205 foru langile hasi dira telelanean Gipuzkoako Foru Aldundian, modalitate mistoan
205 foru langile hasi dira telelanean Gipuzkoako Foru Aldundian, modalitate mistoan
Asteko hiru egunetan etxetik egingo dute lan, eta beste bi egunetan ohiko lanlekuan; honekin, foru erakundeak jauzi nabarmena eman du arlo honetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko 205 langile hasi ziren atzo telelanean, modalitate misto batean: aurrerantzean, asteko hiru egunetan etxetik egingo dute lan, eta gainerako bi egunetan beraien ohiko lantokitik. Eider Mendoza foru bozeramaileak iragarri duenez, pasa den urtean 16 langile ziren telelanean aritzen zirenak eta, oraingo eguneraketarekin, foru erakundeak “jauzi nabarmena” eman du arlo honetan. “Proposatu dugun sistema misto honek, modalitate presentziala eta modalitate ez-presentziala barne hartzen ditu telelanaren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisiak ekarri duen egoerari lotuta. Aldundiak lan egiteko modu berrietan sakondu nahi duela eta aurreko esperientzietatik abiatuta, telelanean salto kualitatibo bat egin nahi izan dugu”, azaldu du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Gogoratu duenez, pasa den urtearen amaieran onartu zuen foru Gobernuak langile publikoek sistema misto baten bidez zerbitzuak ematea ezartzen duten arauak eta deialdia, eta honi erantzunez batu direla aipatutako 205 langileak telelanera. “Hemen, gogoratu behar da baita ere lanpostu askok ez dutela telelana egiteko aukerarik, beraien lanpostuen ezaugarriengatik; esaterako, suhiltzaileak, egoitzetako langileak, errepidetako mantenua egiten dutenak, herritarren arretarako bulegoak…”, gogoratu du foru arduradunak.
Zehaztu duenez, Atzo bertan hasi ziren langile hauek modalitate honetan lanean, eta ekainaren 30era arte luzatuko da horrela aritzeko epea; hau da, froga moduko bat izango da, Aldundiak modalitate mistoarekin eta telelanarekin esperimentatzeko baliatuko duena. “Aski denbora izango dela uste dugu araudi berria baloratzeko, eta, hala badagokio, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko neurriei buruz indarrean dagoen araudiarekin bateratzeko”, esan du. Izan ere, gaineratu duenez, “mahai gainean jarri dena sekulako erronka da Aldundiarentzat: antolaketa mailan, baliabide mailan, erlazio pertsonal mailan, erakundearekin duten lotura… Eta ondo neurtu behar dira dituen ondorioak”.
Departamentuka, modalitate misto honetan lanean hasi diren kopurua altuena Ogasun eta Finantzetako departamentuan dago, 75 lagunekin. Ondoren, Gobernantza (31) departamentua da langile gehien dituen alorra. Gainera, departamentuetako kopuruak honako hauek dira: Gizarte Politika (29), Bide Azpiegiturak (16), Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola (12), Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa (12), Ingurumena eta Obra Hidraulikoak (11), Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Garapena (10) eta Diputatu Nagusiaren Alorra (9).
Bozeramaileak gogoratu duenez, pandemiaren lehen olatuan, pasa den urteko martxoan eta apirilean, “sekulako erronkari” egin behar izan zion aurre Foru Aldundiak lan egiteko moldeei dagokionean. “2020 hasieran 16 baino ez ziren telelana egiten zuten foru langileak eta, konfinamendu egoerarekin, egun batetik bestera 900 lagun inguru etxetik lanean jarri behar izan genituen”, azaldu du, azpimarratuz emaitza “ona” izan zela, oinarrizko zerbitzuak mantentzea lortu baitzen alternatiba telematikoen bidez. “Behin behineko telelanaren modalitate hau irail hasiera arte luzatu genuen kontziliazio behar bereziak zituzten langileentzat, ahalik eta pixkanaka-pixkanaka aurreko egoera berreskuratu genuen arte”, esan du.
Azkenik, Mendozak eskerrak eman dizkie deialdi honetan parte hartzera animatu diren langile guztiei, hautatuak izan edo ez. “Beraiek egingo duten bidea funtsezkoa izango da Aldundiaren lan egiteko moduen etorkizuna definitzeko”, esan du. Aldi berean, ahalegin honetan parte hartu duten Aldundiko zuzendaritza eta atal guztiei ere eskerrak eman dizkie foru bozeramaileak: funtzio publikoa, zerbitzu orokorrak, IZFE, departamentu ezberdinetan postuen balorazioa egiten jardun duten teknikariak… “Aldundiak fase berri bat hasi berri du eta, elkarlanean eta elkarri lagunduz, ziur nago denon artean etorkizuneko Aldundiaren zutabe garrantzitsuetako bat eraikitzeko bidea hasi berri dugula. Norabide honetan jarraituko dugu, digitalizazioaren alde eginez, lan egiteko modu berriak sustatzen eta garai eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak ustiatzen”, aldeztu du.
Gizarte politikako partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 56 kasu positibo daude gaur gaurkoz, zazpi egoitza ezberdinetan: 2 Hondarribiko San Gabrielen, 12 Irungo Gurutze Gorrian, 15 Donostiako Berminghamen, 15 Aretxabaleta Debagoienan, 6 Irungo Inmaculadan, 1 Zumaiako Otezurin eta 5 Tolosako Iurreamendin. Hauetatik 34 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude, bi gune hauetan artatzen baitira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Azpiegitura hauen helburua da egoitzetatik kasu positiboak ateratzea, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izateko. Abuztuaren 11n atzeman zen bigarren olatuko lehen positiboa eta, ordutik hona, 153 egoiliar hil dira eta 619 sendatu Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
Baliabide hauetako langileen kasuan, egun 46 langile daude diagnostiko positiboarekin, 28 egoitza ezberdinetan. Guztira, abuztuaren 11tik hona, 521 langile sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan, azken astean 4 positibo berri atzeman dira, eta desgaitasuna dutenei arreta emateko sarean beste 9 kasu. Bestalde, positibo berri bat jazo da gizarte inklusioko sarean, eta beste bat adingabeei zuzendutako baliabidetan. Azkenik, PCR frogei dagokionean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 91.110 proba egin ditu guztira, hauetatik 4.880 pasa den astean, egoiliarren eta langileen artean.
1958