Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 160.000 € Zumarragako ingurunearen erresilientzia areagotzeko

160.000 € Zumarragako ingurunearen erresilientzia areagotzeko

Aldundiko Ingurumena Departamentuak eta Zumarragako Udalak 160.000 euro konprometitu dituzte Eizaga gainaren saneamendua hobetzeko eta Antiguako ibilbide paisajistikoa hobetzeko Zumarragan

2019/12/03

Eizaga gaineko saneamendu lanen bidez (111.000 € guztira), saneamendu sare bereizle bat egingo da egungo sare unitarioa bikoizteko. Horrela, euri-uren sare bat egingo da, alde batetik, eta ur beltzen sare bat, bestetik.

Antiguako ibilbide paisajistikoaren hobekuntzak 50.000 € inguruko kostua izango du. Haren helburua da ingurunearen erresilientziari eustea eta CO2 xurgatzeko ahalmena handitzea, baita ingurunearen natura  eta paisaia kalitatea ere, eta pertsonen naturarekiko birkonexioa areagotzea eta Zumarragaren kultura eta historia nortasuna aitortzea.

Jose Ignacio Asensio: Obra Hidraulikoetako Departamentuaren helburu nagusia da ur hornidurako sistemen bermeak indartzea eta hondakin uren saneamendua osatzea.  Egindako inbertsio materialari eta giza inbertsioari esker, gure ibaien osasuna eta gure etxeetako uraren kalitatea gainerako erkidegoetan baino askoz hobea da».

 

Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak Zumarragan egiten ari diren bi obra bisitatu dituzte gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntzarekin.

 

Zumarragan Eizaga gainaren saneamendu sistema berriaren lanak

Obra horien bidez, saneamendu sare bereizle bat egingo da, egungo sare unitarioa bikoizteko. Horrela, euri-uren sare bat egingo da, alde batetik, eta ur beltzen sare bat, bestetik.

Proiektua beharrezkoa zen, Eizaga gaineko alde bateko etxeen isurketak inguruko euri-urekin nahasten baitziren, eta Santa Lutzi errekara isurtzen ziren, inolako tratamendurik gabe. Obrak amaitutakoan, euri-urak Santa Lutzi errekarantz isurtzen jarraituko dute, eta ur beltzak ponpaketa-putzu batean bilduko dira. Putzu horrek bultzatu egingo ditu, Antio Hiribidetik jaisten den kolektorearekin konektatu arte.  Inguruan dauden saneamendu kolektoreen bidez, Eizaga gaineko ur beltzak Zuringoaingo Hondakin Uren Araztegira iritsiko dira, eta bertan araztuko dituzte.

Obren aurrekontua 111.357,40 euro da, eta exekuzio epea 4 hilabete; beraz, aurreikusita dago urte amaierarako amaituta egotea. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi du Departamentuaren helburu nagusia dela «ur hornidurarako sistemen bermeak indartzea, eta hondakin uren saneamendua osatzea». «Egindako inbertsio materialari eta giza inbertsioari esker, gure ibaien osasuna eta gure etxeetara iristen den uraren kalitatea gainerako erkidegoetakoa baino askoz hobea da», adierazi du Asensiok.

Bestalde, ponpaketa putzu bat ere eraiki da, espaloian, San Gregorio kaleko 31 eta 33 zenbakien arteko garajeetarako sarbidearen ondoan. Puntu horretan bertan egin dira sareak bereizteko beharrezkoak diren jarduketa nagusiak. Era berean, San Gregorio kaleko 20 zenbakiko ur beltzak bereizi dira, errepide orokorrerantz ematen duen aldean.

Bestalde, inpultsio hodia San Gregorio kaleko eskaileretatik joango da, ponpatzeko putzuaren eta Antio hiribidean behera doan kolektorearekiko lotura arketaren artean. Lotura arketa hori San Gregorio kaleko 29 zenbakiko atariaren parean dago.

Ponpaketa putzua kontrolatzeko, armairu elektriko bat eraiki da, San Gregorio kaleko 20 zenbakiko parke txikia mugatzen duen harlangaitzezko hormari atxikita.  Obrak osatzeko, kable elektrikoak eta ponpatzeko seinaleen transmisioak kanalizatuko dira.

 

Antiguako ibilbide paisajistikoa hobetzea Zumarragan

Bestalde, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Zumarragako alkate Mikel Serrano Antiguako ibilbide paisajistikoa hobetzeko lanak ikustera joan dira,  bi erakundeen arteko koordinazio betean eramaten ari diren lanak, hain zuzen ere.

Jarduera hau Klima Aldaketaren Aurkako Borrokaren Gipuzkoako Estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren 3. xedearen helburua da Gipuzkoako azpiegitura berdearen sarea sustatzea eta lurraldea desfragmentatzea. Alde horretatik, bi ekintza zehatz ezarri dira: alde batetik, degradatutako eremuak lehengoratzea eta eremu horiek naturalizatzea bilatzen dutenak, lurraldearen erresilientziari eusteko eta CO2 xurgatzeko ahalmena handitzeko (3.2.2 ekintza); eta, bestetik, hiri azpiegitura berdeak sustatzea, landa azpiegituren osagarri gisa, klima aldaketara egokitzeko neurri gisa (3.2.3 ekintza).

Horrela, bada, klima-aldaketara egokitzeko eta Gipuzkoako udalerrietako azpiegitura berdeak osatzen dituzten eremuak berreskuratu eta balioesteko jarduera zehatzak sustatzeko testuinguru horretan kokatzen da Antiguako Ibilbide Paisajistikoa Hobetzeko jarduketa hau. Guztira, 48.378 euroko aurrekontua du (BEZ barne), eta 5 edo 6 asteko epea, lanak amaitzeko.

Antiguako Ibilbide Paisajistikoaren Hobekuntza Beloki mendiaren naturagunean kokatzen den 5 km inguruko bide zirkularretik abiatzen da. Bide hori Antiguako ermitaren ondoko interpretazio zentroaren inguruan hasten eta amaitzen da, Zumarragako kultura  eta arkitektura ikurra baita. Beraz, ibilbideak oso harrera ona du eta udalerriko nahiz beste jatorri batzuetako herritarrek maiz erabiltzen dute.

Natura, paisaia, jolas eta gozamen balioa eta ingurunearen ezagutza balioa aintzat hartuta, jarduketak bidezidorraren zoladura hobetuko du, herritar guztien joan-etorrietarako irisgarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko (higatutako eremuak finkatzea eta bidezidorreko drainatze sarea eta kutxatilak hobetzea), hainbat lekutan zuhaitzak landatuko dira,  eserleku ugari jarriko dira, eta lau egote-eremu txiki sortuko dira,  plaza natural txikien izaera izango dutenak, ibilbidean zehar banatuta. Jarduketa guztiak esku-hartze bigunekoak izango dira, eta elementu naturalak erabiliko dira, hala nola eserlekuak, mahaiak, zuhaitzak, zuhaixkak, landareak eta izaera naturaleko seinaleak.

Ibilbidearen egoera baliatuz, Antiguako ermitaren eta haren interpretazio zentroaren kanpoaldean eta aire zabalean luzapen gisa edo erantsitako gela gisa planteatzen dira egonlekuak. Horregatik, zona bakoitzaren izaera estetikoa lotuko da Zumarragako iragan historikoaren bereizgarri diren lau ezaugarri nagusirekin  (Antiguako ermitaren egitura bitxia, Urolako trena, industria-iragana -Orbegozo, Zaldua, eta abar- eta saskigintza edo zume lanketaren iragana).

Azken batean, jarduerak ingurunearen erresilientziari eustea eta CO2 xurgatzeko ahalmena handitzea ahalbidetuko du, bai eta hainbat zerbitzu ekosistemiko eskaintzea ere, ingurunearen natura eta paisaia kalitatea handitzeaz gain, biztanleriaren ongizatea zein bizi kalitatea goratzeko nahiz osasun indizeak hobetzeko, eta pertsonen naturarekin berriro konektatzeko,  Zumarragaren kultura eta historia nortasuna aitortzearekin batera.

 

  

1605