219 milioi euro zor dituzten 84 subjektuk osatzen dute Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda
219 milioi euro zor dituzten 84 subjektuk osatzen dute Ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda
Foru erakundeak Gipuzkoako Ogasunarekin 600.000 euro baino gehiagoko zorra dutenen bederatzigarren zerrenda kaleratu du
Gipuzkoako Foru Ogasunak gaur argitaratu du bere zordun handien bederatzigarren zerrenda, guztira 219 milioi euroko zorra duten 84 subjektu biltzen dituena. Plazaratutako zerrendak 2023ko abenduaren 31n Foru Ogasunarekin 600.000 eurotik gorako zorra zuten pertsona fisiko edo juridikoak identifikatzen ditu. Aurreko urteko ekainean argitaratutako zerrendarekin alderatuta, 5 zergadun berri sartu dira, 4,3 milioiko zorrarekin guztira, eta 6 zergadun atera dira 109,7 milioi euro zor zituztenak.
Zerrenda Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke, www.gfaegoitza.eus estekan. Izen hauen plazaratzea foru erakundearen iruzurraren aurkako estrategiaren testuinguruan kokatzen da, eta gaizki ikusiak dauden jokaerak publiko eginez gizartearen gaitzespena lortzea du xede. Beste era batera esanda, foru Ogasunaren helburua zerrenda kaleratuta pedagogia egitea da zerga betebeharrak borondatez betetzearen inguruan eta, era honetara, gizartearen gaitzespena lortu eta zerga iruzurraren aldeko jarrerak eragotzi.
Gaur argitaratu den zerrendak 2023ko abenduaren 31n Ogasunari 600.000 euro baino gehiago zor diotenen identifikazioak jasoko ditu, borondatezko epean daudenak eta geroratuta, zatikatuta edo etenda daudenak salbu. Araudiaren arabera, datorren urtean berrituko da zerrenda, eta erreferentzia eguna aurtengo abenduaren 31 izango da. Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazten zaio, eta honek 10 egun ditu alegazioak aurkezteko. Epe honen ostean, informazioa publiko egiteko akordioa ematen da. Datuen argitalpena euskarri elektronikoetan egiten da eta hiru hilabetez egoten da ikusgai. Gainera, beharrezko neurriak hartzen dira Interneteko bilatzaileak informazio honetara hel ez daitezen.
4700