Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 5.868 izen-emate Kultura eta Gazteria Departamentuko Udaleku eta Gazte Oporraldi programetan

5.868 izen-emate Kultura eta Gazteria Departamentuko Udaleku eta Gazte Oporraldi programetan

Aurtengo udan, guztira, 1.435 plaza eskainiko dira bi programetan Gipuzkoako haur eta nerabeentzat.

2022/04/01

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko Haur eta Gazteen Zuzendaritza Nagusiak aurten ere antolatu ditu bere udako ekintzen programak. Udaleku eta Gazte Oporraldietan izen emateak amaitu dira jada, aurten 6.000 eskari inguru jaso dira.  Baina kanpaina ezagun horiez gain, Aldundiak hainbat baliabide jartzen ditu udako astialdiko ekintzen erabiltzaileen eta antolatzaileen eskura: besteak beste, Udabizi plataforma eta haur, nerabe eta gazteen sustapenerako dirulaguntzak.

 

Honi dagokionez, Harkaitz Millan Kultura eta Gazteria diputatuak gogorarazi duenez, “Gipuzkoako aterpetxeak Udalekuekin itzuliko dira, COVIDen aurkako ahaleginaren parte izan ondoren. Beste bi Aldundiekin batera egindako eskaintzaren barruan, Gipuzkoan 1.050 plaza eskaintzen ditugu. Gainera, Gipuzkoako programak Gazte Oporraldiak eskaintzen ditu; opor-eskaintza horrek 385 plaza gehiago ditu 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, Espainiako hainbat lekutan”.

 

Udalekuak eta Gazte Oporraldiak            

Astearte honetan amaitu zen izena emateko epea. Gipuzkoako 5.868 haur eta gazte izan dira  uda honetan aisialdiaz modu aberasgarrian gozatzeko gogoa adierazi dutenak. 7 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako Udalekuak programak 4.637 aurre inskripzio jaso ditu, banaka edo hiruko taldeetan. Aldiz, 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako programan, Gazte Oporraldiak; 1.230 izan dira.

Plazak esleitzeko zozketa jendaurrean eta notario aurrean egingo da datorren astelehenean, apirilaren 4an Gaztegunen. 10:00etan Udalekuetako plazak zozkatuko dira eta 10:30ean Gazte Oporraldikoak. Arratsalde horretatik bertatik jakinaraziko dira emaitzak kanpainan parte hartzen duten udal bulegoetan eta Interneten. Erreklamazio-epea martxoaren 30etik 31ra izango da. Azkenik, zozketan plaza lortu dutenek apirilaren 5etik apirilaren 6ra bitartean dute behin betiko izena emateko epea.

Uda honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 1.435 plaza eskainiko dizkie Gipuzkoako haur eta gazteei: 1.050 plaza Udalekuak programarekin, 2009-2015 urte bitartean jaiotako haurrentzat eta 385 plaza Gazte Oporraldietan 2005-2008 urteen bitartean jaiotako gazteentzat. Plaza horien % 5 hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonentzat dira.

Aurten, bi programek Covid19aren ondorioz galdutako plazak berreskuratu dituzte. Iaz, 1.075 plaza izan ziren guztira: 785 Udalekuetan eta 347 Gazte Oporraldietan. 2020an, ordea, programak bertan behera utzi behar izan ziren pandemiagatik.

Udalekuak programa hiru foru-aldundiek elkarrekin antolatzen dute eta, beraz, Gipuzkoako haurrek Arabako eta Bizkaikoekin batera biziko dute esperientzia. Gazte Oporraldiak, berriz, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Madrid eta Aragoiko autonomia-erkidegoekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen direnez, egonaldi batzuetan, parte-hartzaileek leku horietako gazteak ezagutzeko aukera izango dute.

Gai jakin batzuen inguruan antolatzen diren egonaldi hauen helburu nagusiak, besteak beste; aisialdi hezigarria sustatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, ingurune bakoitzeko ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutzea edota aisialdiko jardueretako komunikazioetan euskara indartzea dira.

Aurtengo esperientziak uztailaren 1ean hasiko dira eta uztailaren 29an amaituko dira Udalekuak eta abuztuaren 7an Gazte oporraldiak. Izan ere, haurren egonaldi guztiak 7 egunekoak izango dira, baina gazteenak 7, 10, 11 edo 12 egunekoak izan daitezke. Hizkuntzari dagokionez, Udalekuetako txanda euskaraz izango dira eta beste batzuk ele bitan; eta Gazte Oporraldietan, berriz, batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz.

Nolanahi ere, txanda laburragoak edo luzeagoak izan, euskaraz zein ele bitan, leku batean naiz bestean, guztietan mota ezberdinetako ekintzez osaturiko programazioa izango da, hau da, ekintza hezigarriak, esperientzia aberasgarriak, aisialdikoak, kirolak, kultur bidaiak eta taldeko ekintzak.

Informazio guztia hemen   
Udalekuen webgunea                                  
Gazte oporraldien webgunea

UDABIZI: udako astialdiko eskaintzaren bilatzailea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak UDABIZI bilatzailearen garrantzia azpimarratu nahi du; izan ere, aurreko urtean ia 7.000 bisita jaso zituen. Datu-base horretan biltzen dira Gipuzkoako elkarte, erakunde eta entitate desberdinek antolatutako udako astialdi-eskaintzak (udaleku itxi eta irekiak, kanpamentuak, ikastaroak, etab.) eta baita arlo horretako lan-eskaintzak ere.

Gipuzkoako familia eta nerabe askok tresna horretan topatzen dituzte udan zehar astialdiaren alorrean egin ahal izango dituzten ekintza interesgarriak, batez ere orain Aldundiko udaleku eta gazte oporraldien zozketaren ondoren.

Ez hori bakarrik, gazte askok Udabizi bilatzailea kontsultatzen dute udan begirale eta zuzendari lanetan aritzeko, praktikak egiteko, etab.. Horientzat ere tresna oso baliagarria da; kontuan hartu behar da Gipuzkoan aisia hezitzailearen arloan mugimendu handia dagoela: lurraldeko gazte asko dira urtero udan astialdiko ekintzetan lan egiten dutenak.

  

2336