4 milioi euro bideratu dira enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzera
4 milioi euro bideratu dira enpresen eraldaketa lehiakorra bultzatzera
Bozeramaileak herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die COVID-19aren aurrean, “bakoitzak egiten duenak guztion etorkizuna baldintzatzen duelako”
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak lurraldeko enpresa sarearen aukerak, balio diferentziala eta iraunkortasuna sustatzeko programako dirulaguntza lerroa onartu du, honela konpainien eraldaketa lehiakorra bultzatzeko helburuarekin. Lau milioi euro bideratu ditu lan lerro honetara, eta laguntza Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Planaren testuinguruan kokatzen da. Pasa den urtearekin alderatuta, %9,5 igo da dirulaguntza honen zuzkidura, Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, “ekonomiak, kohesioa sozialak eta ingurumenak osatzen duten lehiakortasun hirukoitzaren aldeko konpromisoa ere indartu egin delako”. Honela, deialdi honen bitartez, lehiakortasun kontzeptuaren arlo ezberdinak sustatu nahi ditu Aldundiak: enpresen gaitasunak, barne ekintzailetasuna, negozio eredu berriak, dibertsifikazioa, elkarlana, jardueraren ekonomikoaren jarraipena eta erreleboa, lurraldearekiko konpromisoa…
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakien berri emateko, eta bertan eman du dirulaguntza honen berri. Zehaztu duenez, modu honetara banatzen dira aipatutako 4 milioi euro horiek: 1.925.000 euro balio eremutan aukerak eta gaitasunak eraldatu edo garatzeko; 450.000 euro, enpresa jardueraren jarraipena sustatzeko proiektuak bultzatzeko; 360.000 euro, Enpresen arteko lankidetza dinamikak egituratzeko; 585.000 euro, ekonomia zirkularra enpresen jardueraren balio kate osoan integratzeko; 400.000 euro, ekonomia sortzailea balioesteko proiektuak finkatzeko; eta 300.000 euro, garapen jasangarria sustatu eta enpresen balio sozial partekatua sortzeko.
Foru diputatuak azaldu duenez, pasa den urtean 243 proiektu aurkeztu ziren deialdi honetara, eta hauetatik 131 babestu zituen Aldundiak, 3,6 milioi euroko laguntzaren bitartez guztira 5,8 milioi euroko inbertsioak ahalbidetuz. Gogoratu duenez, ekonomia sustapena Aldundiaren helburu estrategiko nagusien artean dagoen, eta honen alde ari da etengabe lanean foru erakundea. “Baina bide horretan portaera enpresarial aurreratu eta jasangarriak sustatuko ditugu, eta herrialde nahiz lurralde gisa gure politika industrialak eta ekonomikoak ditugun identitate ezaugarriak indartuko. Azken finean, Gipuzkoa sustatu nahi da, hau da, aberastasun jasangarria eta pertsonen ongizatea sortzen direla bermatzen duen Gipuzkoa”, esan du.
Bere esanetan, Aldundiak aldezten duen garapen ereduak ekonomia, kohesioa soziala eta jasangarritasun ditu oinarri, “eta planteamendu hau indartu egin da COVID-19aren krisiaren ondorioz. Horregatik, garapen ekonomiko-sozialeko ereduak eta enpresen funtsezko zeregina birplanteatu behar dira, eraldaketa lehiakortasunerantz eginez”, esan du, berriro ere dirulaguntza lerro honen xedeari erreferentzia eginez. Deialdi bakoitzaren informazioa eta eskaeraren inprimakiak eskuragarri egongo dira www.gipuzkoa.eus/web/ekonomia web orrian, eta gero, eskaera orria eta dokumentazioa, nagusiki, honako atari honetan aurkeztu behar dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko irailaren 29an amaituko da.
Euskarazko online ikasketak
Bestalde, zuzeneko dirulaguntza bat ere onartu du Diputatuen Kontseiluan, Udako Euskal Unibertsitatearen alde. Guztira, 40.000 euroko laguntza emango zaie, ikasketa maila guztietan euskarazko online ikasketak eskaintzeko proiektu berritzaile bat diseinatzeak dakartzan jarduerak finantzatzeko. “Etorkizuna Eraikizen markoan kokatzen da dirulaguntza: lankidetzazko gobernantza du oinarri proiektu honek, eta honen bitartez etorkizuneko erronka ezezagunei erantzuten hasi nahi dugu gaurtik”, esan du Mendozak. Gehitu duenez, “proposatzen den gobernantza irekiaren eta lankidetzazkoaren eredua garatzeko, Aldundiak bete behar duen baldintzetako bat da ikaskuntzarako eta berrikuntzarako gune irekiak sortzea, pertsonak eta erakundeak elkarreraginean aritzeko, elkarlanean aritzeko eta”.
Hau honela izanda, Udako Euskal Unibertsitateak bat egiten du foru erakundeak eta Etorkizuna Eraikiz ekimenak sustatu eta indartu nahi dituzten hainbat alorrekin, esate baterako, hezkuntza, ezagutza, euskara, ekonomia eta kohesio soziala. 1973an sortua, lukuru-asmorik gabeko kultur elkartea da Udako Euskal Unibertsitatea eta Onura Publikoko aitormena du 1990etik. Erakundearen helburu nagusia da euskararen eta unibertsitatearen munduak elkarrengana hurbiltzea. Azken urteetan, aldaketa bizia ematen ari da Udako Euskal Unibertsitateak jorratzen dituen aipatutako gai guztietan, eta abiadura handiarekin, gainera.
Testuinguru horretan ezinbestekoa da formazio-bide berrietan inbertitzea eta sakontzea. Online irakaskuntza indartzea betebehar estrategikoa da gaur egun, aipatu den bizialdi osoko prestakuntza izateko aukera edozeinek eduki dezan. Gure lurraldeak dituen baliabide eta abantailak ondo baliatuz gero, Gipuzkoa bera izan daiteke espezialista jarduera horietan. “Erronkari bere osotasunean heltzeko, ordea, Gipuzkoako arlo akademikoa gai izan behar da online eskaintza hori euskaraz emateko, eta gaur ez da halakorik gertatzen. Euskararen biziraupenerako, hizkuntza moduan unibertsitate-esparruko maila guztietan integratzea estrategikoa izango da, eta Udako Euskal Unibertsitatea horren beharraz jakitun da”, esan du Mendozak.
“Gauzak horrela, oso positiboki baloratzen dugu Udako Euskal Unibertsitateak euskarazko online ikasketak maila guztietan eskaintzeko abian jarri nahi duen egitasmo berritzailea, Euskal Herrian unibertsitatearen esparruan aitzindari izango dena”, gaineratu du. Azaldu duenez, irakaskuntzaren munduan eta eredu pedagogiko berritzaileetan eraginak izango dituenez, IKT teknologien bultzada ekarriko du esparru akademikoan, eta Gipuzkoa erreferente gisa kokatu daiteke jarduera horietan.
“Gainera, Etorkizuna Eraikizek aldezten duen lankidetza izpiritu hori proiektuaren aktibo garrantzitsua da; izan ere, Udako Euskal Unibertsitateak hitzarmenak sinatzen ditu gainerako unibertsitate guztiekin eta Eusko Ikaskuntzak, ikastolek eta Euskal Herriko esparru-akademikoko hainbat pertsona esanguratsuk ere proiektuari babesa ematen diote”, esan du. “Hau guztiagatik erabaki dugu dirulaguntza ematea, unibertsitatearen etorkizuna eta euskararen rolaren arteko hausnarketa estrategikoa sustatuz eta euskarazko online unibertsitate baten bideragarritasuna diseinatuz, ikasketa maila guztietan online ikasketak euskaraz eskaini ahal izateko”, amaitu du.
Gizarte politikako partea
Bestalde, foru bozeramaileak Aldundiak kudeatzen dituen gizarte politikako baliabideetan COVID-19 gaitza izaten ari den eraginaren errepasoa ere egin du. Hasi aurretik, Gipuzkoako herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die, modu indibidual zein kolektiboan, gaixotasunaren berragerpenak ekiditeko. Bereziki gazteenei zuzendu nahi izan die mezua. “Gutako bakoitzak egiten duenak guztion etorkizuna baldintzatzen du eta, beraz, izan gaitezen arduratsuak, eta momentu oro bete ditzagun Osakidetza eta osasun arloko agintariek ematen dizkiguten gomendioak”, adierazi du.
Azken asteko parteari dagokionean, gaur gaurkoz 9 positibo daude gizarte inklusioko sarean, pasa den astean baino 3 kasu gehiago; hauek Donostian eta Tolosan (2) atzeman dira. Positibo eman dute pertsona guztiak asintomatikoak dira, edo sintoma oso arinak dituzte. Sare hau 54 baliabidek osatzen dute, eta 225 egoitza plaza eta 192 etxebizitza plaza ditu. Gainera, beste sei positibo jazo dira haurrak babesteko foru sarean, guztiak baliabide berean eta asintomatikoak dira. Egoitza sare honetan, bere aldetik, 400 adingabeko artatzen dira.
Azkenik, adinekoen egoitzei dagokionean, momentu honetan ez dago COVID-19 gaitzak eragindako egoiliarrik. Gaur gaurkoz, lau dira Aldundiak eta DYAk egin dituzten frogetan positibo eman duten langileak; guztira, azken egunetan 1.500 test egin dira egoitzetan eta beste 1.200 eguneko zentroetan. Azken baliabide hauei dagokionean, pasa den uztailaren 18tik itxita daude. Behar handia duten pertsonen kasuan, zentroek telefonoz egiten dute jarraipena, eta behar dutenei etxebizitzan ematen zaie arreta (1.300 pertsona eta 700 erabiltzaile desgaitasuna dutenak, gutxi gorabehera).
1541