Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 4.0 industriaren garapenerako bultzada berria

4.0 industriaren garapenerako bultzada berria

4.0 produktu eta zerbitzuak garatzeko deialdiaren berri eman du diputatu nagusiak Goizper enpresara egindako bisitan

Goizper Group

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak goraipatu du gaur Goizper kooperatibak azken urteotan egindako "ahalegin berritzaile eta arrakastatsua", bereziki digitalizazioaren alorrean, zeinak aukera eman dion «balio erantsi handiagoko konponbideak sortzeko» eta, horrela, enpresak merkatuetan duen posizioa mantendu eta hobetzeko. Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustatzeko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin batera, enpresak Antzuolan duen egoitzara egindako bisitan, diputatu nagusiak iragarri du beste deialdi bat jarriko dela martxan 4.0 produktu eta zerbitzuak garatzeko, 900.000 euroko dotazioarekin, Gipuzkoako industriak lanean jarrai dezan «fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren  merkatura bideratutako konponbide berriak, ekipamenduak eta tresnak sortzeko prozesuan».

Olanok gogoratu duenez, «ekonomiaren susperraldia finkatzea» da berak zuzentzen duen gobernuaren ardatz estrategikoetako bat, eta lehentasuna eman dio industriaren digitalizazioari, «gure enpresen lehiakortasuna» sendotzeko xedez. «Goizper bezalako enpresen esperientziak alor honetan aurrera egitearen garrantzia erakusten digu, ez bakarrik produkzio prozesuak digitalizatzeko orduan, baita ere abantaila lehiakorrak ezarriko dituzten enpresa-produktu eta enpresa-zerbitzu aurreratuak  sortzeko garaian».

Gipuzkoa Industria 4.0 enpresei laguntzeko ildoa: Produktuen eta zerbitzuen garapena, 2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planaren parte dena, bideratuta dago fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren merkatura zuzentzen diren produktu, teknologia edo aplikazio berriak garatzen dituzten enpresetara.  2016az geroztik, Aldundiaren laguntzarekin, Gipuzkoako hogeita hamar enpresek 4.0 produktuak eta zerbitzuak garatu dituzte; guztira, 1,6 milioi euroko laguntza izan dute eta kopuru horri gehitu behar zaio diputatu nagusiak gaur iragarri duen zenbatekoa.

«Gure industriari laguntzen jarraitu behar diogu ahalegin berritzaile horretan, sektore hori funtsezkoa delako, duen pisuagatik eta erakarpen ahalmenagatik, lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzeko motor nagusia delako, eta palanka nagusia internazionalizaziorako eta I+G+Brako, betiere fabrikazio aurreratuagoa, efizienteagoa, eta iraunkorragoa lortzen lagunduz, zeinak txertatuko baititu teknologia eta material berriak, baina baita berrikuntza ere, diseinuan, merkaturatzean, negozio ereduetan eta kudeaketa-sistemetan», azpimarratu du diputatu nagusiak.

 

Goizper, 4.0 industriaren abangoardian

Diputatu nagusiak adierazpen hauek egin ditu Antzuolan Goizper Group enpresaren egoitza bisitatu ostean. Alor industrialeko eta ihinztadurako produkzio guneak ezagutu ditu bertan, eta I+G industrialeko gunea ezagutu du, baita ere. Bisitan parte hartu dute baita ere Goizper Groupeko zuzendari nagusiak, Alvaro Martínez de Lagosek, eta Goizper S. Coop-eko presidenteak, Iker Gartziak. 

Azken urteotan hazkunde handia izan du Goizper kooperatibak, eta hainbat negozioren inguruan egituratutako talde bihurtu da: Industria, Ihinztadura eta Bioteknologia. Bere estrategia nazioarteko hazkundean eta hedapenean oinarritu da, I+G+b inbertsioan –2017an bi milioi euro baino gehiago bideratu zituen alor honetara–, teknologia propioaren garapenean eta dibertsifikazioan.

Industria esparruan, potentzia transmisioko osagaietan, Goizper lider teknologikoetako bat da mundu mailan. Esparru horretan, Aldundiaren laguntzarekin, «smart-G» konponbide teknologikoa garatu du, zeinaren helburua den bere osagaiekin (freno-enbrageak eta erreduktoreak) lotutako mantenimendu industrialeko zerbitzuak eskaintzea. Sistema ziberfisiko bat da, denbora errealean  monitorizatzen duena Goizper-Guibe osagaiaren egoera, eta barneratuta duen adimenaren bidez, erabakiak hartzen laguntzen duena, etorkizuneko errendimendua aintzat hartuz eta berehalako akatsak saihestuz. Horrek guztiak aukera ematen du makinak gelditzeko probabilitatea murrizteko eta mantentze-lana modu proaktiboan programatzeko, ondorioz kostuak murriztuz. 

Smart-G gailuak, edge computing moduan lan eginez, prozesuaren parametro kritikoak jasotzen ditu eta baita ere kondizioari lotutakoak; horrela, aurrez prozesatzen ditu eta, horretarako diseinatutako algoritmoen arabera, lehen gainbegiratze eta euskarri maila eskaintzen dio makinaren oinean hartu beharreko erabakiari. Bestalde,  maila lokalean erregistratutako balioari buruzko informazioa hodeian  (G-Cloud) dagoen plataforma batera bidali ahal izango da, non erabiltzaileak bere osagaiaren erabilerarekin lotura duen historia osoa erabil baitezake.
 
Dispositibo honek funtsezko funtzioa du 4.0 Industriaren ezarpenean: tokian bertan eta urrunetik informazioa jaso eta transmititzea makinen osagaien eta prozesu industrialen egoeraren inguruan, ustekabeko geldialdiak murrizteko eta ekipoen erabilgarritasuna handitzeko.

Beste 4.0 proiektu bat  "smart sensor" delakoaren garapena da, etengabe monitorizatzen duena freno-enbrage konbinatuen higadura maila, etsai giroan eta sarbide zaileko ingurunetan instalatutakoena. Sentsore hori disko birakarietan integratuta geratzen da eta modu autonomoan funtzionatzen du, energi harbester zinetiko bati esker (inguruneko energia kaptatzen duen eta baterien bizitza oso modu garrantzitsuan luzatzen duen gailua). Hari gabeko komunikazioei esker, marruskadurazko materialaren higadurari eta frenoak ukitzen diren puntuaren tenperaturari buruzko informazio zehatza ematen du urruneko sistemaz. Gainera, haririk gabeko esentziak sarbide zaileko aldagaiak neurtzeko aukera ematen du, sistemari balio erantsia emanez.

Enpresak mantentze prebentiboko kostuak murrizten ditu eta, beraz, fabrikazio prozesuetan matxurak eta geldialdiak murrizten ditu. Marruskadura materialaren higadura-egoerari buruzko informazio iraunkorra edukitzean, zehaztasunez jakin daiteke noiz egin behar den mantenimendua. Bezeroarentzat beste abantaila handi bat zera da: osagaien egoerari buruzko informazioarekin hainbat ikerketa prediktibo egin ditzakegu, ekipoen diseinua, makinen edo sistema adimendunen funtzionamendua eta fabrikazio- eta/edo mantentze-prozesuak hobetzeko. 

Proiektu horien bitartez, Goizperrek beste konpromiso bat hartzen du teknologikoki aurrera egiteko ingurune digitalean eta bezero bakoitzaren soluzio pertsonalizatuetan balio erantsia eskaintzeko. 

  

2642