Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2,7 milioi bideratuko dira 2018an Gipuzkoako basoak zaindu eta hobetzeko

2,7 milioi bideratuko dira 2018an Gipuzkoako basoak zaindu eta hobetzeko

Basoen kudeaketari lotutako diru-laguntzen aurtengo deialdia onartu du Diputatuen Kontseiluak

2018/04/19

Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko 2018ko urterako diru laguntzak onartu ditu aste honetan Diputatuen Kontseiluak.  2.800.000 euro bideratuko ditu Aldundiak guztira, hainbat jarduera bultzatzeko: azpiegiturak egitea basogintza garatzeko, modernizatzeko edo egokitzeko;  baso-sartzea eta baso azalera sortzea; nekazaritza eta basogintzako sistemak ezartzea; suteek, natur hondamendiek eta zorigaitzei aurre egiteko prebentzioa, eta horiek eragindako kalteen konponketa; baso-ekosistemen egokitzeko gaitasuna eta ingurumeneko balioa handitzeko inbertsioak; pinudi zaharrak moztea, izurriteak edo gaixotasunak saihestuz, edota  baso-ingurumeneko zerbitzuak, klima zerbitzuak eta basoen zaintza.

Lasak argitu duenez, basoek “onura ugari” sortzen dituzte. “Batetik, produktu berriztagarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak egiteko beharrezko lehengaiak eskaintzen dizkigute eta, bestetik, zeregin garrantzitsua betetzen dute ongizate ekonomikoari, dibertsitate biologikoari, karbonoaren ziklo osoari, oreka hidrologikoari, higaduraren kontrolari eta hondamendi naturalen prebentzioari dagokionez; horiez gain gizarte eta aisialdiko funtzioa ere betetzen dute”.

Hori dela eta, beharrezkotzat jo du mendien funtzio ekonomikoak, ekologikoak eta sozialak “modu iraunkorrean mantendu eta garatzearren” hainbat inbertsio, ekintza edo lan egitea, sektorea babestuz. Gaur egun, 9.000 baso jabe inguru daude Gipuzkoan, lurraldean dagoen baso masaren %80 zaindu eta kudeatzen dutenak. Masa horrek lurraldearen azaleraren erdia baino gehiago hartzen du: “Sekulako garrantzia dauka egiten duten lanak, lanpostuak sortu eta landa eremua mantentzen dutelako. Gure konpromiso osoa edukitzen jarraituko dute”.

Azken deialdiek eduki duten erantzun ona ikusita, aurten dotazio ekonomikoari eutsi zaio, eta iazkoan bezala, epeak ere nabarmen aurreratu dira, eskaerak errazteko. Dagoeneko argitaratu dira oinarriak GAOn,  onuradunek bete beharreko baldintzak, mendien ezaugarriak, eta abar zehaztuz.

12 plaza berri

Era berean, Kontseiluak erabaki du indartzea Goyeneche Fundazioarekin sinatutako kontratu programa, adimen urritasuna eta/edo buruko gaixotasuna duten pertsona desgaituentzako eguneko arreta eta jarduerak eskaintzeko. Hain zuzen ere, 80.515,96 euro gehiago bideratuko ditu zerbitzu horietan dagoen eskaerari aurre egiteko. ‘Garagune’-etan hitzartutako plazen kopurua 12 plazatan gehituko da, 2018ko maiatzaren 2tik aurrera, eta baita familien atseden plazak -12 plaza gehiago-, abuztuko 15 egunetan zehar.

Neurri horrekin, ‘Garagune’-etako plazen eskaintza 210etik 222ra handituko da. Instalazio horietan, eguneko arreta zerbitzuak ematen zaizkie desgaitasun intelektuala duten pertsona helduei, gizarte inklusioaren alde eginez. “Pertsona hauek lehen mailako herritarrak izan behar dute, berdintasuneko egoera batean, eta beste guztiok ditugun eskubide berdinekin. Eta horretarako, ezinbestekoa da komunitatearen bizimoduan parte hartu ahal izatea. ‘Garagune’-ei esker, harreman eta lotura sendoak garatzeko aukera dute, pertsona berriak ezagutuz eta komunitatean parte hartuz, baina baita laguntzeko ere, ezin baitugu ahaztu gaitasun handiak dauzkatela”.

Donostiako Goyeneche Fundazioa (FGSS) 1950ean sortutako irabazi asmorik gabeko entitate pribatua da, buruko desgaitasuna duten pertsona helduei arreta emateko hainbat proiektu garatzen dituena. Kualifikazio handiko 50 profesionaletik gora dauzka.

Lasak gogorarazi du Aldundiak hitzartuta dituen lau plazetatik bat, desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dagoela: “Kontzertatutako 9.873 plaza eskaintzen ditugu guztira, eta horietatik 2.544 desgaitasuna dutenei zuzendutakoak dira”. Familien ongizatea bermatzeari ere garrantzi handia eman dio bozeramaileak, “eurek sekulako lana egiten baitute pertsona hauek zaintzeko, eta gure ardura da ere merezi duten atsedena bermatzea. Zaintzailea zaindu esamoldea betetzea da dugun erronka handienetako bat”, amaitu du.

  

1269