38 urteko ibilbidearen ostean, Atzegi Babes Fundazioak izena aldatu eta egoitza berria ireki du Donostian
38 urteko ibilbidearen ostean, Atzegi Babes Fundazioak izena aldatu eta egoitza berria ireki du Donostian
38 urteko ibilbidearen ostean, Atzegi Babes Fundazioak izena aldatu eta egoitza berria ireki du Donostian
Gertuan Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta desgaitasuna duten pertsonei arreta ematen dieten gizarte erakundeek harremanak estutu dituzte pertsona guztien “parte-hartze osoa” lortzeko.
Gaur goizean Gertuan Fundazioaren egoitza berriaren inaugurazioa izan da, orain arte Atzegi Babes Fundazio bezala ezagutu izan dena. Donostiako Morlans pasealekuan kokatuta, fundazioak lokala eta izen berria estreinatu ditu, adimen-desgaitasuna duten pertsonen tutoretza-jardueran 38 urteko ibilbide “luze eta oparoaren” ondoren. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak txalotu egin du fundazioaren beraren lana, baita desgaitasun intelektuala duten pertsonei laguntza eta arreta ematen dieten gizarte-erakundeena ere, “hartutako konpromisoagatik eta dedikazioagatik, eta pertsona guztien parte-hartze osoa defendatzeagatik, inor bere desgaitasunagatik kanpoan utzi gabe”.
Ekitaldian, diputatu nagusiarekin eta Gizarte Politikako diputatua den Maite Peñarekin batera izan dira Inma Hernandez, Gertuan Fundazioko presidentea, Joxean Idoeta, eta Gertuanekin batera desgaitasuna duten pertsonak babesten eta laguntzen lan egiten duten gizarte erakundeetako ordezkariak: Gautena, Aspace, Goyeneche Fundazioa, Gureak, Uliazpi, Hurkoa eta Plena Inclusión Euskadi. Komunikabideei egindako adierazpenetan, diputatu nagusiak eta Gertuaneko presidenteak azpimarratu dute beharrezkoa dela laguntza mota guztietan sakontzen jarraitzea, “desgaitasuna ez baita arrazoi legitimoa pertsona bakar baten gaitasun juridikoa ukatzeko”, eta horrela islatzen da berriki egin den ordenamendu juridikoaren erreforman.
2021ak lege aldaketak ekarri ditu tutoretzaren arloan, eta Gipuzkoan ere izan du isla. Ekainaren 2ko 8/2021 Lege berriak, irailaren 3an indarrean sartu zenak, legeria zibila eta prozesala aldatzen ditu, desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa gauzatzen laguntzeko. "Zalantzarik gabe, urrats erabakigarria da berdintasunerako bidean", adierazi du Markel Olanok. Zehatzago, ordenamendu juridikotik desagertu egin dira ezgaitzea, helduen tutoretza, guraso-ahal birgaitua eta luzatua, baita zarrastelkeria adierazpena ere. Kontzeptu horien ordez, “laguntza-sistema berri bat ezarri da, desgaitasunen bat duten pertsonek beren gaitasun juridikoa egunerokoan erabili ahal izan dezaten, eta lagunza-mekanismo berriez hitz egiten da, erabateko autonomia eta duintasunarekiko errespetua sustatuz, hurbiltasunetik, afektutik eta konpromisotik”, Inma Hernandezek azaldu duenez.
“Oso urrats garrantzitsua da gizartean pertsona guztien parte-hartze osoa lortzeko; izan ere, ordezkatzetik laguntzera igarotzen gara eta, horretarako, beti hartuko dira kontuan euren borondatea, nahiak eta lehentasunak", adierazi du Olanok, eta azaldu du lege-aldaketak “egokitzapen-lan handia dakarrela berekin, baita ingurunearen eta gizarte-pentsamoldearen aldaketa ere”. “Oztopo asko geratzen dira ezabatzeko, eta horretan jarraituko dugu. Gipuzkoak desberdintasun sozial gutxien dituen Europako lurraldeetako bat izan nahi du, pertsona guztiei babesa, lana eta etorkizuna eskainiko dien lurralde inklusiboa”, azpimarratu du.
Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie lurraldeko babes sareari eta gizarte ehunari, prozesu horretan duten “funtsezko” eginkizunagatik, “eta bide hori egiten jarraituko dugu Gertuanekin, Hurkoa Fundazioarekin eta desgaitasunaren eremuko erakunde guztiekin batera”. “Lankidetza da Gipuzkoako gizarte-politiken ereduaren ezaugarrietako bat; eredu horretan, elkarte-sareak, komunitateak, oro har, funtsezko zeregina du. Gure konpromisoa Gipuzkoako gizarte-ehunarekin elkarlanean jarraitzea da, gaur egun zein etorkizunean dauden gizarte beharrei eta errealitateei aurre egiteko”, adierazi du.
38 urteko ibilbidea
Gertuan Fundazioak babesgabetasun egoeran dauden eta adimen edo garapen desgaitasuna duten pertsonei laguntzen dien erakundea da, familiarik ez dutelako edo laguntza eman ezin dietelako. Epaile batek epai batean neurri judizial gisa ezartzen dituen laguntzak dira, eta beharrezko neurriak ezartzen dira gaitasun juridikoa gauzatu ahal izateko.
1983an, duela 38 urte, familiarik gabe geratzen ari ziren pertsonen tutoretza bermatzeko helburuarekin, Atzegik laguntza fundazio bat sortzea erabaki zuen: Atzegi Babes Fundazioa. Elkartearekin lotura handia zuten pertsonek osatutako patronatu bat eratu zen, zuzenbidearen eta medikuntzaren arloetan izandako ibilbide eta dedikazioagatik nabarmenduak. 1994an, tutoretza-fundazioa indartzeko asmoz, Atzegirekin batera patronatuan sartu ziren Aspace, Gautena eta Goyeneche Fundazioa. 2000. urtetik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko lankidetza ere etengabea izan da.
2022an, Gertuan fundazio sendoa eta erreferentea da Gipuzkoan, eta gaur egun 178 pertsonari ematen die laguntza; horietatik %25 modu autonomoan eta independentean bizi dira, eta ehuneko horrek gora egiten jarraitzen du modu esponentzialean, duela sei urtetik hona 12 puntu igo baita.
2464