17 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin
17 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin
Foru erakundeak 735.410 euroko laguntza eta aholkularitza teknikoa emango ditu proiektu horiek garatzeko, belaunaldi aldaketa xedetzat hartuta.
Gipuzkoako 17 gazte lehen sektorean hasiko dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Horretarako, Aldundiak dirulaguntza deialdia egin du, 40 urtez azpiko nekazariek enpresa berriak sor ditzaten: 13 gazte lehendik abian ziren ustiategien kargu egingo dira, eta 4k, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte. Foru Aldundiak 735.410 euro bideratuko ditu 2022an programa honetara, ongi prestatu eta kualifikatutako gazteak jarduera hauetan has daitezen, belaunaldi aldaketa sustatuz, eta garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresa berrien sorkuntza bultzatuz.
“Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorea gabe eta zuek zarete etorkizuna. Ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak, ingurumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak, balio horiei guztiei eutsi ahal izateko”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak Iturraran Parketxean egin den ekitaldian. Ekitaldi horretan egon dira programan parte hartuko duten gazteak, Aldundiko ordezkariak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurunekoko foru diputatu Jabier Larrañaga, Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Xabier Arruti, eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño, nekazari gazteei beren proiektuak aurrera eramaten lagunduko dieten zenbait teknikari eta lehen sektoreari lotutako hainbat eragilerekin batera.
Aurten ere, topaketa hau sektorean lanean hasiko diren gazteei aitortza egiteko, eta haiekin sektorearen etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko helburuarekin antolatu da. Hori horrela, Aldundiak espresuki adierazi die bere babesa lehen sektoreko ekintzaileei, gure lurraldeak landa inguruneari eta landa inguruneko jarduerari ematen dion balioan azpimarra jarriz. Solasaldi emankorra izan da, eta gazteen eta lehen sektoreko eragileen ekarpenak, gogoetak eta proposamenak jaso dira bertan. “Egin duzuen apustuak merezi du horren berri ematea eta gure aldetik gogor lan egingo dugu lehen sektorea bistaratu eta sustatzeko, guztion artean eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan sektorea indartsu eta osasuntsu izan dadin”, azpimarratu du Jabier Larrañagak.
Deialdira aurkeztu diren gazteei dagokienez, bereziki azpimarratzekoa da Gipuzkoako eskualde guztietatik datozela aurtengoan, zazpi eskualdeetatik hain zuzen. Proiektuen jarduerari dagokienez, berriz, mahastigintza eta haragi-behiak dira nagusi, baina artzaintza, esne-behiak eta frutagintza ere badira. Horietako zazpik transformazio jarduerak egingo dituzte, eta zortzik ekoizpen ekologikoa. 9 nekazari emakumezkoak dira, eta 8 gizonezkoak. Aurtengoan, onuradunek jasoko duten batez besteko kopurua 43.259 euro da. Bost urtez, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, teknikarien aholkularitza eta laguntza ere izango dute.
2004ean programa hasi zenetik, 306 gaztek hasi dute beren proiektu profesionala programaren laguntzarekin –% 39 emakumeak–. Hala, 188k hasi dute familiartekoen ustiategiak gobernatzen, belaunaldi txandaketa bermatuz, eta 118k, berriz, negozio berriak irekitzen. Azpimarratzekoa da ustiategien arrakasta ehuneko handia, haien % 90ek beren jarduerarekin jarraitzen baitute, eta uko egin diotenen ehunekoa oso txikia baita. Aipagarria da, orobat, nekazaritza ekologikoaren gorakada, halako 42 ustiategi baitaude 2016az geroztik.
Diputatu nagusiak adierazi du lehen sektorea egituratzearen eta indartzearen aldeko apustua egiten jarraituko duela Aldundiak, sektore honen garapena estrategikoa delako luralderako. “Gipuzkoako jarduera eta bizimodua beti egon da lehen sektoreari lotuta. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ezinbestekoak dira gure lurraldearen garapenerako eta etorkizunerako”. Izan ere, lehen sektoreari esker “lanpostuak eta kalitatezko produktuak” ditugu, baina, horrez gain, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren % 90 kudeatzen du; beraz, “berebiziko garrantzia du landa ingurunearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik, eta baita lurralde orekaren ikuspegitik ere, eta hori inoiz baino argiago utzi digu pandemiak”.
Iparraldera bisita
Aurten gainera, berrikuntza moduan, Iturrarango ekitaldiaren ondoren, azken urteetan sektorera salto egin dute hainbat gaztek, hauen monitoreek eta Aldundiko zuzendari eta teknikariek Iparraldera bisita egin dute. Bi eguneko egonaldia burutuko dute eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kideekin batera Bunuze, Gamarte eta Irisarriko hainbat gazteren ustialekuak ezagutuko dituzte (baratzagintza, artzantza, esne-behiak eta txerrien hazkuntza besteak beste) Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendariak gazteek elkar ezagutu, harreman-sareak sortu eta dinamikak lantzearen garrantzia azpimarratu du: “Enpresa-proiektu berriei ilusioz helduko dieten gazte ekintzaileak behar ditugu sektorean, erreleboa bermatuko duten gazte ekintzaileak, baina hori bezain garrantzitsua deritzogu erronkei elkarturik aurre egingo dien Gipuzkoako gazte nekazarien harreman-sare sendo bat izatea. Hori da irteera honen helburu nagusia”.
Gaztenek Berri
Ia hogei urteko ibilbidearen ondoren, egitasmoaren analisi bat egin da, eta orokorrean emandako emaitzak onak badira ere, hobetu daitezken arloak identifikatu dira. Hori horrela, berrikuntza batzuk txertatu dira; horien artean aipatzekoa da, lidergoa, ekintzailetasuna, digitalizazioa eta berrikuntzan sakontzeko helburuarekin, Mondragon Unibertsitateko Leinn graduko hainbat ikasgai izango dituztela Gaztenek programako onuradunek. Gaztenek Berri deitu zaio programari, eta aurtengo ikasturtea esperimentazio eta trantsizio urtea izango bada ere, hurrengo ikasturtetik aurrera sartuko dira indarrean behin betiko aldaketak. Berrikuntzen helburua lehen sektorera datozen gazteek etorkizuneko merkatu aukerak aprobetxatu eta erronkei aurre egiteko formatzea da. Programa astelehenean aurkeztu zen Mondragon Unibertsitatean, Oñatin.
3476