emakumeak–. Hala, 175k hasi dute familiartekoen ustiategiak gobernatzen, belaunaldi txandaketa bermatuz, eta 114k, berriz, negozio berriak irekitzen. Azpimarratzekoa da ustiategien arrakasta-ehuneko handia, haien % 90ek beren jarduerarekin jarraitzen baitute, eta uko egin diotenen ehunekoa oso txikia baita. Aipagarria da, orobat, nekazaritza ekologikoaren gorakada, halako 34 ustiategi baitaude 2016az geroztik.
Diputatu nagusiak adierazi du lehen sektorea egituratzearen eta indartzearen aldeko apustua egiten jarraituko duela Aldundiak, sektore honen garapena estrategikoa delako luralderako. “Gipuzkoako jarduera eta bizimodua beti egon da lehen sektoreari lotuta. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ezinbestekoak dira gure lurraldearen garapenerako eta etorkizunerako”. Izan ere, lehen sektoreari esker “lanpostuak eta kalitatezko produktuak” ditugu, baina, horrez gain, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren % 90 kudeatzen du; beraz, “berebiziko garrantzia du landa ingurunearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik, eta baita lurralde orekaren ikuspegitik ere, eta hori inoiz baino argiago utzi digu pandemiak”.
2600