25 kilometro igeri, emakume guztion artean burutzeko erronka
25 kilometro igeri, emakume guztion artean burutzeko erronka
'Emakumeok mugimenduan' ekimenak Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan elkartasunezko erronka batean parte hartzera bultzatzen ditu emakume guztiak larunbatean, arratsaldeo lauretan.
Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak, Joxe Mari Villanueva Tolosako Udaleko Kiroletako zinegotziak eta Noelia Ramajo Gipuzkoako Igeriketa Federazioko lehendakariak, Usabal kiroldegiko igerilekuan larunbatean egingo den emakumeen elkartasunezko erronka aurkeztu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azterlan baten arabera, kirola egiten duten bost emakumetik batek igeri egiten du. Emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak “Emakumeok Mugimenduan / Mujeres y Activas” ekimena sustatzen du.
Egitarauaren barruan programatutako jardueren artean, erronka bat antolatu da Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuan ekainaren 11n, 16:00etatik aurrera. Gipuzkoako Igeriketa Federazioarekin elkarlanean antolatu da ekimena, eta parte-hartzen duten emakume guztien artean 25 kilometro egin behar dira igerian bi ordu baino gutxiagoan. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak nahi adina igeri egin ahal izango du, baina gutxienez ehun metro egin beharko ditu.
Erronkan parte hartzeko, euro bat ordaindu behar da, eta esteka honen bidez izena eman daiteke: https://forms.gle/wF5NDmD4xGcsjWEh7
Igeri egiten ehun metro egiteko gai den edozein emakumek har dezake parte, adina eta forma fisikoa kontuan hartu gabe. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak “Emakumeok Mugimenduan” kanpainaren oroigarri bana oparituko die parte-hartzaileei.
Era berean, “Tolosaldeko Emakumeen Etxea” laster inauguratuko dela aprobetxatuz, eta abian jartzen laguntzeko, bertan egiten den kirolaren bidez emakumea ahalduntzeko lehen proiekturako erabiliko dira bildutako diru guztiak, bai inskripzioagatik bai babesagatik.
Honi dagokionez, Aldundiko Kirol zuzendariak, Goizane Álvarezek, adierazi duenez, “jarduera fisikoa egiteak onura ugari dakarzkie emakumeei, ez bakarrik emakumeen osasunari begira, baita haien integrazioari, autoestimuari eta komunitate-sentimendua sendotzeari begira ere. Onura horiek Gipuzkoako emakume guztien eskura jartzea da gure konpromisoa”.
Joxe Mari Villanuevak, Kiroletako zinegotziak, nabarmendu duenez, “horrelako ekintzak beharrezkoak dira emakumeen kirola ikusarazteko, izan ere, kirola, hezkuntzan eta komunikabideetan duen gaitasunagatik, gizartea aldatzeko motorra da. Gizartearen eraldaketarako, emakumeen jabekuntzarako eta mugimendu feminista sendotzeko tresnak eta guneak jartzen jarraitu behar dugu emakumeen eskura. Eta erronka horrek eta Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeak helburu horiek lortzen eta gizarte berdintasunezkoagoa lortzen lagunduko dute”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Igeriketa Federazioak erronka horretan parte hartzera animatzen dituzte igeri egiten duten emakume guztiak.
Informazio gehiago edo laguntza:
https://sites.google.com/gif.eus/retogif-emakumeokmugimenduan/inicio
Emakumeok Mugimenduan
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak “Emakumeok Mugimenduan” ekimena jarri du abian Emakumea eta Kirola programaren barruan. Emakumeen jarduera fisikoaren garapena sustatu, lagundu, babestu eta azaltzeko, oinarritik hasi eta eliteraino, emakumeen kirola sustatu eta ikusarazteko dinamika, proiektu eta ekimenak garatzen jarraitzeko beharra sortuz eta erakutsiz.
Ekintza bultzatzeko eta mugimenduari jarraipena emateko, “Emakumeok Mugimenduan” aplikazio berria deskarga daiteke esteka honetan:
Aplikazio hau doakoa da ikasle guztientzat, eta hiru zerbitzu eskaintzen ditu: kirol jarduera erregistratzea, beste emakume batzuengan inspirazioa bilatzea eta inguruko baliabideak eskuratzea, aktiboagoak izaten laguntzeko. Mugikorrarekin QR atzemanez ere deskarga daiteke aplikazioa.
Emakumeok Mugimenduan kanpainaren inguruko informazioa:
https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kirolak/emakumeok-mugimenduan
3402