Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2020 urtea galerekin itxi zuten autonomoek jada eska dezakete zergen itzulketa

2020 urtea galerekin itxi zuten autonomoek jada eska dezakete zergen itzulketa

Datorren otsailaren 15era arte egin daitezke eskariak, eta foru Ogasunak epea itxi ostean egingo ditu itzulketak.

2021/01/05

2020ko ekitaldia galerekin itxi zuten Gipuzkoako autonomoek dagoeneko eska dezakete 2019ko errenta-aitorpenean ordaindu zituzten zergen itzulketa, azken urtean galdutakoa konpentsatzea helburu. Carry-back izeneko sistema urtarrilaren 1etik dago indarrean, eta eskaerak otsailaren 15era arte egin ahal izango dira. Behin epea itxita, Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailean bertan egingo ditu itzulketak. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak azpimarratu duenez, neurria “anbizio handikoa" eta "potentea" da, COVID-19 pandemiaren ondorioz gehien kaltetutako autonomoei likidezia injekzio garrantzitsua emango diela aurreikusten baita.

Carry-back-a aplikatzeko eskaera egiteko, horretarako bereziki diseinatutako eredu bat aurkeztu behar da, Gipuzkoako foru Ogasunaren webgunean eskura daitekeena (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/impuestos/modelo/cbk). Inprimaki horretan "2020ko jarduerako errendimendu negatiboak" laukitxoa bakarrik bete behar da. Gainerako eremu guztiak automatikoki beteko dira, 2019ko PFEZren aitorpenetik aterako baitira. Horrela, programak automatikoki kalkulatuko ditu zergadunak 2019an aplika dezakeen kenkaria eta 2020an integratu beharreko errentak. Eredua modu telematikoan aurkeztu behar da, Gipuzkoako Foru Ogasunaren ZergaBidea plataformaren bidez. Horretarako, autentifikazioa behar da (B@KQ, sinadura elektronikoa edo gako operatiboa). Ogasun diputatuak prozesuaren "sinpletasuna" azpimarratu du, zergadunari "ahalik eta erraztasun gehien" eskaintzen dizkiolako.

Peronak azaldu duenez, gaur egun pertsona autonomo askok duten arazoa da ez direla diru-sarrerak lortzen ari, edo dituztenak oso txikiak direla, eta gastuak berdinak edo antzekoak izaten jarraitzen dutela. "Laguntza hau zergadunen kolektibo honi zuzenduta dago zehazki: azken urtean, ez dituzte 2020ko zergak ordaindu behar izan, zatikako ordainketak salbuetsita izan dituztelako eta, orain, carry-back-arekin, aurreko urtean Errenta aitorpenean ordaindu zutena ere itzuliko dizkiegu". Horrela, foru arduradunaren esanetan, Gipuzkoak bere eskumen fiskalak ustiatzen jarraitzen du ekonomia sustatzen laguntzeko eta COVID-19ren krisiaren ondorioak arintzeko.

  

2099