265 milioi euro itzultzea espero du Gipuzkoako foru Ogasunak 2018ko Errenta kanpainan
265 milioi euro itzultzea espero du Gipuzkoako foru Ogasunak 2018ko Errenta kanpainan
250.966 autolikidazio proposamen bidaliko ditu foru erakundeak, eta datorren astelehenetik aurrera onartu ahal izango dira
265 milioi euro itzuli eta 256,5 milioi euro jaso. Horiek dira Gipuzkoako foru Ogasunak gaur aurkeztu duen 2018ko Errenta kanpainarako aurreikusten dituen zenbatekoak. Horrela, eta betiere aurreikuspenen arabera, 8,5 milioi euroko saldo negatiboa izango luke kanpainak, pasa den urteko zenbatekoa 13,3 milioitan hobetuz. Ekonomiaren egoera onarekin azaldu du hobekuntza Jabier Larrañaga, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak. Ondarearen gaineko Zergak, bere aldetik, 63,9 milioi euro bilduko lituzke, hau da, 2015 eta 2018ko erreformen aurreko zergak baina 4,9 milioi euro gehiago.
Larrañaga hedabideen aurrean agertu da gaur goizean kanpainaren nondik norakoak azaltzeko, Jokin Perona Ogasuneko zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera. Foru erakundeko arduradunek adierazi dutenez, gaurtik daude ikusgai proposamenak web orrian, eta asteazkenean hasiko dira bidaltzen. Gaur zortzi, apirilaren 8tik aurrera, onartu ahal izango dira. Errenta mekanizatuari dagokionez, Ogasuneko bulegoetan egiten diren aitorpenak, apirilaren 12an irekiko da hitzordua hartzeko epea, eta 15ean hasiko dira aitorpenak aurkezten. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 17tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Uztailaren 1ean itxiko da Errenta kanpaina.
Foru diputatuak, bere hitzaldian, eskerrak eman dizkie herritarrei zerga betebeharrak zuzentasun osoz betetzeagatik, eta gogoratu du zergen bitartez egiten diren ekarpenak daukagun ongizate mailari eusteko ezinbesteko baliabideak direla. “Honela finantzatzen ditugu gure zerbitzu publikoak, gure ongizatearen oinarria direnak”, esan du Larrañagak, aurtengo kanpainako leloari erreferentzia eginez: “Zure ekarpena, guztion ongizatea”. Esker oneko hitzak izan ditu baita ere kanpaina honetan lanean ari diren foru Ogasuneko 120 langileentzat, urtez-urte egiten duten lan ona goraipatuz.
2018ko kanpainak dakartzan berritasunen inguruan, Larrañagak araudian jarri du azpimarra. Nabarmendu dituen neurrien artean dago oinarri likidagarri orokorrari aplikagarri zaion eskalaren deflaktazioa. Beste era batera esanda, PFEZaren zatiei inflazioa aplikatzean datza neurri hau, KPI eta soldata berdin igo badira zergadunak ez ditzan zerga gehiago ordaindu (zeren eta horrek soldata haztea bakarrik esan nahi du, ez erosteko ahalmena). Gainera, berritasunen artean aipatu ditu baita ere gazteen alokairuaren kenkariaren indartzea, ezaguna den amatasun eta aitatasun prestazioan salbuespena eta, azkenik, kenkari berri bat, hazteko potentzial handia erakusten duten entitateen finantzaketa sustatzeko.
Arauditik at, aipatzekoa da baita ere aurtengo kanpainan telefono berria estreinatuko duela Ogasunak: 943 113 000. Azkenik, aitorpena euskaraz aurkezteko gonbita egin die Ogasuneko diputatuak herritarrei. “Euskarazko aitorpenak oraindik ere gutxiengoa dira. Beraz, hemendik herritarrak animatu nahi ditut pausu hori ematera”, esan du, gogoratuz Ogasunaren partetik bai langileak zein euskarri informatikoak “horretarako prest daudela”.
Errenta
Kanpainaren zenbatekoei eutsiz, eta autolikidazio proposamenei dagokionez, 250.966 egin dira, pasa den urtean baino 1.844 gehiago. Hauetatik 167.174 itzultzera dira, eta beste 83.792 ordaintzera. 297.509 zergadun gipuzkoarri eragiten diete edo, beste era batera esanda, aitorpen guztien %66,5 dira. Foru arduradunek gogoratu dute proposamena jaso ostean onartu egin behar dela, eta horretarako bi bide daudela: aipatutako 943113000 telefonoan edota www.gipuzkoa.eus/ogasuna/propuesta web orrian. Proposamena zenbait aldaketekin ere onartu daiteke: etxebizitzen alokairuen etekinak, lokalen alokairuen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria, dohaintzen kenkaria eta sindikatuen kuoten kenkaria.
Aurreikuspenen arabera, 380.000 aitorpen espero dira, pasa den urtean baino 2.611 gehiago. “Hirugarren urtez jarraian hazten da aitorpen kopurua eta hau ere adierazle positiboa da”, azaldu du Larrañagak. Hauetatik gehienak autolikidazio proposamen bitartez aurkeztuko dira (214.000). 74.000 aurkezpen mekanizatu jasotzea aurreikusten ditu foru Ogasunak, 73.000 aholkulariek Internet bidez aurkeztuko dituzte eta beste 19.000 norbanakoek bide beretik. Batez beste, 1.047 euro itzuliko dizkio Ogasunak aitorpena itzultzera duen zergadun bakoitzari, eta ordaintzera dutenek, bere aldetik, 2.020 euro ordaindu beharko dituzte.
Ondarearen gaineko Zerga
Ondarearen gaineko Zergari dagokionez, foru Ogasunak 63,9 milioi euro jasotzea aurreikusten du. Kanpaina hau izango da azken urteetan egin diren bi erreformak aplikagarri direnak, 2015koa eta 2018koa. Aldaketa nagusiak hauek dira: enpresen partaidetzak salbuetsita uztea, ezkutu fiskalaren aplikazioa, tarifen eguneraketa eta zergaren izen aldaketa. Hau guztia kontutan hartuta, eta erreforma aurreko eta osteko alderaketa eginez gero, 4,9 milioi euroko hazkundea jazo da. Aurreikuspenen arabera, 7.800 zergadunek aurkeztuko dute aitorpena zerga honetan, eta 8.192 euroko ekarpena egingo dute batez beste. Tributu honetan aitorpena aurkezteko modu bakarra dago (internet), eta epea apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1a arte luzatuko da.
Eranskinak:
2635