251,3 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen Gipuzkoako foru Ogasunak 2018 urtean
251,3 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen Gipuzkoako foru Ogasunak 2018 urtean
93.867 jarduketa egin zituen pasa den urtean, ia erdia BEZean
251,3 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen Gipuzkoako foru Ogasunak 2018 urtean. Zergaz zerga, 81,2 miloi euro azaleratu ziren Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); 76,4 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 54,3 milioi euro Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; eta 39,3 milioi euro gainerako zergetan. Zenbatekoa aurreko urtekoaren antzekoa da (2,1 milioi baxuagoa) eta, beraz, azken urteetan egonkortu egin da azaleratutako zerga zorra, Enpresak Sustatzeko Sozietateen efektua atzean utzi ostean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko foru diputatu den Jabier Larrañaga Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean agertu da gaur, azken ekitaldiko emaitzen berri emateko, eta baita 2019 honetan zerga iruzurraren aurkako borrokan jarraitzen ari diren lan lerro nagusiak xehatzeko ere. Berarekin izan da Ogasuneko foru zuzendari den Jokin Perona. Biek gogoratu dutenez, zerga iruzurrari aurre egitea foru erakundeak legealdian osoan zehar izan duen helburu estrategikoetakoa izan da eta lau urte hauetan, guztira, 1.077 milioi euro azaleratzea ahalbidetu du.
2018ra itzulita, eta Larrañagak adierazi duenaren arabera, foru erakundeak 93.867 jarduketa egin zituen alor honetan. Zergaz zerga joanda, 36.741 esku hartze egin ziren PFEZan edota Ondarearen gaineko Zergan; 5.323 Sozietateen gaineko Zergan; 43.303 BEZan; eta 8.760 gainerako zergetan. Gainera, foru Ogasunak 9.181 errekerimendu egin zizkien aitortzaile ez direnei, eta 41.598 bahitura eginbide. Ikuskaritzaren lan lerroei dagokienean, bere jarduketek 101,9 milioi euro azaleratzea ahalbidetu zuten, 685 espedienteri dagozkienak. Honela, besteak beste, 8,1 milioi euro azaleratu ziren kaleko jarduketetan, 27,5 milioi beste Ogasunekin dagoen harremanari esker edota beste 0,4 nazioarteko BEZ trametan.
2019ko Egiaztapen Plana
Aurtengo Egiaztapen Planari dagokionean, berriz, Larrañaga eta Peronak azaldu dute hiru direla dituen lan lerro nagusiak: informazio lortzeko jarduketak, prebentzio jarduketak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehenengo atalean, nazioarte mailan informazio trukatzeko hitzarmenen ustiaketan, nazioarteko fiskalitate arloan dabiltzan zergadunen azterketan, zerga administrazio eta beste administrazioekin dauden informazio trukaketa prozesuen egonkortzean eta negozio eredu berrian (merkataritza elektronikoa, txanpon birtualak…) sakonduko da.
Jarduketa prebentiboen arloan, bere aldetik, Larrañagak foru Ogasuna egiten ari den zerga iruzurraren aurkako erreminta hobetzeko teknologiaren aldeko apustuan jarri du azpimarra. Honela, esan du foru erakundeak aurrera jarraitzen duela Berehalako Informazio Hornidura (BIH) edota Ticket Bai proiektuekin, eta Big Data arloko ekimenak dituela martxan. Gainera, zerga betebeharren borondatezko betetzea errazteko programen alde ere egiten ari dela gogoratu du. Bestalde, eskoletan, unibertsitatetan eta Gipuzkoako gizarte antolatuarekin egiten ari diren kontzientziazio ekintza ezberdinen garrantzia ere nabarmendu du. Azkenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketen esparruan, foru diputatuak esan du aurreko urteetako lanari jarraipena emango zaiola, arreta berezia jarriz BEZan.
2562