375.000 eurorekin lagunduko du Aldundiak Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia
375.000 eurorekin lagunduko du Aldundiak Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia
Gizarteak etorkizunean izango dituen erronka nagusiak eztabaidatzeko plaza bihurtuko du Gandiaga zentroa ekimenak, eta udazkenean hasiko da martxan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 375.000 euroko dirulaguntza onartu du gaur, Arantzazu Gaur Fundazioaren alde. Lerro honen helburua Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia sortzea da, ekipamenduetan inbertsioak egin eta ekimen berria abian jartzeko. Eider Mendoza foru bozeramaileak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du eta, sakondu duenez, helburua Arantzazu elkargune bihurtzea da, “gure gizarteak, epe ertain eta luzean, etorkizunean izango dituen erronka nagusiak eztabaidatzeko, betiere oinarrizko premien, bizikidetzaren eta balioen ikuspegitik abiatuta, kasu honetan herritarren inplikazio zuzenaren bidez”.
Gaur goizean agertu da hedabideen aurrean Mendoza, aste honetako Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Arantzazu Gaur Fundazioak jasoko duten laguntzaren kasuan, baliabide hauekin finantzatuko dira erakundeko langileen gastuak, bidaia gastuak, jardunaldien antolaketa, komunikazio gastuak eta kanpo-aholkularitzak… eta baita ere espazio fisikoa egokitzeko, sare azpiegitura instalatzeko eta ekipo informatikoak eta ikus-entzunezko ekipamendua erosteko inbertsioak. Gandiaga zentroan kokatuko da laborategia eta udazken honetan martxan hastea espero da; ingurumena eta gizartegintza ardatz hartuta, berrikuntza sozialerako laborategi bihurtuko du Arantzazu.
Bozeramaileak, bere hitzaldian, Etorkizuna Eraikiz eta Arantzazuren artean dauden loturak izan ditu hizpide. “Ezagun duzue Etorkizuna Eraikiz ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu nagusia lurraldeak dituen erronkei eta sortzen diren beharrei erantzuteko, zein lurraldearen etorkizunaren eraikuntza partekatuari ekiteko. Egun bizi dugun testuinguruan, COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginpean, inoiz baino garrantzia gehiago du mota honetako ekimenak martxan jartzea”, esan du. “Etorkizuna ziurgabetasunez beteta ageri da; honen aurrean geldirik geratu beharrean, guk, Gipuzkoak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eskutik, dauzkagun erronkei eman beharreko erantzunen bila ari gara, modu kolektiboan eta gizartearen parte hartzeari irekita”, gaineratu du.
Abiapuntu honetatik hasita, Etorkizuna Eraikizek lan egiteko modu edo gobernantza eredu zehatza defendatzen du: irekia eta lankidetzazkoa. “Hori praktikan jartzeko, ezinbestekoa da ikaskuntzarako eta berrikuntzarako gune irekiak sortzea, pertsonak eta erakundeak elkarreraginean aritzeko, elkarlanean jarduteko. Azken batean, elkarrekin lan egiteko lekuak ahalbidetzea, erronkei aurre eginez, proposamenak sortuz, edo agenda publikoaren arazoei irtenbideak bilatuz. Beraz, ez da leku bakar bat, truke edo deliberazio egoerak ahalbidetzen dituzten leku fisiko edo birtualen batura baizik”, azaldu du. Eta, gehitu duenez, ekosistema horretan txertatuko litzateke Arantzazuko laborategiaren proiektua.
Mendozaren ustetan, proiektu berritzaile honek “%100ean” egiten du bat Etorkizuna Eraikizen filosofia eta lan egiteko moduekin. Arantzazuk historian zehar izan duen papera ere nabarmendu du, “balio sinboliko” handia izan duen lekua izan baita, bai Gipuzkoarentzako zein Euskal Herriarentzako. “Erlijiotasun eta espiritualtasun gune garrantzitsua izan da eta, Frantziskotarren Komunitatearen eskutik, mundu gizatiarragoa eta hobea lortzeko gunea izan da kristautasunetik abiatuta. Eta, aldi berean, espazio eraldatzailea eta berritzailea ere izan da, besteak beste euskara, arte, literatura, pentsamendu eta musika esparruetan”, adierazi du. Mendozak gehitu duenez, jende anitza erakarri izan du Arantzazuk betidanik, sentsibilitate eta aukera desberdinak dituzten pertsonen elkargune bihurtuz.
Tradizio hau oinarri hartuta, Frantziskotarren Komunitatea, Arantzazu Gaur Fundazioaren esparruan, Aldundiak orain diruz lagundu duen Gizarte Berrikuntzako Laborategia sortzea bultzatzen ari da. Topaleku honetan landuko diren gai zehatzei erreparatuta, ingurumena eta gizartegintza ardatz izango ditu proiektu eraldatzaile honek: hau da, elkarbizitza, ongizatea, lana eta aldaketa klimatikoa langai izango dituen berrikuntza sozialerako laborategia. Azpimarratzekoa da baita ere, Mendozak nabarmendu duenez, ekimenak erakarri duen eragile kopurua: Aldundia bera, Oñatiko Udala, hiru unibertsitate (UPV/EHU, Deusto eta Mondragon), Mondragon Korporazioa, Kutxa Fundazioa eta beste hainbat eta hainbat eragile ekonomiko eta sozial.
“Laborategi honen azken helburua Arantzazu erreferentziazko nodo bihurtzea da, gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta, azken batean, gizatiarragoa lortzeko. Arantzazuko tradizio historikoarekin bat etorriz, elkargune bihurtzea da laborategiaren berezitasun nagusia, zehazki, herritarrek topagune gisa erabili ahal izateko, eta gure gizartearen beharren eta erronka nagusien gain esperimentatzeko, betiere entzute eta ikaskuntza aktiboaren bidez”, nabarmendu du Mendozak. Zehaztu duenez, Gipuzkoan badaude elkarlanerako eta lurraldearen etorkizunari buruz hausnartzeko bestelako espazioak, baina aintzat hartu gabeko espazio bat geratzen zen, “agenda politiko berrian herritarrek duten inplikazioari eta parte-hartzeari dagokiona”. Hain zuzen ere nitxo horretan esku hartuko du Laborategiak, zeinaren jomuga nagusia den Gipuzkoako herritarren etorkizun pertsonal eta zibiko onena lortzeko lan egitea.
Kurtso berria
Bestalde, gaurko Kontseiluan foru diputatuek hizpide izan dute baita ere hasi berri den kurtso politiko berria. “Pandemiak eta honen bilakaerak markatuko ditu, nola ez, datozen hilabeteak eta udazkena bera”, adierazi du Mendozak. Aldundiaren kasuan, pasa den ostiralean egin zen Etorkizuna Eraikizen uda ikastaroan eman zitzaion kurtso berriari hasiera, azken urtetan bezala. “Bertan, diputatu nagusiak berak gorriz azpimarratu zituen zein izango diren gure apustu nagusiak pandemia gainditu eta honen osteko agertokian eraikitzen hasteko. Gure apustuak, momentu horretarako, elkarlana, elkartasuna eta munduari irekitako Gipuzkoa bat eraikitzea izango dira”, gogoratu du foru arduradunak.
Datozen hilabeteei begira, epe motzeko erronkei erreparatuta, bozeramaileak esan du Aldundiak esku artean duen egiteko nagusia pandemiari aurre egiten jarraitzea izango dela. “Horrela izan da azken hilabeteetan, eta horrela izango da datozenetan”, esan du. “Azken asteotan esan izan dugun bezala, alertan gaude, gure esku dauden baliabideetako erabiltzaileak babesteko, baina baita ere jarduera ekonomikoa eta pandemia izaten ari den inplikazio sozialen aurrean esku hartzeko, ahal den neurrian. Ez gara ari bakarrik lan honetan: fronte guztietan, Gipuzkoa gizarte bezala ari da erantzuten, eta guztiok gaude pandemiaren eta bere ondorioen kontrako borroka honetan inplikatuta, denon etorkizuna baitago jokoan”, azaldu du.
Arlo ekonomikoan, gogoratu du Aldundiak martxan dituela jada Gipuzkoako Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Planean aurreikusitako laguntza-programen % 95. Zuzeneko laguntzak, orain arte, iritsi dira 562 enpresa, ETE (enpresa txiki eta ertain), autonomo, elkarte, instituzio eta eragilerengana –guztira 10.000 enplegu baino gehiago–, eta zifra hauek gutxienez hirukoiztea espero du foru erakundeak plan osoa martxan jarri ostean. “Imanol Lasa diputatuak pasa den astean esan bezala, jarduera ekonomikoa eta osasuna eskutik doaz. Gure etorkizuna bi balio hauek uztartzeko gaitasunak erabakiko du: osasuna eta ekonomia. Ikuspegi honekin egingo dugu lan datozen hilabeteetan ere”, azaldu du.
Azkenik, foru erakundeak martxan dituen etorkizuneko apustu estrategikoetan jarri du azpimarra Mendozak: MUBIL, Adinberri, Ziur, 2deo… “Europak irizpide argiak ezarri ditu krisia gainditu eta ondorengo agertokirako: digitala eta berdea izango da etorkizuna. Eta Gipuzkoak, aipatutako proiektu hauei esker, jada martxan ditugu norabide horretan doazen egitasmoak”, nabarmendu du. “Proiektu estrategiko hauen guztien helburua nazioarteko erreferentzialtasuna lortzea da, gure lurraldearen posizionamendua hobetuz etorkizuneko sektoreetan. Beraz, datozen hilabeteetan izango dugun egitekoa izango da proiektu hauen nazioarteko sareak hedatzea, eta lurralde mailan ere elkarlan bide berriak ireki eta eragile berriak erakartzea”, berretsi du.
Gizarte politikako partea
Azkenik, astero legez, COVID-19 gaitzak Aldundiak kudeatzen dituen gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileei dagokionean, 42 kasu positibo daude: 4 Donostiako Garate Anaia-San Inazio egoitzan, 27 Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan eta 11 Errenteriako Sagrado Corazon egoitzan. Hauetatik 5 ospitaleratuta daude, eta beste 19 Eibarko Ospitaleko planta sozialean, COVID-19 gaitza duten egoitzetako erabiltzaileentzat egokituta dagoena. Abuztuaren 11n atzeman zen bigarren olatuko lehen positiboa, eta ordutik hona 3 egoiliar hil dira eta 1 sendatu da. Adinekoen egoitzetako langileei dagokionean, 48 langile daude diagnostiko positiboarekin, 26 egoitza ezberdinetan. Bigarren olatu honetan jada 18 langile sendatu dira.
Eguneko zentroen kasuan, 17 positibo daude, 6 zentro ezberdinetan. Bestalde, unitate soziosanitarioen kasuan, 2 kasu positibo daude, Zumarragako Argixaoko baliabidean. Desgaitasuna dutenei ematen zaien arretaren kasuan, 9 positibo daude, 2 eguneko zentroetan eta 7 egoitzetan; sare honetan, denera, 412 plaza daude egoitzetan eta beste 474 etxebizitzetan. Gizarte inklusioko sarearen kasuan ez da nobedaderik atzeman, eta pasa den asteko 4 kasu positiboek jarraitzen dute; guztira, sare honetan 54 baliabide ditu Aldundiak, guztira 225 plaza egoitzetan eta 192 etxebizitzetan. Foru baliabideetan Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 11.380 PCR proba egin ditu guztira, pasa den astean 1.704 (936 erabiltzaileen artean eta 768 langileen artean).
1909