277 enpresa-proiektu sortzen lagundu da aurten
277 enpresa-proiektu sortzen lagundu da aurten
Pertsona eta enpresa ekintzaileentzako laguntzen emakida burutu da, 1.854.425 euro guztira. 83 start-up-ak izan dira.
Foru Aldundiak 1.854.425 euro bideratu ditu 2021ean Gipuzkoako pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzeko, iaz baino % 12 gehiago. Foru erakundeak dagoeneko burutu du enpresak sortzeko eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren laguntzak banatzeko prozesua; besteak beste, aurreikusten du enpresa-proiektuei laguntzea enpresa sortzeko prozesuan, emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzea eta oinarri teknologikoko konpainiak eta/edo berritzaileak sortzea. Deialdi honen bidez, 277 enpresa-proiektu sortzen lagundu da, horietatik 170 emakumeek sustatutakoak, eta 83 start up edo oinarri teknologikokoak.
Aurten, Aldundiak arreta berezia jarri du, alde batetik, enpresetako barne-ekintzailetza indartzeko, eta, bestetik, ekintzailetza aurreratuari laguntzeko, bereziki Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin bat datozen esparruetan. "Bi lan-ildo horiek funtsezkoak dira enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna indartzeko, bereziki industrialena, negozio-aukera berriak sortuz, bai eta gure sare ekonomikoa dibertsifikatu eta eraldatzeko ere, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuz, hala nola mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan", azaldu du Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak.
Hain zuzen ere, Txekintek (oinarri teknologikoko enpresak) eta Barnetekin (barne-ekintzailetza) lineek dute hornidurarik handiena: lehenak 903.750 euro eta 48 enpresa ditu, eta bigarrenak 674.451 euro eta 35 enpresa. Sektore-esparruei dagokienez, proiektuen % 31 industriari lotuta daude, % 18 4.0 industriari, % 29 Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei eta % 23 Salid biozientziei.
Emekin programara 245.000 euro bideratu dira. Aldundiak Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearekin elkarlanean garatzen du programa hori. 2007tik, Emekin-en eskutik, emakumeek sustatutako 1.459 negozio sortzea bultzatu da, eta 2.500 emakume ekintzaileri baino gehiagori eman zaie arreta. Gainerako hornidura enpresak sortzen laguntzeko prozesuetara bideratu da, eta guztira 31 bideragarritasun-plan egin dira.
Azaroan, Gipuzkoan 20.456 enpresa zeuden besteren konturako langileekin, iaz baino 254 gehiago, baina 2019ko azaroan baino 320 gutxiago; datu horrek pandemiak gure sare ekonomikoan duen eragina islatzen du. "Ekonomia indartsu bat gure ongizatearen, orainaren eta etorkizunaren oinarria dela defendatzen dugu beti. Eta dinamismo ekintzailea ekonomia lehiakor eta kalitatezko enplegua sortzeko gai den baten ezaugarrietako bat da. Ildo horretan, kultura ekintzailea sustatzen jarraitu behar dugu, bai eta urratsa eman eta proiektu berriak abian jartzen dituzten pertsonak eta enpresak babesten ere, aktibo handia direlako. Horregatik erabaki dugu laguntza horiek indartzea 'Ekonomia Indartuz' Planaren barruan".
Horretarako, Aldundiak hainbat frontetan egiten du lan, laguntza horiez gain. Elkargirekin lankidetzan, emakumeek bultzatutako start up eta enpresen finantzaketa errazten du urtero; BIC Gipuzkoaren eskutik enpresa berritzaile berriak eta nazioarteko azelerazio-programak sortzeko prozesua babesten du; RIS-3 Europako estrategiarekin batera eta Etorkizuna Eraikizen barruan, erreferentziazko zentroen hedapenean aurrera egiten du, besteak beste, zibersegurtasunaren, elektromugikortasunaren, gastronomia digitalaren eta zahartzearen sektoreetan, helburuetako bat esparru horietan ekintzailetza bultzatzea delarik; proiektu berritzaileak kapitalizatzen laguntzen du Seed Gipuzkoa, Basque Fondo edo Biozientziak Fundazioaren bidez; eta proiektu pilotuak garatu ditu sei ETE industrialetan, profil hori duten konpainientzat barne-ekintzailetzako metodologia lortzeko.
Gainera, zerga-arloan, komeni da Covid-19ren aurrean ekintzailetza bultzatzeko onartu diren tributu-neurriak aipatzea. Neurri horiek ekitaldi honetara luzatu dira, eta helburu hauek dituzte: mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan inbertsioa sustatzea, mikroenpresek eta enpresa txikiek garatutako I+G proiektuak finantzatzen laguntzea eta enplegu-sorkuntzari hobariak ematea.
1851