40 plazako Enplegu Eskaintza Publikoa iragarri du Aldundiak
40 plazako Enplegu Eskaintza Publikoa iragarri du Aldundiak
25 suhiltzaile zerbitzukoak izango dira eta 15, Ogasuneko teknikarientzakoak izango dira, iruzur fiskalari aurre egiteko
25 suhiltzaile plaza eta iruzur fiskalari aurre egiteko 15 teknikari plaza betetzeko Enplegu Eskaintza Publikoa deituko du Foru Aldundiak. Imanol Lasa bozeramaileak -foru gobernua, erakundea eraldatu eta modernotu asmoz- burutzen ari den apustuaren baitan kokatu ditu neurri hauek. Eraldatze lan horretako zutabeetako bat enplegu publikoa da zerbitzu “moderno, eraginkor eta gipuzkoarren beharretara doituagoa eman ahal izateko”
Lasak gogora ekarri du, bere konpromisoa enplegu publikoa finkatzeko estatuko markoak dauzkan zirrikiturik estuenez ere baliatzea dela. Herritarrei eskainiko zaizkien 40 plazatik zortzi, 2015eko estatuko aurrekontuetan xedatutako erreposizio tasa gehienekoak dira. Suhiltzaileenak izango dira eta joan den 29ko Diputatuen Kontseiluan onartu ziren.
2016ko aurrekontuetan malgutu egin da aipatu erreposizio tasa, gehieneko 32 plaza, eta Foru Aldundia horretaz baliatuko da haietako 17 suhiltzaileenak eta 15 iruzur fiskalaren kontrakoak izateko, bozeramaileak esan duenaren arabera. Berehalakoan onartuko ditu Diputatuen Kontseiluak. Gainera, joan den abenduaren 29ko kontseiluan beste 13 kabo plaza hornitzea onartu zen, barne promozioz kasu honetan.
Neurri honekin behar larri bati erantzuten zaio, baliabide propioekin behin betirako bete ezin zitezkeen postu huts egiturazkoak hornituko baitira. “Suhiltzaile Zerbitzu berriaren egonkortasuna eta funtzionamendua lagunduko ditu, eta hori estrategikoa da guretzat” azpimarratu du Lasak. Gainera, epe laburrean plaza berriak sortzeko formulak aurkitzea ez duela baztertzen eta modu ofizialean baieztatu du hiru ofizial berrien izendapena, horietatik Arkaitz Orbegozo izango delarik Zerbitzuburu berria.
Denbora gutxian, joan den legealdi osoan baino 35 plaza gehiago eskaintzea lortuko da
2413