Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 50 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok babestu dute Elkar-EKIN plana

50 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok babestu dute Elkar-EKIN plana

«Elkar-EKIN LANEAN estrategia: Enplegagarritasun eta aktibazio inklusiboaren estrategia 2018-2022» kongresua izan da, gaur goizean, Tabakaleran

Lurraldeko 50 eragile publiko eta pribatuk baino gehiagok bat egin dute Elkar-EKIN Gizarteratzeko Planarekin, enplegagarritasun aukerak sortzeko helburuz, ez bakarrik gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzat, baita langabezian edo lan egoera prekarioan dauden pertsonentzat ere. Gaur goizean sinatu dute atxikimendu dokumentua Tabakaleran, «Elkar-EKIN LANEAN: Enplegagarritasun eta aktibazio inklusiboaren estrategia 2018-2022» kongresuaren barruan. Hirugarren sektoreko eta enpresa munduko 160 eragile baino gehiago izan dira bertan. Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu du, alde batetik, gizarte inklusioa lortzeko «enplegu duinean dagoela gakoa», eta, bestetik, Elkar-EKIN plana «Gipuzkoan dugun txertoa dela populismo xenofoboari aurre egin diezaiogun». Horren harira, azpimarratu du Elkar-EKIN-en bitartez «ibilbide pertsonalizatua eskaintzen dugula bazterkeria arriskutik ateratzeko; gero formazio bat”, eta, azkenik, lan-munduratze bat, enplegu duin bat lortzeko».

Diputatu nagusiak jakinarazi duenez, enplegagarritasun plan hau «lankidetzan eta partaidetzan oinarritutako hausnarketa lan» baten emaitza da, eta, horretarako, hirugarren sektorearekin, garapen agentziekin eta prestakuntza entitateekin aritu dira lanean, Etorkizuna Eraikiz ekimenak bere egiten duen elkarlaneko gobernantzarekin «bat etorriz». Horrela «erantzun nahi die etorkizuneko erronkei Foru Aldundiak, gizartearen eta bere eragileen eskutik».

Olanok adierazi duenez, enplegagarritasun estrategia honek enplegua nahiz okupazioa «lortzea eta mantentzea» duela xede, «enpleguaren kalitateari eutsiz eta hura hobetuz». Atxikimendu honen bitartez, gaineratu du, «Eusko Jaurlaritza-Lanbide, gizarte, ekonomia, kultura eta berrikuntza sozialaren arloko eragile publiko eta pribatuak inplikatzen ditugu, eta baita gizarte zibila bera ere, helburu argi batekin: Gipuzkoa, Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat izateaz gain, mundu mailan gizarte, hizkuntza eta genero arloko desberdintasun gutxiena duen lurraldeetako bat ere izatea». Alde horretatik, ohartarazi du Gipuzkoa Estatu eta Europako lurralde «kohesionatuenetakoa» bada ere, «oraindik hobetu egin behar dugula, zeren 35.000 pertsona ditugu pobrezia arriskuan edo egoeran; eta baita ere, biztanleen zati batek lana badu ere, pobrezia erlatiboan bizi da. Beraz, horregatik guztiagatik jarri dugu martxan Elkar-EKIN plana».

 

Sareko lanaren esperientziak

Enplegagarritasun kongresuari hasiera emateko, Gipuzkoako enplegu eta enplegagarritasun aukerak aztertu dituzte, Prospektikerrek, FTSIk, ASLEk, Gipuzkoako Bazkundeak eta OPEk egindako lau azterlan prospektibo oinarri hartuta. Erabilitako metodologia eta gizarte bazterketaren arloko kudeaketaren egoerari buruzko AMIA analisi bat aurkeztu dituzte. Ondoren, diputatu nagusiak Gipuzkoako Enplegagarritasun eta aktibazio inklusiborako estrategia aurkeztu du, maila anitzeko gobernantza baterako elementu giltzarri gisa.

Atxikimendua sinatu ondoren, elkarrizketa bat izan da gizarte garapena benetan lortzeko behar den garapen ekonomikoaren garrantziari buruz, eta bertan Bidebarri eta Alcampo esperientzien arrakasta hartu dute eredutzat. Marcos Muro Enplegu sailburuordeak parte hartu du elkarrizketan, besteak beste. Ondoren egin den hizketaldi batean, enplegagarritasun eta aktibazio inklusiborako sareko lanaren hainbat esperientzia aurkeztu dituzte, hala nola Beterri-Buruntza udalak, Oarsoaldeko eta Debagoiena/Debabarrenako kasuak. Jarraian, enplegagarritasun eta aktibazio inklusiboari buruzko eztabaida mahaiak osatu dituzte, eta parte-hartzaileek ekarpen interesgarriak egin dituzte. Amaitzeko, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak itxi du kongresua, honako hau azpimarratuz: «Gipuzkoak gaur aurrerapauso handia eman du, izan ere, lortu dugu lurraldeko eragile sozialak eta ekonomikoak erakundeekin lerrokatzea, pertsona behartsuenen enplegagarritasuna eta aktibazio inklusiboa erdietsi dezagun».

Elkar-EKIN-en bitartez ibilbide pertsonalizatua eskaintzen dugu, gero formazio bat, eta lan-munduratze bat, enplegu duin bat lortzeko
  

1812