2024ko Ondarearen Europako Jardunaldiak: “Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura”
2024ko Ondarearen Europako Jardunaldiak: “Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura”
Ondarearen Europako Jardunaldien IX. edizioa urriaren 2tik aurrera ospatuko da Gipuzkoako 31 udalerritan.
- Goizane Álvarez: «Jardunaldi hauek aukera bikaina dira ondarea berraurkitzeko, balioan jarrita ondare aberastasuna eta pertsonak orainarekin konektatzen jarraitzeko duen gaitasuna».
- Bisita gidatu, erakusketa, kontzertu edo tailerren bidez erakutsiko dute nola trukeak eta bideak joan diren lurraldeko ondarea eraikitzen.
- Jarduera programak braillez inprimatutako QR kode bat dauka, jardueren ibilbidea formatu irisgarrian deskargatzeko aukera ematen duena.
Gaur goizean, Kulturako diputatu Goizane Álvarezek Ondarearen Europako Jardunaldiak aurkeztu ditu, "Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura" izenburupean, aurtengo jardueren hainbat antolatzailerekin batera: Anton Mendizabal Cristóbal, Artikutzako Trenaren Lagunakeko koordinatzailea, eta Izaskun Suberbiola, MATER Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko zuzendaria.
"Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura" programaren baitan, urriaren 2tik aurrera, 109 ekitaldi baino gehiago egingo dira Gipuzkoako 31 udalerritan. Jarduera horiekin erakutsiko da nola historian zehar izandako truke, sare, harreman eta loturek laguntzen duten ondarea eraikitzen, komunitatea ondarearen eragile aktibo gisa aitortuta.Inguruan ditugun kulturen eta gurearen arteko harremanak aztertzeko, aurten ere balioan jarri nahi izan dira Pirinioetako Burdinaren Ibilbidea edo Donejakue Bidea bezalako ibilbide kulturalak.
Jarduera programa hau 47 eragile baino gehiagoren lanaren emaitza da, bat egin baitute Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi bana antolatzeko luzatutako deiarekin. Jarduerek arreta jarriko dute Gipuzkoaren ondare garrantzitsua zabaltzean, bereziki transmisioan.
Hainbat ekitaldi mota izango dira: bisita iruzkinduak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, scape roomak…Parte-hartzaileek jakin ahal izango dute nola trukeek eraiki duten gure lurraldeko kultura ondarea jarduera dinamikoen bidez, eta baita iraganeko tradizioak ezagutu eta Ondarearen Europako Jardunaldien harira aparteko gisa beren ateak zabaltzen dituzten lekuetara sartu ere.
Horri dagokionez, Goizane Álvarez Kulturako diputatuaren hitzetan «aurtengo programan nabarmentzen da Pirinioetarako Burdinaren Ibilbidea.Ibilbide hau kulturek historian zehar izan duten loturaren testigantza bizia da. Gogoratzen digu burdinak eta horren inguruko merkataritzako bideek eraldatu zituztela gure paisaia eta gure nortasuna, eta komunitateen eta lurraldeen arteko loturak sortu zituela. «Jardunaldi hauek aukera bikaina dira ondarea berraurkitzeko, balioan jarrita ondare aberastasuna eta pertsonak orainarekin konektatzen jarraitzeko duen gaitasuna».
Ekitaldien ibilbidea Gipuzkoa Kulturaren webgunean dago ikusgai (www.gipuzkoa.eus/oej ) eta lurraldeko kultur etxeetan eta museoetan eskuragarri dagoen papereko katalogo batean. Era berean, web orri honetan kontsultatu ahal izango dira Euskadin egingo diren programa guztiak: https://www.europako-ondarea.eus/
Ahaztu gabeko ibilbideak
Edizio honetan, ibilbideak eta bideak nabarmentzen dira programan. Oiartzunen, urrian zehar, Artikutzako trenaren ibilbidea ezagutu ahal izango da. Ibilbide hori "bide natural zoragarri baten ardatza" da, eta erakusketen eta hitzaldien bidez haren historia kontatuko da, Anton Mendizabalek adierazi duenez.
Ondarearen interkonexioak itsasoaren bidez ere gertatzen dira. Adibidez, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak antolatutako jarduera honetan, Izaskun Suberbiola museoko zuzendariak azaldu duenez, "itsas kulturaren eta inguruko natura ondarearen arteko lotura biziko dugu". Urriaren 26an izango da, eguerdian, eta bi orduko iraupena izango du.
Ibilbideak ere izango dira programan, hala nola, Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen Gipuzkoako zatia, Europako Kontseiluak 2003an izendatutako Kultura Ibilbidea. Ibilbide horrek aukera ematen du burdinaren historia ezagutzeko paisaian aztarna sakona utzi duen tradizio siderurgiko luzearen testigantzen bidez. Pirinioetako burdinaren ibilbidean integratutako Gipuzkoako zenbait baliabidek programa komuna izango dute 2024ko Ondarearen Europako Jardunaldi hauetan: Aizpeako meategiak Zerainen, Burdinbidearen Euskal Museoa Azpeitian, Irungo Oiasso museoa, Eibarko Eibarko Armagintzaren Museoa, Legazpiko Lenbur Fundazioa, Hernaniko Chillida leku eta Artikutzako trenaren lagunak eta Oiartzungo Udala.
Irisgarritasunari balioa ematen dion programa
Ondarearen Europako Jardunaldiek irisgarritasunaren aldeko apustua egiten dute beti Gipuzkoan. Paperezko programak braillez dagoen QR kode bat du azalean; hala, programa irakurri ahal izateko diseinatu den ibilbidearen PDF irisgarria eskuratu ahal izango dute ikusmen urriko pertsonek eta itsuek. Dokumentu hori Gipuzkoa Kulturaren webgunean ere egongo da eskuragarri, euskaraz nahiz gaztelaniaz.
Bestalde, programako 109 ekitaldiei buruzko informazioan, hirugarren urtez jarraian, irisgarritasun neurriei buruzko argibideak jaso dira (ukipen elementuak, braille, zeinu hizkuntza, irakurketa erraza, azpidatziak, etab.).
Helburua da informazioa ahalik eta argien ematea, eta, horrela, gizarte kolektibo jakin batzuei gure kultura ondareaz gozatzea eragozten dieten oztopoak ezabatzea.
Ondarearen Europako Jardunaldiei buruz:
Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak Foru Aldundiak sustatutako proiektua da. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak elkarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu dira jardunaldiek Euskadi osoan duten eragina indartzeko, ahaleginak optimizatzeko eta esperientziak trukatzeko.
Gipuzkoan, K6 Gestión Cultural enpresaren bulego teknikoak egin ditu programaren inguruko koordinazio lanak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila arduratu da aholkularitzaz, Iñaki Arrieta irakaslearen bitartez.
Era berean, aurten ere, Aldundiko Kultura Departamentuak LEINN graduko Mondragon Unibertsitateko ikasle-talde baten parte-hartzea izan du, programa hori gazteei hurbiltzeko asmoz.
“Kulturaren bideak. Donde conecta la cultura”
109 ekitaldi
Lekua: Gipuzkoako 31 udalerri:
- Alkiza,
- Arrasate-Mondragón,
- Astigarraga,
- Azpeitia,
- Bergara,
- Donostia-San Sebastián,
- Eibar,
- Elgoibar,
- Errenteria,
- Ezkio-Itsaso,
- Getaria,
- Hernani,
- Hondarribia,
- Idiazabal,
- Irun,
- Lazkao
- Legazpi,
- Leintz-Gatzaga,
- Oiartzun,
- Oñati,
- Ordizia,
- Ormaiztegi,
- Pasaia,
- Segura,
- Soraluze
- Tolosa,
- Urnieta,
- Urretxu,
- Usurbil,
- Zerain,
- Zumarraga.
Ekitaldi-mota: erakusketak, bisita iruzkinduak, tailerrak, hitzaldiak, scape roomak, kontzertuak...
Prezioa:gehienak doakoak dira. Kontsultatu jarduera bakoitza.
Norentzat: pertsona guztiak, familiak, haurrak, eta ikusmen desgaitasuna, desgaitasun kognitiboa, desgaitasun fisikoa nahiz entzumen desgaitasuna dutenak.
Gipuzkoako jarduerei buruzko informazio gehiago:
Euskaraz:
oraindik ez daukagu
Gaztelaniaz:
oraindik ez daukagu
4922