334 milioi euro itzuli ditu Gipuzkoako Ogasunak 2022ko Errenta kanpainan, eta 373 jaso
334 milioi euro itzuli ditu Gipuzkoako Ogasunak 2022ko Errenta kanpainan, eta 373 jaso
Jokin Perona foru diputatuak kanpainaren balorazio positiboa egin du, eta prozesu osoan inplikatutako 200 profesional baino gehiagoren lana eskertu du.
Gipuzkoako Foru Ogasunak 334,2 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 373,9 milioi euro jaso ditu 2022ko Errenta kanpainan, apirilean hasi eta duela bi aste amaitu zena. Emaitza, beraz, 39,6 milioi euro positiboa da foru erakundearentzat, pasa den urteko emaitza baino 35,5 milioi gehiago. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kanpainaren balorazioa ona egin du. Azaldu duenez, zailtasunak eta ziurgabetasuna gorabehera, kanpaina honen emaitzek erantzuten diote ekonomia azken urteotan izaten ari den bilakaera positiboari eta erritmo onari.
Ogasuneko foru diputatuak agerraldia egin du gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariarekin eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, ekainaren 30ean amaitu zen 2022ko Errenta kanpainaren emaitzen berri emateko. Kanpainak iraun dituen 3 hilabeteren ostean lortutako emaitzak azaltzeaz gain, Peronak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako herritarrei egindako ekarpenagatik, eta baita kanpaina honetan lan egin duten Ogasuneko 200 langileei ere.
Era berean, saileko arduradunek aurreko ekitaldian hartutako neurriak errepasatu dituzte, Ukrainako gerraren ondorioak eta inflazioaren ondorioak arintzeko helburuarekin. Peronak nabarmendu duenez, neurri horien helburua "familiak babestea eta jarduera ekonomikoari laguntzea izan da, ziurgabetasun testuinguru batean". Neurri horien artean daude egindako % 5,5eko deflaktazioa eta 200 euroko aparteko kenkaria 35.000 eurotik beherako errentak dituzten zergadunentzat, eta autonomoentzako eta sektore zaurgarrientzako (garraioa eta lehen sektorea) neurri bereziak. Neurri horiek 136,8 milioi euroko eragina izan dute foru-kutxetan.
Kopuru absolutuetan, Ogasunak 334,2 milioi euro itzuli ditu, iaz baino 52 milioi gehiago, eta 373,9 milioi jaso ditu, aurreko kanpainan baino 87,6 milioi gehiago. Saldoa positiboa da 39,6 milioi eurotan: 2021eko Errentan baino 35,5 milioi gehiago. "Aurten kanpainaren saldoa positiboa da, batez ere lurraldeko jarduera ekonomikoak 2022an izan duen bilakaera onaren ondorioz", adierazi du.
Errentako zifrak
Aitorpenen kopuruari dagokionez, zergadunek 401.749 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, iaz baino 12.180 gehiago, eta, Ogasuneko arduradunek nabarmendu dutenez, azken hamarkadako kopururik altuena da.
Internet bidez 105.368 aitorpen aurkeztu dira guztira: 2021eko kanpainan baino 1.811 gehiago. Autolikidazio-proposamenen bidez 224.487 aitorpen aurkeztu dira, aurreko urtean baino 7.508 gehiago. Azkenik, errenta mekanizatuaren edo presentzialaren kasuan, 71.894 aitorpen aurkeztu dira bide horretatik, aurreko kanpainan baino 2.861 gehiago.
Emaitzaren arabera, 285.853 aitorpen itzultzera izan dira (guztien %71,2), Ogasunak 334,2 milioi euro itzuli ditu guztira, eta batez beste, 1.169 euro itzuli dizkio zergadun bakoitzari. Gainerako 115.896 aitorpenak Ogasunari ordaintzera izan dira, 373,9 milioi guztira. Aitorpen guztien % 28,8 izan dira, eta, batez beste, 3.227 euro ordaindu dizkiete zergadunek lurraldeko zerga-administrazioari. "Aurreko urtean egin genuen kanpainarekin alderatuta, itzultzeko aitorpenen kopuruak gora egin du, eta ordaintzekoak, berriz, behera", azaldu dute Ogasuneko arduradunek.
Ondarearen gaineko Zerga
Bestalde, Ondarearen gaineko Zergaren kanpainari dagokionez, aurreko urteko emaitza hobetu da. Guztira, 69,7 milioi euro jaso dira, aurreko urteko kanpainan baino 1,1 milioi gehiago. 202 aitorpen gehiago egin dira aurten: 2021ean 8.531 egin ziren, eta 2022an berriz, 8.753. "Ondarearen kanpainan 2022ko finantza-merkatuen bilakaera islatzen da", azaldu du Peronak.
Zerbitzu karta
Azkenik, Ogasuneko langileek emandako zerbitzuari dagokionez, Foru Aldundiko arduradunek Errenta kanpainako lantaldeak egindako lana txalotu dute. Foru Aldundiko arduradunek egindako errepasoan, kanpainan zehar 67.250 telefono-dei jaso direla nabarmendu dute, inoizko kopururik handiena, eta horietatik 173 baino ez direla galdu, hau da, dei guztien %0,26. Bidalitako 269.344 autolikidazio-proposamenetatik, % 83,3 onartu dira. Azkenik, itzulketak egiteko orduan, hauek azkar egin direla nabarmendu dute: modalitate mekanizatuan 1,3 eguneko tartean batez beste; proposamenen kasuan, 1,47 egunetan; eta, azkenik, modalitate telematikoan, aitorpenen %99,4 itzuli dira 10 egun baino gutxiagoko epean.
Jokin Peronak azpimarratu du bi kanpainetan (Errenta eta Ondarea) lortutako emaitzak "oso onak" direla, ekonomiak bizi duen une onaren adierazgarri. Era berean, Foru Ogasunak teknologiaren alde gero eta gehiago egiten duen ahalegina nabarmendu du, aurrez aurreko arreta alde batera utzi gabe eta arrakala digitala saihestuz; izan ere, azken helburua "herritar guztiei kalitatezko zerbitzua” ematea dela nabarmendu du.
2434