2017ko Errenta kanpainarako 85 teknikarirekin indartuko du Aldundiak bere lan taldea
2017ko Errenta kanpainarako 85 teknikarirekin indartuko du Aldundiak bere lan taldea
174 lagunek parte hartu zuten lan poltsarako Kursaalen asteartean eginiko azterketetan
Ogasuneko erdi mailako teknikarientzako antolatutako lan poltsaren azterketak egin dira aste honetan Donostian, Kursaal aretoan. Poltsak aldi baterako izaera edukiko du, eta aukeratutako pertsonek 2017ko Errenta kanpainaren programaren garapenean parte hartuko dute, eginbehar teknikoetan, herritarren arretan, edo zalantzak argitzen, besteak beste. 174 lagunek parte hartu zuten asteartean egindako probetan, izena emanda zeuden 330etatik.
Neurri honekin, Aldundiak erantzuna ematen dio Ogasun eta Finantza departamentuan, zerga aitorpenen tramitazioa dela-eta, sortzen den personal beharrari, modu horretan herritarren arreta “arin, eraginkor eta kalitatezkoak” bermatuz, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratutakoaren arabera: “Gipuzkoarrek oso ondo baloratzen dute ematen dugun zerbitzua, 8,5 batez besteko notarekin, eta hobetzen jarraitu nahi dugu”. Iazko kanpainan, esaterako, zailtasun ertain edo altuko 31.829 telefono dei jaso ziren guztira, eta hauetatik 39 bakarrik galdu ziren (%0,1). Itzulketen batez besteko epea 1,6 egunekoa izan zen proposamenen kasuan, eta 1,32 mekanizatuenean.
Hala, aurreikusita dago 85 pertsona inguruk Ogasun saila indartzea, apiriletik uztailera, kanpainaren garapena erraztu eta arintzeko. Foru Gobernua, Aldundiaren giza baliabideak sendotze aldera, ezartzen ari den etengabeko hobekuntza prozesuaren baitan kokatzen da neurria.
Proba gainditzeaz gain, aurreko kanpainetako eskarmentua aintzat hartuko da deialdi honetan, azken urteetan bezala. Iazko berritasunari segida emanez, irizpideak sartu dira oinarrietan, pertsona gazteak administraziora erakartzeko asmoarekin. Izan ere, Lasak azaldu duenez, “uste dugu lehen aukera profesional oso egokia dela ikasketak bukatu berri dituzten gazteentzat, baita Aldundiarekin lehen kontaktu gisa ere, aurrerantzean egingo ditugun enplegu publikoko eskaintzei begira eskarmentua pilatu ahal izateko, besteak beste. Erakundeak gauzatu behar duen belaunaldi aldaketa aurrera eramateko, aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu”.
1502