Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2023rako baserri guztiek banda zabal ultraazkarra izatea du helburu Aldundiak

2023rako baserri guztiek banda zabal ultraazkarra izatea du helburu Aldundiak

Azpiegitura hori landa eremu osora zabaltze aldera, lan saioa egin da gaur lurraldeko 85 udal ordezkarirekin.

Foru Aldundiak antolaturik eta Gipuzkoako udalei zuzenduta, banda zabal ultra azkarraren inguruko lan jardunaldia egin dute gaur goizean Tolosako Udaleko Pleno Aretoan. Bertan, Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Eremuko diputatua, bere departamentuko arduradunak, eta lurraldeko udalerrietako eta landa garapen elkarteetako 85 ordezkari batu dira. Horien artean, herri hauetako alkateak: Tolosa, Beasain, Urnieta, Zerain, Altzaga, Ataun, Ikaztegieta, Asteasu, Legazpi, Soraluze, Aia, Oiartzun, Alkiza, Mendaro, Errezil, Bidania, Zegama, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Amezketa, Abaltzisketa, Aretxabaleta, Oñati, Bergara, Beizama, Legorreta, Zizurkil, Zaldibia, Ormaiztegi, Mutriku, Olaberria, Arama eta Ibarra.

          Olatz Peon Tolosako alkateak eman dio hasiera lan saioari, eta jarraian Markel Olanok hartu du hitza. Gipuzkoa desberdinkeriarik gutxieneko lurraldeen artean kokatzeko ahaleginean, Aldundiak lurralde orekaren alde lanean diharduela gogorarazi du, eta landa eremuan bizi direnen bizi baldintzak hiriguneetako bizilagunen parekoak izateko “konpromiso irmoa” berretsi du. LandaGipuzkoa egitasmoak bateratzen ditu apustu politiko horretan Aldundia egiten ari den ekintza sorta, eta erronka nagusienetako bat banda zabal ultraazkarra Gipuzkoako landa eremura zabaltzea da. 

Ahalegin horretan, deialdi berezia abiarazi zuen Aldundiak 2018. urtean,  2.356.000 euroko inbertsioarekin, eta horri esker, gaur egun, herri txikietako 2.000 baserrik konexio ultraazkarra dute.  Onuradunak, 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako herriguneetatik 2 kilometrora baino gertuago kokaturiko baserri, etxebizitza eta nekazari-instalaziotako bizilagunak izan dira. Aldundia digitalizazioaren alde egiten ari den “apustu sendoa” nabarmendu du Olanok, gaineratuz, erronka zaila izan arren, foru erakundea bere hitza betetzen ari dela.

Bide beretik sakonduz, asmo handiko helburua ezarri du Diputatu Nagusiak legealdi honetarako: 2023ko, Gipuzkoako landa eremuko baserri guztietara banda zabalarekin heltzea, baserria edonon egonik ere, eta diskriminaziorik ez egitea, ez teknologia mailan, ezta prezioan ere. Landa eremuko biztanle gehienek hiriguneetan bizi diren pertsonek dituzten bizitzeko eta lan egiteko baldintza berak izatea bilatu nahi da, “hiriguneen mailako zerbitzu eta ongizatea sustatuz, eta landa ingurunea erakargarri izan dadin, biztanlegoari eutsiz. Horrek esan nahi du, besteak beste, Errezilen bizi denak Donostiako Avenidan bizi denaren pareko internet konexioa edukitzea. Horretan dihardugu”.

Banda zabal ultraazkarra landa ingurune osora zabaltzeko, ordea, lan handia dago egiteke oraindik. Diputatua Nagusiak emandako datuen arabera, herri txikietan oraindik 1.200 baserri inguru gelditzen dira konektatzeke, eta gainontzeko herrietako landa ingurunean, berriz, beste 4.000 baserri inguru. Aldundiak “anbizioz” jokatuko duela iragarri du, datozen urteetan esparru horretara iristeko, eta aditzera eman du aurten bertan bi deialdi aterako dituela helburua betetzeko.

Deialdiek arrakasta edukitzeko, ordea, ezinbestekotzat jo du udalen lankidetza, bai kudeaketa lanetan eta baita finantzaketan ere, “konplexutasun tekniko, administratibo eta ekonomiko handiko” proiektua dela argudiatuta. Hala, gaur Tolosan egindako lan jardunaldian, sarea hedatzeko egitasmoaren inguruko azalpen guztiak eskaintzeaz gain, elkarlanerako deia azpimarratu nahi izan dute Aldundiko ordezkariek. Imanol Lasa Diputatuak gaineratu du “galdu ezineko aukera ikaragarria” dela eta hedapen honekin, “Europan aitzindari” izango litzatekeela Gipuzkoa, “landa ingurunean ez baita oraindik horrelako lorpenik egin Europako inongo herrialdetan. Hain zuzen, Korea edo Japonen pare kokatuko litzateke lurraldea”.

Azkenik, galdera erantzunen tartea izan da, eta bertaratuek esperientziak elkarbanatzeko eta zalantzak argitzeko aukera izan dute. Alde teknikoari dagozkion xehetasunak argitzeaz, Iñaki Aizpurua Telekomunikazio ingeniaria eta Manu Luis  abokatua arduratu dira.

Banda zabal ultraazkarraren onurak

Banda zabal ultra azkarraren onuren artean,  interneterako sarrera konexio ultra azkarra (300 mega segundoko), telebistaren definizio altua eta bideozaintza zerbitzua nabarmendu daitezke. Azken horrek, bakarrik bizi eta arreta berezia behar duten pertsonak zaindu ahal izatea ahalbidetzen du, hirugarren adinekoak edo desgaitasun bat duten pertsonen kasuan esaterako. Bestalde, azienda urrutitik zaindu, urrutitik lan egin edo urrutitik gune ezberdinak zaindu ahal izatea ere ahalbidetzen die nekazariei. Aurrerapen esanguratsu horiei esker, orain arte populazio handieneko inguru eta landa eremuaren artean egondako eten digitala desagertzen hasi da.

Gainera, konexioak ahalbidetzen du operadoreak etorkizunean eskaini ditzakeen zerbitzu berrien bilakaerari euskarria ematea, hala nola multimedia zerbitzu berriak. Gipuzkoako banda zabal ultra azkarraren zabalkundea aitzindaria da Europan eta proportzionalki Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia baino aurrerago kokatzen da lurraldea dagoeneko.

  

2407