Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2015ean gaikako bilketa 5,5 puntu hazi da Gipuzkoan

2015ean gaikako bilketa 5,5 puntu hazi da Gipuzkoan

Jose Ignacio Asensiok 2015eko gaikako bilketa eta birziklapen datuak jakinarazi ditu gaur,

2016/02/21

• Gipuzkoako birziklapen tasa %42,4koa da
• Mankomunitate guztiek emaitzak hobetu dituzte
• Beiraren kasuan 2020. urterako Europak ezarritako helburuak gainditzen ditugu eta paperean lortzear gaude
• Gipuzkoak dagoeneko hondakinen sorrera %10ean gutxitzeko helburua bete du
• Bilketa indize kaskarrenak dituzten mankomunitateen emaitzak hobetzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartu du Jose Ignacio Asensiok

Jose Ignacio Asensio, Ingurumen diputatuak, 2015eko gaikako bilketa eta birziklapen tasak jakinarazi ditu gaur, mankomunitateek emandako datuak jaso ostean. Datu hauek, Aldundiko teknikariek aztertu eta landu dituzte, zorroztasun tekniko eta irizpide homogeneoen arabera.
Asensiok datuak oso positiboki baloratu ditu, hondakinen bilketa eta birziklapenaren hobekuntza nabarmena adierazten dutelako. Herritarren konpromiso eta kontzientziazio maila erakusten dute ere. Gipuzkoako birziklapen tasa %42,3koa da. Europak 2020. urterako ezarritako helburua %50koa da. Beraz, Gipuzkoa helburua lortzeko %7,7ra dago.
Ingurumen diputatuak ordea, erne egoteko beharra adierazi du. “Hondakinen bilketa eta birziklapen kota nabarmena lortu dugu eta frakzio batzuetan Europak 2020. urterako ezarritako helburuak gainditu ditugu, baina herritarren kontzientziazioa bultzatzen jarraitu behar dugu birziklapen emaitza handiena lortzeko, bio-hondakinaren eta ontzien bilketari arreta berezia jarriz, helburuetatik urrutien dauden frakzioak direlako”.
Frakzioen arteko birziklapen maila ezberdina da. Esaterako, beiraren kasuan, Europak ezarritako %75eko helburua gainditu egin da. %75,3ko emaitza lortu baita.
Papera eta kartoiaren helburua lortzear da, helburua %70ekoa da eta Gipuzkoak %68,3a lortu du. Bio-hondakin eta ontzien emaitzak berriz, ez dira hain onak. Ontzien birziklapen tasa %51,5ekoa baita eta ezarritako helburua %70ekoa. Bio-hondakinaren kasuan, lortutako tasa %28,7koa da eta helburua %50a.
Ingurumen diputatuak beste datu positibo bat azpimarratu du ere, Gipuzkoan azken urtean 5,5 puntu handitu dela gaikako bilketa tasa orokorra, 2014an %43,44tik 2015eko %48,49ko emaitzara.
Mankomunitate guztietan gertatu da hazkundea Sasietan izan ezik, non emaitza mantendu egin den. Mankomunitateen arteko aldea ezarritako bilketa sistemaren ondorioa ez dela azaldu du Asensiok, gaikako bilketa sistema eduki edo ez edukitzeagatik baizik.
Bosgarren edukiontzia, atez atekoa edo sistema mistoa duten mankomunitateen emaitzak argi eta garbi hobeak dira.
Datu hauek direla eta, Asensiok ahalegin berezia egiteko konpromisoa hartu du birziklapen emaitza kaskarrak dituzten mankomunitate zein udalekin. Bosgarren edukiontzia bultzatzeko asmoz eta emaitzak hobetzeko neurriak ezarriz. Aldundiak bere egin ditu Europako erakundeek ezarritako neurriak. “Diputazioak ahalegin berezia egingo du emaitza kaskarrenak dituzten mankomunitateak lagundu eta haiekin elkarlanean aritzeko. Bosgarren edukiontziaren ezarpena bultzatzen jarraituko dugu, bio-hondakinaren birziklapen emaitzak hobetzeko”.
Azkenik, azpimarratzekoa da Gipuzkoak dagoeneko 2020. urterako Europak ezarritako helburua bete egin duela. Helburua, 2010. urtearekin alderatuz, hondakinak %10ean gutxitzekoa da. Orain dela bost urte 339.074 tona urteko sortzen genituen eta 2015.ean berriz, 297.172 tona sortu dugu.

 

  

1606