264.999 euro, Gipuzkoako udalei berdintasuna sustatzen laguntzeko
264.999 euro, Gipuzkoako udalei berdintasuna sustatzen laguntzeko
Diputatuen Kontseiluak zerbitzu hori kontratatzeko prozesua abiatu zuen atzo. Horren bidez, elkarlanerako dinamikak sustatuko dira eta udalerri txikienei lagunduko zaie.
Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako toki administrazioetan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzeko eta indartzeko zerbitzuak kontratatzeko prozesua abian jartzea onetsi zuzen atzo; lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 264.990 eurokoa da eta exekuzio epea 2025eko amaierara artekoa izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Zerbitzu hori Foru Aldundiaren eskumena den berdintasunerako udal politikei laguntzeko esparruan kokatzen da. "Legealdirako diseinatu dugun eta otsailean aurkeztu genuen ibilbide orriaren hiru zeharkako ardatzetako bat da hau, Aldundiaren politika guztien eredu izango dena, desoreka bat baitago oraindik, eta hori landu beharra dago", azaldu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.
Lizitazio honek bi programa biltzen ditu: alde batetik, berdintasuna bultzatzeko egitura egonkorra duten 10.000 biztanletik gorako udalentzako programa dago. Eremu horretako udal teknikariak beren eskumeneko gaiak lantzeko erabiltzen dituzten lanerako espazioen diseinua, plangintza, dinamizazioa, kudeaketa eta sistematizazioa barne hartzen ditu. Prestakuntzaren eta hausnarketa partekatuaren bidez, haien trebakuntza sustatzen duten eta udaletako berdintasun politikak hobetzen eta egokitzen laguntzen duten lan tresnak diseinatzen dira.
Eta beste aldetik, Berdinbidean programa daukagu, arlo honetan azpiegitura egonkorrik ez duten 10.000 biztanletik beherako udalei zuzendua. 2010ean sortu zen eta berdintasunaren alorrean jarduketak diseinatu eta gauzatzeko prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ekonomikoa ematea du xede. Halaber, mintegi kolektiboen bidez, hausnarketa partekatua, prestakuntza eta jardunbide egokien kontrastea egiten da, udal politikak sustatzeko irizpide komunak definituta. Gainera, 2018. urteaz geroztik, orientazio programa berezi bat eskaintzen zaie 1.000 biztanletik beherako udalei.
“Azken batean, baliabide gutxien dituztenei laguntza ematea da helburua, baina baita elkarrengandik ikastea ere, eta Gipuzkoako aniztasuna kontuan hartzen duten eta udalerri bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen diren ekintzak gauzatzea, betiere, kontuan izanda emakumeen eta gizonezkoen arteko benetako berdintasunerako bidean oraindik urrats asko egin behar direla eta ezinbestekoa dela lurraldean ongizate integrala eta justizia bermatzeko”, adierazi du Berasaluzek.
Zaporeak programari laguntzea
Era berean, Kontseiluak erabaki zuen Zaporeak elkarteari 30.000 euroko dirulaguntza ematea fruta eta barazki freskoak erosteko, "Zaporeak elikadura solidarioaren alde lanean" proiektuaren garapenaren barruan. Elkartearen 2024rako helburu nagusiak honako hauek dira: Greziako Lesbos uhartean dagoen Kara Tepe II errefuxiatu esparruan elikagaiak banatzen jarraitzea eta jende gehiagorengana iristea, lekuan bertan lanean jarraituz eta eratutako aliantzei eutsiz, eta euskal herritarrak Greziako migrazio egoerari buruz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea.
Zaporeak elkarteak aipatutako eremuko errefuxiatu zaurgarrienei eguneroko jaten emateko lan egiten du, eta gehienez ere 3.000 pertsonari arreta ematea du xede; horrela, baldintza duinetan elikatzeko duten eskubidea bermatzen da, kalitatezko nutrizioa azpimarratuz, fruta eta barazki freskoak sartuta. "Goraipatzeko moduko lana da, zalantzarik gabe, babesa merezi duena, Gipuzkoaren elkartasun bokazioaren, eta gerratik, indarkeriatik, pobreziatik eta giza eskubideen urraketatik ihes egiten duten pertsona horiekiko konpromisoaren irudi", erantsi du bozeramaileak.
Lesarriko tunela
Azkenik, jakitera eman duenez, etzi, ostirala, 6, AP-1 autobidea itxita egongo da Bergara hegoaldea 135,500 KP eta Maltzaga 146,400 KP artean, Lesarri tuneleko birgaitze proiektuko bigarren faseari hasiera emanez. Behobia noranzko hodia berritzeko lanak egingo dira fase horretan. Itxiera 21:30ean hasiko da Behobiarako noranzkoan eta 22:00etan Gasteizko noranzkoan, eta larunbateko 08:00ak arte mantenduko da. Alternatiba gisa, ibilgailuek GI-627 errepidea erabili beharko dute Bergara hegoaldea eta Eibar artean. Bypassa Gasteizko noranzko tunel berrituan jarriko da,.
Desbideratzea osatuko duten hormigoizko hesiak jarri ondoren, desbideratzea 2025eko maiatzera arte mantenduko da. Tunela berritzeko lanak irailaren 16an, astelehenean, hasiko dira tunelaren itxierarekin. Bitarte horretan, bi noranzkoetako joan-etorri guztiak Vitoria-Gasteizerako noranzko tuneleko bi erreiak partekatuz egingo dira, Behobiarako norabideko hodia birgaitu bitartean.
Lanak bi fasetan egingo dira. Lehenengoan, 2023ko irailetik 2024ko apirilera bitartean, Gasteizerako hodia berritu zen, hodia itxi eta Behobiarako noranzkoan bypassaren bidez desbideratu zen zirkulazioa. Gasteiz noranzko tunela berritu ondoren, bi tunelak irekita egon dira maiatza eta iraila bitartean, udan irteera- eta itzulera-operazioekin sortzen den trafikoa errazteko. Fase honetan, bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak eta Bergarako Ondartza zentroan dauden AP-1 eta A-636 autobideetako trafikoaren jarraipena eta kontrola egiteko sistemak ere berritu ziren.
Lehen fasean egin zuen bezala, informazio-neurriak mantenduko ditu Bidegik gaitasun handiko erabat operatibo den errepidean sor daitezkeen eraginak minimizatzeko. Horrela, obretan dagoen zatira heldu aurretik, erabiltzaileek informazio eguneratua izango dute gerta daitezkeen gorabeherei buruz, AP-1 eta AP-8etan eta autobideetako sarbideetan dauden mezularitza aldakorreko panelen bidez. Desbideratze-tarte horretan, abiadura 60kmh izango da, eta tunelaren barruan, muga 80kmh izango da. Abiadura radarrez kontrolatuko da.
Lesarriko tunela birgaitzeko proiektuaren arabera, barruko instalazioak osorik berrituko dira, eta tunelaren bi hodiei eutsi eta estaltzeko lanak indartuko dira. Hodi horiek 1.200 metroko luzera dute noranzko bakoitzean. Bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak ere berrituko dituzte. Galeria horietako lau, pertsonak ebakuatzeko dira, eta bat larrialdietarako ibilgailuetarako, eta galeria guztiek ureztatzeko ahoak dituzte suhiltzaileentzat. Berrikuntza teknikoaren zatian, luzetarako eta galerietako 20 haizagailuak berrituko dira, baita horien suebaki-uhateak ere. Argiztapenerako, egungo argien ordez LED teknologiako argiak jarriko dira. Bidegik 19.688.000 €+BEZ inbertituko ditu guztira bi hodiak birgaitzen 24 hilabeteko epearekin.
3128