5,8 milioi bideratuko ditu Aldundiak bi urtetan gizarte zerbitzuetako zentroak hobetzeko
5,8 milioi bideratuko ditu Aldundiak bi urtetan gizarte zerbitzuetako zentroak hobetzeko
Diru laguntza lerro berriak jarri ditu martxan tokiko entitate eta elkarteentzat, “zerbitzuaren kalitatea hobetzen jarraitzeko”
Gizarte zerbitzuetako zentroetarako inbertsioak diruz laguntzeko oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu gaurko Diputatuen Kontseiluak. Imanol Lasa foru bozeramaileak agerraldian aditzera eman duenez, hiru lerrotan banatutako diru laguntza sorta berria da gaur onetsitakoa: zentro berriak sortzeko, dauden zentroak zaharberritzeko eta hirugarren gizarte-sektoreko entitateen egoitzetan inbertsioak. Guztira, 5,8 milioi euro bideratuko ditu foru erakundeak “gizarte premien arretarako azpiegiturak hobetu eta sendotzeko”; 2.750.000 2018ko deialdian, eta 3.050.000 2019koan.
Horrela banatuko dira diru laguntzak: 2018an, 1.210.000 euro bideratuko dira zentro berriak sortzeko, beste 1.210.000 euro egun dauden zentroak handitu, eraberritu edo/eta egokitzeko, eta 330.000 euro inbertsioak egiteko hirugarren gizarte-sektoreko entitateen egoitzetan eta delegazioetan, izaera soziosanitarioko, soziolaboraleko, sozioedukatiboko eta antzeko jarduerak egiten dituztenetan hain zuzen. Lan ildo berdinetarako, eta 2019ko deialdirako, kopuru hauek onartu dira, hurrenez hurren: 1.240.000, 1.240.000 eta 570.000 euro.
Deialdi horietara aurkeztu ahal izango dira Gipuzkoako tokiko entitateak, eta diru laguntza eskatzen den zentroaren jarduerarekin zerikusi zuzena duten helburuak dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde publiko eta pribatuak. Zentro berriaren sorrerari dagokion atalean, proiektuen idazketa zein obrak lagunduko dira diruz. Indarrean diren zentroen erreformetarako atalean, berriz hauek babestuko dira: handitze, eraberritze edo/eta indarrean dagoen arautegira egokitzeko lanak; zentroaren kokapena aldatzeagatik, lokalen egokitze lanak; eraikinaren energia efitzientziaren hobekuntzarako eraberritze lanak; eta unitate psikogeriatrikoak sortzea
Deialdi horren bidez bultzatuko da gizarte zerbitzuetako zentroetan teknologia berriak abian jartzeko proiektu berritzaileen garapena ere, modu zuzenean edo zeharka erabiltzaileen arreta hobetzeko eragina dutenean. Halaber, irizpideak txertatu dira oinarrietan, arretarako eredu berriak martxan jarri, edo gutxi garatutako ereduak fintzeko. Mota askotako zentroetara zuzentzen dira diru laguntzak: egoitzak, babestutako etxebizitzak, eguneko zentroak, gaueko harrera zentroak… Bultzatutako aktuazioek, horrez gain, ahalbidetuko dute espazioak handitzea, plaza berriak sortzea edota irisgarritasuna hobetzea.
Inbertsio egitasmo berri horrekin, Gipuzkoako gizarte-baliabideen sare publikoko eskaintza gizarte-beharrizanen bilakaerara egokitze eta lurralde mailako oreka lortzen jarraitzea da Aldundiaren asmoa. “Baita zerbitzu eta prestazioen eskaintzari dagokion kalitatea hobetzea ere, adinekoen, desgaitasuna dutenen, edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonen beharrizanetara egokitutako arreta bermatzeko, eskaintza hori bere ingurunetik ahalik eta hurbilen kokatuz”.
Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapa gauzatzen jarraitzen du Aldundiak, modu horretan. Plangintzarako tresna bat da, epe potentzialki aurreikusten den eskaerari erantzuteko gizarte zerbitzuen sistema hedatzeko modua ezartzen duena. Lurraldeko gizarte zerbitzuek 30.000 pertsona baino gehiago atenditzen dituzte gaur egun. Horietatik 20.000 adinekoak dira, eta 1.500 adingabeak. Gainera, 544 pertsonaren tutoretza dute. Adinekoentzako 61 egoitza-unitate dauzka Gipuzkoak, psikogeriatriako 31 unitate, eta egoitza soziosanitarioko bi unitate-zentro. Legegintzaldi honetan zehar 178 plaza berri sortu ditu Aldundiak egoitza horietan. Era berean, adinekoentzako 63 eguneko zentro daude; horietan beste 85 plaza ireki ditu hiru urte hauetan zehar
“Gipuzkoako gizarte arretarako sistema, tresnarik garrantzitsuenetakoa da berdintasunean oinarritutako gizartea lortzeko, bazterketa orotatik urrun, pertsonak erdigunean jarrita eta inor atzean utzi gabe. Gure lurraldeak berezitasun bat du, indargune ere badena; 4.500 boluntario-elkarte izatea sostengu, gehien-gehienak arlo sozialean. Oinarri hori zaindu eta indartu behar dugu, gaur onartu duguna bezalako neurriekin, eta sistemaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatzera bideratutako beste egitasmoekin, Etorkizuna Eraikizen bitartez”, azpimarratu du.
Deskarga eta Zubietara bisitak
Agerraldi berean, Lasak berretsi du foru gobernuak bisita bana antolatuko duela aurki Batzar Nagusietako talde politiko guztietako arduradunekin, Gipuzkoako Ingurumen Guneko eta Antzuola-Bergara errepide zatiko obren aurrerapena bertatik bertara ikusteko, “hasieratik aurreikusita zegoen bezalaxe”. “Legealdiko aktuazio garrantzitsuenetako bi dira. Batekin Gipuzkoako biribilgunea amaituko dugu, eta bestearekin behin betiko eta modu jasangarrian konponduko dugu hondakinen kudeaketa”, gogorazi du. Hori horrela, bi gune horietara bisita “gardentasun osoz” antolatzeko eta agendaren xehetasunak helarazteko, obra horien ardura duten bi departamentuak, Bide Azpiegituretakoa eta Ingurumenekoa, Batzar Nagusietan dagokien batzorde buruekin jarriko dira harremanetan lehenbailehen bete dadin asmo hori.
Bildu eta Podemos alderdietako arduradunek joan den astean egindako adierazpenen inguruan, Lasak gogorarazi du bi obra horien lizitazio prozesua eta esleipenaren dokumentazio guztia herritar guztien eskura dagoela Foru Aldundiaren web orrian, gardentasun osoz, eta hor ikusi daitezkeela zeintzuk diren langileen lan baldintzak eta enpresa esleituek bete beharreko baldintza guztiak”.
“Lanean jarraituko dugu beti baldintza horien duintasuna ziurtatzeko, eta baldintzak betetzeko erakundeak esleitutako zerbitzu eta obra guztietan. Foru gobernu hau aurrekoak baino urrunago joan da arlo horretan, lan baldintzak edo subrogazioa bezalako esparruak arautuz kode etikoekin eta kontratazio eskuliburu batekin, eta mekanismoak aurreikusiz baldintza horiek zaintzen direla egiaztatzeko. Dokumentu horiek derrigor jarraitu beharrekoak dira bai enpresa esleipendunentzat, bai diru laguntzak jasotzen dituzten elkarteentzat, eta baita Aldundiarentzat ere. Beraz, ez dugu onartuko gure konpromisoa zalantzan jartzea, inolako oinarririk gabe”, amaitu du.
1514