4 milioi euro, Zumarragako Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloa abiarazteko
4 milioi euro, Zumarragako Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloa abiarazteko
Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza poloak 50 enplegu zuzen eta 90 zeharkako sortuko ditu, eta giltzarria izango da Europar Batasunak eskatzen dituen birziklatze irizpide berriak bermatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 4 milioi euroko dirulaguntza lerroa abiarazi du Gipuzkoan plastikoa birziklatzeko erreferentziako berrikuntza polo bat eraikitzeko, batez ere birziklatutako materiala lortzeko, ondoren bigarren mailako lehengai gisa erabiltzeko plastiko birjin berriak fabrikatze aldera.
Zumarragako Udalak aurkeztu du Arcelor eremuko Hiri-Antolamenduko Plan Berezia. Plan horri esker, gaur egun degradatuta dagoen eta jarduera ekonomikorik ez duen eremu hori Euskadiko plastikoaren ekonomia zirkularraren erreferentzia polo bihurtuko da, eta datozen asteetan hasierako onespena emango zaio planari eta jendaurrean jarriko da.
Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza poloak 50 enplegu zuzen eta 90 zeharkako sortuko ditu, eta giltzarria izango da Europar Batasunak eskatzen dituen birziklatze irizpide berriak bermatzeko. 2030ean plastikozko ontzien birziklatzea %55era igotzea bait da erronka
Jose Ignacio Asensio: “Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloak Zumarraga eta Gipuzkoa sendotuko ditu industria berde, zirkular eta deskarbonizatu berrien erreferentziazko traktore gisa. Gipuzkoa berde eta lehiakorra bermatuko du eta kalitatezko enplegu berriak sortuko ditu hazkunde jasangarri eta soziala izateko Gipuzkoan”
Mikel Serrano: “Plastikoaren birziklapenean oinarritutako erreferentziazko proiektu hau motor ekonomiko garrantzitsua eta gure eskualdeko enpleguaren bultzada da, eta, gainera, gure udalerriarentzat motibazio emozionala ere bada, denbora luzez Zumarragarentzat sinbolo izan diren lurretan jarduera berriz ere ikusteagatik”.
Gaur goizean Jose Ignacio Asensiok, Aldundiko Ingurumen diputatuak, eta Mikel Serranok, Zumarragako alkateak, Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Berrikuntza Poloa aurkeztu dute, Arcelorreko antzinako lurretan kokatuko dena.
Proiektu aitzindari hau plastikoen birziklatze kimikoan oinarritua dago; birziklatze mekanikoa aukera bideragarria edo jasangarria ez duten hondakin plastikoentzat soluzioa da, eta, horrela, zirkulua ixten eta plastikoen ekonomia zirkularra sortzen laguntzen du. Jose Ignacio Asensio diputatuak azpimarratu du polo hori proiektu erreferentziala izango dela, proiekzio handikoa eta beharrezkoa Europar Batasunak plastiko birziklatuaren tasei dagokienez ezarritako anbizio handiko helburuak bete ahal izateko. Tasa horien arabera, 2030erako plastikozko ontzien guztizko birziklapena % 55 izango da.
Proiektuak 80 milioi euroko inbertsio pribatua aurreikusten du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak dagoeneko abiarazi du 4.000.000 euroko dirulaguntza lerroa, Gipuzkoan plastikoa birziklatzeko erreferentziako berrikuntza polo hori eraikitzeko. Poloa Arcelorreko aintzinako lursailetan kokatuko da, eta Zumarragako Udalak jakinarazi du Arcelor eremuko Hiri-Antolamenduko Plan Berezia aukeztu dutela. Plan horri esker, gaur egun degradatuta dagoen eta jarduera ekonomikorik ez duen eremu hori Euskadiko plastikoaren ekonomia zirkularraren erreferentzi -polo bihurtuko da, eta datozen asteetan hasierako onespena emango zaio eta jendaurrean jarriko da.
Mikel Serranok, Zumarragako alkateak, adierazi du plastikoaren birziklapenean oinarritutako erreferentziazko proiektu hau gure eskualdean motor ekonomiko garrantzitsua eta enpleguaren bultzada dela, eta, gainera, gure udalerriarentzat motibazio emozionala ere badela, denbora luzez Zumarragarentzat sinbolo izan diren lurretan jarduera berriz ere ikusteagatik”. Aipatu du ere, “Urte askotan Zumarragako ekonomiaren birikak izan diren eremu zabal hori berriro aktibatzea oso albiste ona da, eta Arcelor 2016 urtean itxi zenetik egindako lanaren eta ahaleginaren ondorio zuzena da dudarik gabe”.
“Teknologia horrek, hondakin plastikoen egungo tratamendua hobetzeaz gain, karbono aztarna murrizten du eta herrialdeekiko mendekotasuna nabarmen murrizten du erregai fosilen inportazioekiko”, azpimarratu du Asesiok. “Proiektu honi esker”, adierazi du diputatuak, “Gipuzkoa birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren sektorean erreferente gisa kokatzen da berriro, eta Zumarragako Poloa industria berde, zirkular eta deskarbonizatu berrien trakzio-gune erreferentziala izango da, Gipuzkoa berde, lehiakor bati eusteko behar duguna eta hazkunde iraunkorra eta soziala bermatuko duena, kalitateko enplegu berriak sortuz”.
Zuzeneko 50 enplegu, eta zeharkako 90
Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Poloak 40.000 tona inguruko hasierako tratamendu gaitasuna izango du urtean, eta zuzeneko 50 enplegu berri eta zeharkako 90 lanpostu sortuko dituela kalkulatzen da. “Proiektu honek ekonomia suspertzea dakar Zumarragarako eta bere eskualderako, eta udalerriaren bidezko eraldaketa ekologikoari laguntzen dio, zumarragatarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatzeko” adierazi du Asensiok.
Mikel Serranok, Zumarragako alkateak, gaineratu duenez, "Plastikoaren ekonomia zirkularrari lotutako enpresak erakartzeko lehen urratsa da, eta era berean, Urola Garaiko Lanbide Eskolaren bidez, gazteak ekonomia zirkular horretan trebatu ahal izango ditugu, kontzientzia berde eta iraunkorrarekin".
Serranok eskerrak eman nahi dizkie erakunde laguntzaile guztiei ere, eta azaldu du “elkarlaneko gobernantzaren eredu bat dela, administrazioko maila guztiek bat egin dute: Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa, Trantsizio Energetikoaren Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Sustapen Ekonomikoaren Saila (SPRI) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentua eta noski, Zumarragako Udala”
Plastikoaren Ekonomia Zirkularraren Poloak ezin hobeto erantzuten die Suspertze eta Erresilientzia Planaren barruan eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren Ekonomia Zirkularraren Plan Estrategikoaren barruan definitu diren proiektu estrategikoei, eta Poloa bertan aurkeztuko da, gure lurraldean suspertze berdea bizkortzeko eta egonkortzeko ahalik eta baliabide ekonomiko handienak mobilizatzeko.
3192