Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 227,5 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zen 2021 urtean

227,5 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zen 2021 urtean

Zerga administrazioak 97.412 jarduketa egin zituen pasa den urtean alor honetan, pandemiaren iritsiera urtea izan zen 2020an baino %29 gehiago.

2022/03/17

Gipuzkoako foru Ogasunak 227,5 milioi euro azaleratu zituen pasa den urtean, zerga iruzurraren aurkako borrokan egindako jarduketen ondorioz. Azaleratutakoa zergaz zerga xehatuta, 52,7 milioi euro azaleratu ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; 89,6 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 71,7 milioi euro Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta, azkenik 13,6 milioi euro gainerako zergetan. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jokin Peronak azaldu duenez, zenbateko osoa 2020 urtekoa baino zertxobait handiagoa da, zehazki 1,7 milioi euro gehiago (+%0,7) azaleratu baitira. “Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat helburu estrategikoa da zerga ihesa borrokatzea eta, honen harira, alor honetan lanean diharduten pertsona guztiak zoriondu nahi nituzke, pasa den urtean egindako lanagatik”, adierazi du.   

Foru diputatua Gipuzkoak Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin batera. Bertan eman dute pasa den urteko zerga iruzurraren kontrako jarduketaren berri, eta baita ere aurtengo urterako egiaztapen plana gizarteratu dute. “2021 urtea pandemiaren bigarren urtea izan da, ekonomikoki urte ona oro har, baina oraindik ere ezohizko testuinguru batean eman dena”, gogoratu du Peronak, COVID-19 gaixotasunaren oldarraldi ezberdinek gizartean eta ekonomikoan izan duten inpaktua mahai gaineratuz. Hala ere, nabarmendu du foru Ogasuna egoerara egokituta eta normaltasunez aritu dela lanean, baita zerga iruzurraren kontrako borrokari dagokionean ere.

Pasa den urtean egindako esku hartzeei erreparatuta, foru erakundeak 97.412 jarduketa egin zituen, 2020 urtean baino 21.923 gehiago (+%29). Diputatuak gogoratu duenez, duela bi urte beherakada handia jazo zen pandemiaren eraginez, eta orain zifra hau ere normaltasunera itzuli da. Batez beste, egunean iruzurraren kontrako 267 jarduketa inguru egin zituen lurraldeko zerga administrazioak pasa den urtean. Zerga zerga banatuta, 40.240 jarduketa egin ziren PFEZan edo Ondarearen gaineko Zergan; 5.739 Sozietateen gaineko Zergan; 43.414 BEZan; eta 8.020 gainerako zergetan. Guztira, azaleratutako zorra 195,3 milioi eurokoa izan da, gehi beste 18,5 milioi euro interes eta errekargutan eta beste 13,7 milioi euro isunetan.

Egindako jarduketen detailera jaitsiz gero, hiru motatako esku hartzeak aipatu daitezke: informazio lortzera bideratuak, prebentziozkoak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen taldean, aipatzekoa da nazioarteko enpresa multinazional taldeen informazioaren atalean bi espediente likidatu direla, 9,1 milioi euroko iruzurra azaleratuz. Gainera, administrazioen arteko informazio trukaketaren arloan, 8,8 milioi datu partekatu dira Estatuko zerga administrazioarekin eta Araba eta Bizkaiko foru Ogasunekin. Harreman hauei esker, beste 6,6 milioi euro azaleratu ditu Foru Aldundiak. Azkenik, Berehalako Informazio Horniduraren (BIH) bitartez 20,5 milioi faktura jaso dira, eta 6,4 milioi euroko iruzurra atera da argitara.

Prebentzio jarduketen atalean, Peronak gizarteari begira egindako hainbat ekimen nabarmendu ditu. Esaterako, ikastetxetan egiten den unitate didaktikoa: azken ikasturtean, Gipuzkoako 92 ikastetxek hartu zuten parte ekimenean, 3.253 ikaslerekin. Bestalde, pasa den udan egin zen ‘Desberdintasuna eta aldaketa demografikoa Gipuzkoan” uda ikastaroa edota aholkulari eta bitartekariekin egindako urteko foroak ere aipatu ditu. Bestalde, herritarrek aurkeztutako 238 salaketa ere tramitatu dira, eta hauetatik 27 likidazioekin amaitu dira, 2,8 milioi euroko zorra azaleratuz. Azkenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketen atalean, jasotako informazioan atzemandako inkoherentziei jarraiki 16.714 likidazio eta 49 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu dira, eta 2.923 ez aitortzaileri egin zaizkie likidazioak, beste 10,8 milioi euro aurkituz hauetan.

 

Elkarlanean azpimarra

Foru diputatuak beste zerga administrazioekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin duten elkarlanean jarri du azpimarra. Izan ere, Gipuzkoako foru Ogasuna ahalegin berezia ari da egiten dituen informazio iturriak hedatzen jarraitzeko eta, bide honetan, berebiziko garrantzia dute lurraldeko gizarte antolatuarekin zein beste zerga administrazioekin eraikitzen ari den aliantza sareak. Esan duenez, “Ogasunak ezin du isolatuta egin lan, gutxiago alor honetan”. “Beste zerga erakundeekin eta eragileekin sare partekatuak eraikitzen jarraitu behar dugu eta, zorionez, azken urteetan esan dezakegu pausu garrantzitsuak eman ditugula alor honetan. Lan honi esker, zerga iruzurrak baliatzen dituen espazio eta tarteak gero eta estuagoak dira”, nabarmendu du. 

Aurrera begira, Peronak adierazi du informazio iturriak zabaltzen jarraitzen duela Ogasunak, bai beste eragileekin dituen akordioen edota TicketBAI bezalako proiektuen eskutik, eta datu hauek kudeatzeko eta ustiatzeko pertsonetan eta teknologian inbertitzen jarraituko duela dugu. Hala ere, gogoratu du prebentzioa dela iruzurrari aurre egiteko modurik eraginkorrena eta, horregatik, Gipuzkoako foru Ogasunak kontzientziazioaren eta kultura fiskala hedatzearen aldeko egitasmoekin duen konpromisoa berretsi du. “Herrialde aurreratua izan nahi badugu, zerga iruzurrak ezin du tokirik izan gure artean. Eta, hori lortzeko, Ogasunak lanean jarraituko du”, nabarmendu du.

 

2022ko Egiaztapen Plana

Bestalde, aurtengo urteari begiratuta, foru diputatuak gogoratu du agertokia zailtasun ekonomikoek oso baldintzatuta ageri dela, tentsio geopolitikoek edota Ukrainiako gerrak eragindako prezioen gorakada medio. “Beraz, zerga iruzurraren jarduketa egoera honi egokituta egin beharko dugu, baina azpimarratuz inoiz baino garrantzitsuagoa dela iruzurrak dakarren jarrera insolidarioei zilegitasuna kentzen jarraitzea”, esan du. Honela, Gipuzkoako foru Ogasunak pertsonetan, teknologian, kontzientziazioan eta informazioan inbertitzen jarraitzeko asmoa erakutsi du. “2022 urtea egunerokotasuneko arazo eta erronkei erantzuteko urtea izango da, eta baita TicketBAI ezartzen hasiko garen urtean ere, iruzurraren kontrako borrokan sekulako jauzia ematea ahalbidetuko digun baliabidea”, gaineratu du.

Gogoratu duenez, zerga iruzurraren aurkako jarduketak hiru kategoria handitan sailkatzen dira, eta horrela daude jasota 2022ko Egiaztapen Planean ere: lehenik, informazio lortzeko jarduketak; bigarrenik, prebentzio jarduketak; eta, hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen lerroari helduta, informazioa lortzeko jarduketena, hemen jasotzen dira zergen ikuspegitik garrantzia duen informazio lortzera bideratzen diren edozein esku hartze. Arlo honetan, Ogasunak mundu mailan egingo du lan, informazio trukatzeko nazioarteko akordioak ustiatzen eta nazioartean diharduten zergadunak zaintzen, eta arreta berezia jarriko du 2022 urtean indarrean jarriko diren zerga berrietan (zerbitzu digitalen gaineko zerga eta transakzio finantzarioen gaineko zerga).

Honekin batera, informazio iturriak zabaltzeko egingo du lan, esaterako gaineko zerga administrazioekin edo bestelako elkarteekin harremanak sendotuz. Aldi berean, informazio lortzeko beste bide batzuk esploratuko dira (eredu informatiboak, esaterako), eta behar izanez gero informazio bilketa masiboak ere egingo dira. Bestalde, jarduera ekonomikoak dituzten zergadunen etekinen kontrol integrala egitea ere aurreikusten du Ogasunak. Azkenik, kontutan izango da baita ere negozio eredu berrien analisia, ekonomia digitala kasu. “Administrazioak haietan sortzen diren negozio berriak aztertu, ulertu eta haien gainean jardun behar du, haien betebehar fiskalen bidez modu zuzen eta ekitatibo batean ekarpena egin dezaten”, esan du Peronak.

          Bigarren lerroari dagokionean, prebentzio jarduketak, jarduera ekonomikoak egiten dituztenen fakturazioari buruzko informazioa lortzean jarriko du Ogasunak arreta berezia. Horretarako, Berehalako Informazio Hornidura (BIH), TicketBAI eta SILICIE proiektuak izango dira oinarria. Honekin batera, teknologia berriak aplikatuko dira arrisku fiskalen analisia etengabe hobetzeko, Estrategia Teknologikoko Unitatea bultzatzen ari den ekimenen eskutik. Hauen artean, zergadunen arteko harremanak Big Data eta adimen artifizialaren bidez aztertzeko proiektua, eta arriskuen azterketarako ekimena nabarmendu behar dira. Ogasunak unitate didaktikoaren bitartez jarraituko du eskoletan prebentzioa lantzen, eta zerga betebeharrak borondatez betetzeko ekintzak sustatzen eta bideak irekitzen jarraituko du.

          Hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketei dagokionean, enpresa taldeen, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen edota ondare sozietateen kontrolean jarriko da arreta. Aldi berean, behartuta egonda ere zergen autolikidazioak aurkezten ez dituzten zergadunak edota eragiketa bolumenagatik, hainbat zerga administrazioetan aritzen direnak kontrolatuko dira, eta arreta berezia jarriko da edozein irregulartasun aurkezten dutenetan. Puntu honetan, zerga guztietan arituko da foru Ogasuna zerga iruzurraren kontrako lanean.

  

2126