Hondakinen prebentzioa eta birziklatzea hezkuntza-eremuan sustatzeko kanpaina
Hondakinen prebentzioa eta birziklatzea hezkuntza-eremuan sustatzeko kanpaina
200 ikastetxek baino gehiagok bat egin dute kanpainaren 8. edizioarekin.
Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak abian jarri du hondakinen prebentzioa eta birziklatzea ikastetxeetan sustatzeko kanpainaren 8. edizioa, non Gipuzkoako 200 ikastetxek baino gehiagok eman duten izena.
Kanpaina horren bidez, ikastetxeek hitzematen dute Departamentuak proposatzen dizkien 23 neurrietako batzuk hartuko dituztela, hiri hondakinen prebentzioari, murrizketari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari dagokienez. Jarduera horiek Departamentuak lagunduak dira, eta eskura jartzen dizkie ikastetxeei hitzemandakoak burutzeko behar duten ingurumen informazioa ez ezik, baita baliabide materialak ere.
Beraz, kanpainaren helburua da ikastetxeei informazioa eta baliabide materialak ematea sortzen dituzten hondakinak 23 neurriren bitartez kudeatu ditzaten. Neurriek helburu hauek dituzte:
- 19 neurri, hondakinen prebentziorako
- 3 neurri, hondakinen birziklatzerako
- 1 neurri, kanpainaren zabalkunderako
Kanpaina horren bitartez, hondakinen kudeaketa zuzen baten garrantziaz eskola-elkartea sentsibilizatzeaz gain, neurri eraginkorrak ezartzen dira ikastetxeek aukera izan dezaten hiri hondakinen prebentzioan eta gaikako bilketan aurrera egiteko.
Izen emandako ikastetxeen artean material hau banatu da: 1.400 kartel eta 10.000 informazio liburuxka, hiri hondakinen prebentzioari eta kudeaketa zuzenari buruzkoak; 17 konpostagailu; 6.500 boc-and-roll (bilgailu berrerabilgarriak, ikasleen hamaiketakoa biltzeko); eta 1.200 edukiontzi baino gehiago, materialak gaika biltzeko: 566, paper-kartoietarako; 581, ontzietarako; eta 78, materia organikorako.
Kanpaina amaitutakoan, Ingurumeneko Departamentuak galde-sorta bana bidaliko die ikastetxeei, kanpainari buruzko balioespena egin dezaten. Horren emaitzak jakitera emango dira, herritar guztiak sentsibilizatzearren; hartara, beren eguneroko ohituretan hainbat jarduera txertatu ditzaten lurralde iraunkor batean aurrera egitearen alde.
Foru Aldundiak hondakinen hierarkia betetzean oinarrituta daraman politikaren helburua da ekonomia sistema aldatzea, hau da, erauzketan, fabrikazioan, erabileran eta ezabaketan datzan ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera igarotzea, zeina gizarte eredu berri batean oinarritzen baita, azken helburua izanik baliabideen erabileraren eraginkortasuna.
Gure gizartea eta gure ingurunea ulertzeko eredu aldaketa horrek eskatzen du gure ohiturak aldatzea, eta horretarako, Departamentuak funtsezkotzat jotzen du txiki-txikitatik zenbait jarduera burutzea ingurumenaren gaineko sentsibilizazio eta heziketa arloetan “zeren eta lurralde iraunkor bat lortzea, hein handi batean, herritar guztiak kontzientziatzearen mende baitago”.
1386