2022an indartu egingo du Aldundiak oinarri teknologikoa duten enpresei eta eraldaketa digitalari zuzendutako laguntza
2022an indartu egingo du Aldundiak oinarri teknologikoa duten enpresei eta eraldaketa digitalari zuzendutako laguntza
2022an indartu egingo du Aldundiak oinarri teknologikoa duten enpresei eta eraldaketa digitalari zuzendutako laguntza
Diputatu nagusiak Gipuzkoako startup-en potentziala azpimarratu du LINQ enpresara egindako bisitan.
Markel Olano diputatu nagusiak, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak eta Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagak LINQ enpresaren instalazioak bisitatu dituzte gaur, eta lan-bilera bat egin dute bertan, enpresako gerente Ibon Iribarrenekin eta bere taldearekin. 2018an sortu zen startup-a, ekoizpen handiko industrien kalitate kontrolaren mundu mailako erreferente bihurtzeko xedez. Bisitan, Aldundiko ordezkariek aurrez aurre ezagutu ahal izan dituzte enpresaren etorkizuneko proiektuak, eta, horrez gain, ekarpenak jaso ditute, Aldundiak lurraldearen sare ekonomikoa indartzeko garatzen dituen laguntza lerroak eta programak aberasteko. Ildo horretan, Olanok iragarri du Aldundiak laster aurkeztuko dituela ekonomia bultzatzeko 2022ko ekintza ildoak, eta aurreratu du “oinarri teknologikoko ekintzailetza eta eraldaketa digitala” bultzatuko dituztela, “funtsezkoak baitira gure industriaren lehiakortasuna sendotzeko eta etorkizuneko ekonomia eraikitzeko, Etorkizuna Eraikiz dinamikarekin egiten dugun apustuaren barruan”.
LINQek ikuskapen ez-suntsitzaile elektromagnetikoa egiten du, fabrikazio prozesuen kalitatea kontrolatzeko, eta ikuskapen makinak eraikitzen ditu hainbat industriatarako, hala nola automobilgintza, industria aeroespaziala, tren industria, industria eolikoa eta abar. Bere eginkizuna da enpresa horiei laguntzea beren osagaien fabrikazioan zero akats egiteko, pieza ferromagnetikoak fabrikatzeko edozein industria prozesutan. Horretarako, metodo ez-suntsitzaileak aplikatzen ditu, piezen propietate mekanikoak (gogortasuna, tratatutako geruzaren sakonera, muga elastikoa, etab.) eta fabrikazio akats jakin batzuk (arrakala artezkatuak, poroak, etab.) detektatzen dituzten teknika elektromagnetikoen bidez.
Gaur egun, pieza horien propietate mekanikoak egiaztatzeko prozesu gehienak teknika suntsitzaileen bidez ebaluatzen dira, eta horrek kostuak eta denborak areagotzen ditu, eta fidagarritasuna murrizten. CEIT zentro teknologikoaren garapen baten emaitza den startup gipuzkoar honen teknologiak aukera ematen du piezen % 100aren kalitate kontrol errentagarriagoa, azkarragoa eta fidagarriagoa egiteko, teknika magnetikoak aplikatuz. Hori horrela, enpresa honen soluzioek interes handia piztu dute eta, ondorioz, hasiberria izan arren, enpresak, zeinak 12 langile baititu, ospe handia du dagoeneko sektorean. Halaber, tresna digital aurreratuak garatzen ditu, ekoizpen instalazioen eraginkortasuna eta errendimendua optimizatzeko, prozesuen automatizaziotik abiatuta.
Enpresak Aldundiaren eta Gipuzkoako Bazkundearen laguntza ekonomikoa izan du, ETEak nazioartekotzeko laguntza programaren bitartez, zehazki, AEBko eta Mexikoko merkatuetan sartzeko. Txekintek foru programaren onuradun ere izan zen 2018an. Iaz, foru erakundeak 903.750 euro bideratu zituen guztira oinarri teknologikoko 48 enpresa martxan jartzen laguntzeko.
Ibon Iribarren gerenteak nabarmendu duenez, “enpresaren bizitzako lehen hiru urte hauetan egin dugun ibilbideak berretsi egiten dizkigu LINQ fundatu genueneko tesiak: gero eta premia handiagoa dago industria global iraunkorragoa lortzen lagunduko duten kalitate-kontroleko soluzioetarako. Testuinguru horretan, apalki uste dugu karta onak ditugula eraldaketa horren parte izateko: teknologia disruptiboa eta esperientzia handia exijentzia goreneko industrietarako makineriaren sektorean. Iaz itxi genituen automobilgintzako bezeroentzako lehen makina-eskaerak Europan eta Ipar Amerikan. 2022ri produktu berritzaileen garapenean eta merkataritza-hedapeneko prozesu sakon batean murgilduta egingo diogu aurre, eta horrek etorkizunari begira oso baikorrak izatea egiten du”.
Olanok esan duenez, berriz, “LINQ enpresaren kasua azpimarragarria da, gure I+G sareak sortzen duen ezagutza ideia enpresarial batera transferitzeari dagokionez, eta baita garapen teknologiko handiaren eta talentu ekintzailearen adibide gisa ere. Gipuzkoan, etorkizun handiko startup berri asko ditugu, industriarako soluzio, zerbitzu eta produktu oso berritzaileak garatzen ari direnak, eta funtsezko zeregina izan dezaketenak, bai gure industria sarearen lehiakortasuna eta bikaintasuna merkatu globalean indartzeko, bai eraldaketa digitalak edo ekologikoak bizkortzeko”. Halaber, adierazi du “LINQ bezalako enpresen ekarpenak ekonomia indartsu eta aurreratua sendotzen laguntzen duela, etorkizun handieneko sektoreetan kokatua, gure oraingo eta etorkizuneko ongizatearen euskarri izan dadin”.
2664