4.0 industriari lotutako produktu eta zerbitzuak garatzeko laguntza jasoko dute enpresek
4.0 industriari lotutako produktu eta zerbitzuak garatzeko laguntza jasoko dute enpresek
Aurten 900.000 euro bideratuko dira, iaz baino 200.000 gehiago
Gobernu Kontseiluak “Gipuzkoa Industria 4.0: Produktuen eta zerbitzuen garapena” programari dagozkion diru laguntzen 2017ko deialdia onartu du; 900.000 euro bideratuko ditu guztira. Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomiko, Landa Eremu eta Lurralde Orekako diputatuak jakitera eman duenez, Aldundiak “ekonomiaren susperraldia finkatzeko, enpresen lehiakortasuna sendotuz”, legealdi honetan martxan jarritako Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan kokatzen da programa. Helburu “estrategikoa” izanik, aurtengo deialdia 200.000 euro handitzea erabaki du Foru Gobernuak.
Gipuzkoaren testuinguru ekonomiko eta sozialaren analisia abiapuntutzat hartuta, eta kontuan hartuta testuinguru horretan azpimarragarriak direla lurraldeak duen izaera industriala, langileen kualifikazio maila eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekosistema, Aldundiak konpromiso hau hartzen du: “Ekonomiaren suspertzearen elementu aktibo bilakatu behar dugu, lehiakortasun faktore guztiak bultzatzen lagundu behar du eskura dituen tresnen bitartez, bereziki, fiskalitatearen eta ekonomia sustatzeko politika publikoen bitartez”, aipatu du Aizpuru testuingurua marraztuz.
Eraldaketa hori bultzatzeko, Aldundia eginahalak egiten ari da “enpresa gipuzkoarrei laguntzeko, hobeak izan daitezen, produktu eta zerbitzu berriak sor ditzaten, industriari eta gainerako sektoreei laguntza emanez, gure ekonomiaren etorkizuneko erronkei heltzeko. Sektore industriala bultzatu behar da, Eusko Jaurlaritzak definitutako herrialde estrategia sustatuz eta Gipuzkoako egitura ekonomikoaren errealitatera egokituz”, adierazi du.
Ildo horretan, Ekonomia Suspertzeko Planak hainbat ekintza aurreikusten ditu fabrikazio eta kudeaketa prozesuen digitalizazioa, 4.0 industria eta enpresa zerbitzu aurreratuak bultzatzeko Gipuzkoako enpresetan, “industria aurreratu baten aldeko egiteko erronkari erantzuna emanez. Izan ere, sektore hau funtsezkoa da, duen pisuarengatik eta arraste ahalmenagatik, aberastasuna eta enplegua sortzeko gaitasunagatik, eta internazionalizaziorako eta I+G+Bren garapenerako palanka izateagatik. Lurralde gisa galdu ezin dugun trena da hau”.
Hala, duela gutxi Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea aurkeztu zen. Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) 4.0 Industriarantz bideratzeko egin beharreko jauzi teknologikoa erraztea du helburu egitasmo aitzindari honek, lurraldeko ekonomia ehunaren baitako lankidetza oinarri hartuta. Alor honetan lidergoa duten enpresa eta teknologia zentroek beren ateak ireki eta 400 enpresa ingururi erakutsiko dizkiete 4.0 industriaren potentziala, onurak eta erabilera praktikoak.
Gaur onartutako deialdia, berriz, jada testuinguru horretan lan egiten duten enpresei doa zuzenduta, fabrikazio aurreratuago bateranzko bilakaera sustatzeko, eraginkorragoa eta jasangarriagoa izan dadin, teknologia eta material berriak txertatu ditzan, produktu, ekipamendu eta tresna berriak garatu ahal izateko, Fabrikazio Aurreratuaren eta 4.0 Industriaren merkatuari begira. Baina, aldi berean, berrikuntza bultzatuko du diseinuan, komertzializazioan, negozio ereduetan edo kudeaketa sistemetan. Oinarriak laster argitaratuko dira GAOn.
Talentua erakarri eta eutsi
Fellows Gipuzkoa programaren berri ere eman du Aizpuruk. Talentudunak erakarri eta eustea du xede, eta gaurko Kontseiluan eman zaio oniritzia aurtengo deialdiari. Programarekin lortu nahi dena da Gipuzkoara talentuko zientzilariak erakartzea eta bertakotzea, Gipuzkoan ikertzen duten zentro eta unibertsitateei lagunduz nazioarteko goi mailako prestakuntza duten ikertzaileak kontrata ditzaten. “Horrela, bada, gure ikerketa taldeak sendotu egin nahi dira, eta aurrera egin nahi da helburu honetan: Gipuzkoa punta-puntako eskualde gisa kokatuz I+G arloan, eta, hori oinarri hartuta, ezagutza sortuz, enpresei euskarri bat emateko, kalitateko enplegua sor dezaten, eta maila goreneko zerbitzu batzuk eskaintzea ahalbidetu dezaten”, azaldu du.
Aurtengo deialdia 480.000 eurorekin hornitu da. Programa honetan aintzat hartzen da, orobat, ikertzaileak egin behar duen lana 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean kokatzea, baita lan horretatik aurreikusten diren emaitzak ere. Ikertzaileak Euskal Herrira itzultzeko orduan erraztasunak emateko eta pertsona horiei egonkortasuna eskaintzeko, kontuan hartu behar da herrialdearekin duten lotura eta, beraz, entitate kontratatzaileei eskatzen zaie pertsona horiekiko hiru urteko konpromisoa berma dezaten.
Diru laguntza hauen bitartez, aurreko deialdian programan parte hartu zuten ikertzaileei babesa ematen jarraitzea, eta talentu berria erakartzea uztartu nahi da. Hala, Fellowsi esker 2016an nazioarteko ospea zuten 8 zientzilari erakarri ziren Gipuzkoara.
Baserri bideak berritzeko 1.300.000 euro
Gipuzkoan landa bideak berritzeko deialdiaren berri ere eman da gaurko agerraldian. Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazi duenez, 1.300.000 euro bideratuko dira helburu honetara, eta aurten jasotzen diren eskaeren arabera deialdiaren aurrekontua handitzea aztertuko da. Gipuzkoako udalek eta beste tokiko entitateek, oro har, zailtasun handiak dituzte landa azpiegituretan eta landa bideetan inbertsioak garatzeko beraien aurrekontuetatik. “Hori dela eta, azpiegitura horien eraikuntza eta kontserbaziorako inbertsioei aurre egiten lagunduko diegu aurten ere”, esan du Lasak.
2016. urtean, esaterako, 74 herri eta toki-erakunderen eskutik, 148 proiektu gauzatu ziren, 90 kilometro baserribide berrituz. Gaur egun erabilera publikoko 3.360 kilometro baserri bide inguru daude Gipuzkoan, eta “horiek mantentzea eta berritzea da herriek, batez ere txikiek, egiten diguten eskaera nagusietako bat”.
Aldundia Gipuzkoako landa eremu osoan lantzen ari den Landagipuzkoa+ egitasmoaren bi programetako bat da gaur onartutakoa, argi indar sarea berriztatzeko programarekin batera. Horrez gain, egitasmo horren barruan ere, 2.500 biztante baino gutxiagoko udalerrietan zuntz optikoa zabaltzeko lanak, eta sustapen ekonomikoko proiektu estrategikoak babestuko dira. Ekintza guzti horiek Gipuzkoan lurralde oreka finkatzera doaz zuzenduta: “Horretarako, zuzendaritza berria sortu genuen legealdi hasieran”, gogorarazi du foru bozeramaileak.
“Gipuzkoa ez da Gipuzkoa landa eremurik gabe. Landa inguruneko herriak eta udalerri txikiak Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat dira, horregatik herri txikiak mantentzeko konpromisoa hartu dugu. Herri hauetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea duina izatea bermatzeko konpromisoa dugu. Landa ingurunean hiri ingurunearen antzeko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea dugu helburu, biztanleriari eusteaz gain, landa eremuak erakargarri eta lehiakor egiteko. Herri txikiak eta eskualdeak indartsu eta bizi nahi ditugu, ezinbestekoa baita helburu dugun Gipuzkoa lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea eraikitzeko”, argitu du.
Elkarlan sakonagoa Emausekin
Era berean, Kontseiluak adostu du Emausekiko elkarlanean sakontzea, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei hainbat zerbitzu eskaintzeko bi entitateek 2009az geroztik duten hitzarmenaren baitan. Pertsona horien balorazio psikozialerako Emausek dauzkan giza baliabideak indartzea du xede neurriak. Horretarako, elkarteak ia 95.000 euro gehiago jasoko ditu bere diagnostiko eta balorazio zerbitzua indartzeko.
Zerbitzu honen xedea da pertsona hauekin burutuko diren jarduerak zehaztea, ondoren garatuko den lan planerako, aldez aurretik balorazio eta diagnosi ahalik eta zehatzena eginez, banakako elkarrizketen bidez, eta baita ere gizarte zerbitzuek edo beste entitatek emandako informazioaren analisiaren bidez. Elkar Ekin 2016-2017 plangintzaren garapenean kokatzen da neurria. Pertsona horien arreta eta gizarteratzea hobetzea, eta gizarte inklusioko zerbitzu eta prestazioen bidez enplegurako eta gizarteratzeko aukera berriak bultzatzea du helburu egitasmoak; “Inor atzean ez uztea da gure konpromisoa”, adierazi du.
Lasak zehaztu duenez, Aldundia hirugarren sektoreko 222 elkarterekin aritzen da elkarlanean, eta horietako bat da Emaus. Elkarteen “lankidetza eta konplizidadea” berebiziko garrantzia edukitzen ari da “Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duen lurraldea” bihurtzeko erronkan.
1590