Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 3.661 lagun daude deituta larunbat honetan Ficoban, administrarien lan poltsako azterketa egiteko

3.661 lagun daude deituta larunbat honetan Ficoban, administrarien lan poltsako azterketa egiteko

Aldundiak urtetan egindako lehen deialdi masiboa da, eta Foru Gobernua gauzatzen ari den antolaketa eraldaketaren prozesuan kokatzen da

2016/04/13

3.661 lagun izan dira onartuak Aldundiak administrari postuak betetzeko deitutako lan poltsari dagokion ezagutza frogarako, larunbat honetan, Ficobako azoka gunean. Foru Gobernua erakundearen antolaketa eraldatzeko gauzatzen ari den prozesuan kokatzen da deialdi hau, “garai berrietara, eta herritarren eskari berrietara” egokitze aldera: “Administrazio publiko moderno, eraginkor eta kalitatezkoaren aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Antolaketa eta logistika ikuspegitik ere, “erronka potoloa” izango da azterketa Funtzio Publikoko zuzendaritzako arduradunentzat. 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 100 lagun baino gehiago arduratuko dira dena ondo joateaz. Larunbata aukeratu dute azterketa egunerako, jendearen parte-hartzea errazteko. Ildo horretan, halako deialdietan ohikoa dena baino bertaratze handiagoa espero dute, %80 ingurukoa. Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarri dituzte: “Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu nahi dugu, aparkaleku eta trafiko arazoak saihesteko”, esan du Lasak.

Hautagaiek euskarazko bigarren perfila egiaztatu behar dute.  Bi zati edukiko ditu frogak: gai zerrenda orokorreko gaiak, eta informatika ezagutzak. 100 puntutik 64 emango ditu, hautapen prozesuan. Kontuan hartuko da ere administrazio publikoetan pilatutako eskarmentua, administrari edo administrari laguntzaile lanpostuetan -gehienez 30 puntu eskuratu ahal izango dira-. Gainerako 6 puntuak IT Txartelaren bidez frogatzen diren trebetasun informatikoen arabera emango dira.

  

2545