3,1 milioi euro Gipuzkoako basoak kudeatzen laguntzeko
3,1 milioi euro Gipuzkoako basoak kudeatzen laguntzeko
Baso-jabe partikularrek basoetan egiten dituzten lanak laguntzeko dira eta horien bidez, basogintza-sektorea bultzatu eta erreleboa sustatu nahi da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du lurraldeko basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko dirulaguntzak emateko 2021eko ekitaldiko deialdia. Deialdi honen zuzkidura 3.107.090,00 eurokoa da, eta laguntza hauek baso-jabe partikularrek beraien basoetan egiten dituzten lanak laguntzeko dira. Horien bidez, basogintza-sektorea bultzatu eta belaunaldien arteko erreleboa sustatu nahi da. “Laguntza hauen bitartez, Gipuzkoak baso sektoreari dagokionez dituen erronkei aurre egin nahi diogu: hala nola sarbideak hobetzea, baso suteen prebentzioa, kalitatezko lehengai berriztagarria sortzea eta biodibertsitatea mantentzea”, esan du Eider Mendoza, Aldundiaren bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Esan duenez, basoek onura ugari sortzen dituzte: batetik, produktu berriztagarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak egiteko beharrezko lehengaiak eskaintzen dizkigute; eta bestetik, zeregin garrantzitsua betetzen dute ongizate ekonomikoari, dibertsitate biologikoari, karbonoaren ziklo osoari, oreka hidrologikoari, higaduraren kontrolari eta hondamendi naturalen prebentzioari dagokienez. “Horiez gain gizarte eta aisialdiko funtzioa ere betetzen dute, hain garrantzitsuak direnak COVID-19 gaitzaren testuinguruan”, esan du Mendozak.
Foru bozeramaileak gehitu duenez, basoak gure ingurumenaren “bizkarrezurra” dira. “Ezinbestekoak izango dira klima-aldaketa saihesteko eta baliabide berriztagarrietan oinarritutako eredu ekonomiko jasangarriagoetara igarotzeko, bioekonomiaren alde eginez”, azaldu du, Europari begira jarriz: “Europak argi utzi du trantsizio hau lehentasuna dela, eta hortik dator gure konpromisoa”. “Laguntza hauekin, baso-jabeek egiten dituzten inbertsioak babesten ditugu, haien bitartez basoen funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialak mantentzen eta garatzen laguntzeko”, borobildu du.
Errenta kanpaina
Bestalde, eta pasa den apirilaren 12an hasi zen Errenta kanpainari erreparatuta, atzo hasi zen modalitate mekanizatua, hau da, Ogasuneko bulegoetan egiten dena, eta Mendozak lehen balantze bat eskaini du. Esan duenez, 900 aitorpen aurkeztu zituzten guztira gipuzkoarrek bide honen bidez. “Egunaren balorazio ona egiten dugu, inolako arazorik osatu genuen jardunaldia”, azaldu du. Gogoratu duenez, Gipuzkoako foru Ogasunak 11 bulego ireki ditu mekanizaturako, lurraldeko 9 herri ezberdinetan, eta 120 lagun ari dira hauetan lanean.
Kanpainari bere osotasunean erreparatuta, atzo gainditu genuen aurkeztutako 100.000 aitorpenen langa, eta jada 112.000 aitorpen aurkeztu dituzte gipuzkoarrek. “Ondorioz, kanpainako lehen astea igarota, eta ekainaren 30era arte luzatuko dela kontuan hartuta, jada aurkeztuta daude aitorpen guztien laurdena baino gehiago”. Gaineratu duenez, bide digitalen erabileran alde nabarmena hauteman da, Ogasuna alor honetan egin duen apustuaren emaitza dena. Bestalde, 79 milioi euro itzuli dizkie jada Ogasunak Gipuzkoako zergadunei, kanpaina honen testuinguruan.
“Beraz, esan dezakegu Errenta kanpaina indartsu hasi dela modalitate guztietan, eta erritmo oso onean goazela; espero genuena baino azkarrago doa dena. Eta ongi goaz, hein handi batean, dugun garapen teknologikoak hala egitea ahalbidetzen digulako, eta lan taldea erantzuten ari delako. COVID-19 garaian ere, primerako zerbitzua eskaintzen jarraitzen ari da Ogasuna”, esan du Mendozak. “Nabarmentzekoa da, alde batetik, Ogasunak bide teknologikoen alde egiten dugu apustua. Baina, aldi berean, aurrez aurreko arretari eusten diola, ez dugulako nahi arrakala digitala handitzerik, ez inor atzean uzterik”, laburbildu du.
COVID-19 partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du Mendozak. Adinekoen egoitzei dagokionez, erabiltzaileen kasuan, 18 kasu positibo daude Segurako San Juan egoitzan. Positiboarekin zeuden 6 lagunek eman dute negatibo azken orduetan eta, gainerakoen kasuan, denek dute txertoa jasota, asintomatikoak dira eta Eibarko COVID-19 zentroan daude. Baliabide hauetako langileen kasuan, egun 17 langile daude diagnostiko positiboarekin, 11 egoitza ezberdinetan.
Bestelako baliabideei erreparatuz, eguneko zentroetan azken astean bi positibo atzeman dira; desgaitasuna dutenei arretarako zentroetan, azken astean positibo bat atzeman da; gizarte inklusioan, bere aldetik, azken astean positibo bat atzeman da; eta adingabeen kasuan, azken astean positibo bat atzeman da. Azkenik, PCR probei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 118.490 proba egin ditu COVID-19 gaitzaren krisialdian.
2680