Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 172 pertsonek eta 61 haurrek parte hartu dute Gipuzkoako Harrera Familien XVI. Topaketan

172 pertsonek eta 61 haurrek parte hartu dute Gipuzkoako Harrera Familien XVI. Topaketan

Maite Peña: “Sare sozialen bidez egindako “Benetako besarkadak” kanpainak arrakasta izan badu ere, oraindik dei gehiago behar ditugu”

Aldundiak eta Beroa–Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak antolatuta, 172 pertsonek eta 61 haurrek (zaintza zerbitzuko ekintzetan) parte hartu dute gaur goizean Gipuzkoako Harrera Familien XVI. Topaketan, Donostian. Aurtengo topaketak bat egin du “Benetako besarkadak” kanpainarekin, urrian abiarazi zenarekin. Horren harira, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi duenez, “oraindik 60 haur eta nerabe daude familia baten zain”. Kanpaina sare sozialetan arrakasta izaten ari bada ere (86.597 pertsonengana iritsi da eta 38.347 interakzio izan ditu) “oraindik dei gehiago jaso behar ditugu, zeren informazioa lortzeko deiak jasotzeak ez baitu esan nahi interesa duen familia batek gero aurrerapausoa emango duenik”. Kanpainaren helburua da familia-harrerari buruzko ezagutza zabaltzea Gipuzkoako gizartean, eta ahaleginak egitea gero eta familia gehiagok bere burua eskain dezan Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden haurrak zein nerabeak hartzeko. 

Gaurko topaketa hauek aukera ezin hobea eskaini dute Familia Harrera baliabidearen prozesuan parte hartzen dutenen arteko harremanak sendotzeko, bizi esperientziak elkar trukatzeko eta partekatzen dituzten jomugak elkarrekin finkatzeko.  Aurten, heziketa-eremuan murgildu nahi izan dute eta honek duen garrantzia hausnartu. Horren baitan Arantza Belasteguik hitzaldia eskaini du “Eskola eta harrera familiak: bere beharretan elkartuak”.

Bere parte hartzea amaitzeko, Maite Peñak nabarmendu du Gipuzkoan “badugula familia kopuru handi bat (360 harrera familia daude jada), bere etxeko ateak zabaldu dituena, bere beharrean dauden haurrak hartzeko”, eta Aldundiaren tutoretzapean dauden sei urtez beherako haur gehientsuenak “harrera-familiaren batean daudela”. Hala ere, berretsi du “oraindik 60 harrera familia behar direla beste hainbeste ume eta nerabeentzat”.  Afrikako esaera zahar bat ekarri du gogora: “Haur bat hezteko, tribu osoa behar da”. “Izan ere, José Antonio Marinak dioenez: “Denok gara erantzule gure gizataldean hazten diren haurren heziketaz, eta, denok bete behar dugu geure betekizuna, eta bizitzen irakatsi, norberak gizartean duen bere lekutik”, azaldu du diputatuak.

 

“Denok gara erantzule gure gizataldean hazten diren haurren heziketaz, eta, denok bete behar dugu geure betekizuna, eta bizitzen irakatsi, norberak gizartean duen bere lekutik”
  

2108