Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2.000 lagun baina gehiagok parte hartuko dute Aldundiak sustatutako kontziliazio proiektuetan

2.000 lagun baina gehiagok parte hartuko dute Aldundiak sustatutako kontziliazio proiektuetan

Markel Olano diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan berdintasuna sustatzeko 20 esperientzia pilotuetako bat bisitatu du gaur

“Urte bukaerarako 2.000 lagun baina gehiagok parte hartuko dute berdintasuna sustatzeko Aldundiak martxan jarritako kontziliazio proiektuetan, eta legealdia agortu bitartean kopuru hori handitzen joatea espero dugu”. Helburu hori adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak Ikusi enpresara egin duen bisitan, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan berdintasuna sustatzea helburu duten esperientzia pilotuetan parte hartzen ari diren 20 enpresetako bat.

Olano, Miren Elgarresta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoaren zuzendaria eta Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategiako zuzendariarekin batera, Ikusi bisitatu du gaur, enpresa ezagutu eta babesa adierazteko helburuarekin. Donostiako enpresa hau bere esperientzia pilotua definitzen ari da bertako 294 langileen artean kontziliazio politikak txertatu ahal izateko.

Iñaki Maizek, Ikusi enpresako zuzendari nagusiak, adierazi duenez “Ikusi enpresan ilusio handia daukagu proiektu honekin eta gure konpromisoa irmoa da. Argi daukagu aurretik daukagun erronka garrantzitsua dela eta bide honetan Aldundiak adierazitako babesa eskertzen dugu”.

Enpresaren errealitatea gertutik ezagutu ondoren, Olanok azaldu du Aldundia, lurraldeko hainbat enpresa eta eragilerekin batera, lanean ari dela Gipuzkoa izan dadin, Europa mailan, pertsonen arteko desberdintasun gutxiena duen lurraldea, “eta horretarako ezinbestekoa da emakumeen eta gizonen arteko kontziliazioa eta berdintasuna sustatzea”, erantsi du. Halaber, adierazi du kontziliazio pertsonala eta lan-kontziliazioa funtsezkoak direla sustapen ekonomikoa finkatzeko, kontuan izanik hori dela Aldundiaren helburu estrategikoa.

Etorkizuna Eraikiz ekimenak esperimentazio proiektu desberdinak ditu, eta guztira 3.500 langilek parte hartzen dute bertan; pertsona horien ardura izango da soluzio zehatzak, errealak eta eraldatzaileak identifikatzea eta aplikatzea, Gipuzkoak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Ezarri diren proiektuen artean, kontziliazio eta berdintasunaren alorrean lan egiten duten 20 enpresak daude. Horrela, GipuzkoaLab-ek, gizartearen ordezkaritza organoak,  horietako 10 aukeratu ditu aipatutako eremuan, aurten bertan, lanean has daitezen. Gainerako 10 proiektuak, dagoeneko martxan daudenak, emaitza oso onak lortzen ari dira, eta emaitza horiekin kontrolak egin nahi dira berdintasunaren eta kontziliazioaren alorreko hurrengo politika publikoak ezartzen lagunduko duten neurrien inguruan.

Lehen fasean aukeratutako 10 enpresak Gipuzkoako sektorekako konposizioaren ordezkari dira, proiektuaren azterketa fasean egindako enpresa-erradiografiaren arabera. Enpresa horien hautaketa zehaztasun handiz egin zen, Gipuzkoako enpresa ereduen ordezkaritzat jo daitezkeen enpresa traktoreak hautatzeko eta, ondorioz, gainerako enpresek haiek ordezkari gisa hartzeko. Hauek dira hautatutako enpresak: Alcad, Alcorta, Angulas Aguinaga, Askora, Bera Bera, Ikor, Ikusi, Erreka, Uliazpi eta Gipuzkoako Foru Aldundia bera.
 
Proiektu horiek prestatzeko, lehendabizi enpresen hasierako diagnostikoa egin zen, berdintasunaren eta kontziliazioaren esparruan enpresa horiek dituzten gabeziak antzemateko eta, horrela, bakoitzari hobeto egokitzen zaizkion proiektu pilotuak proposatzeko. Antzemandako gabeziei aurre egiteko, enpresen kudeaketa integrala (laneko antolaketa eta denborak, kudeaketa aurreratuen sistemak, etab.) nahiz sail zehatz batzuen zereginak kontuan hartzen dituzten neurriak hartuko dira.
 
Bestalde, Miren Elgarrestak balioan jarri du, konziliazioa eta berdintasunaren bitartez, langileen ongizatearen alde lan egiteko Ikusi enpresaren konpromiso handia. Adierazi duenez, “talde gisa edota norbanako garapen pertsonalerako ezinbesteko elementuak baitira”. Amaitzeko, Aldundiak udara onartu eta abian jarri zuen Gipuzkoako Kontziliazio Erantzunkiderako I. Foru Plana azaldu du, Etorkizuna Eraikiz proiektua osatuko duena “berdintasun alorrean, Gipuzkoa lurralde aurreratuenen artean kotatzeko” erantsi du.

 

  

1713