Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 502.500 euro bideratuko ditu Aldundiak Gipuzkoako eskulangintza sektorea bultzatzeko

502.500 euro bideratuko ditu Aldundiak Gipuzkoako eskulangintza sektorea bultzatzeko

Elkartegintza, modernizazioa eta profesionalizazioa sustatuko dira, beste hainbat lan ildoren artean

2016/06/13

Gipuzkoako Eskulangintza Sektorea Sustatzeko Planari lotutako diru-laguntzen oinarriak onartu ditu Diputatuen Kontseiluak. 502.500 euro bideratuko ditu guztira, Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan, sektorea berrikuntzaren bitartez birdefinitu, eta hartara etorkizun ekonomiko eta sozialki jasangarri batera iristeko. “Artisautzak, bai ikuspegi tradizionaletik eta baita garaikidetik ere, ahalmen eta bideragarritasun handia dauzka gure gizartean. Ekoizpena eta banaketa garatu nahi ditugu, jarduera honek dituen enfoke soziala, kulturala eta ekonomikoa uztartuz”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Aldundiak konpromisoa hartzen du eskulangintza agerian jar dadin, eta ospe oneko eta kalitateko ingurune profesional batean kokatu dadin. Horretarako, jarduera lerroak garatuko dira deialdi honen barruan, honakoa lortzeko: eskulangintza alorraren ospea handitzea eta ezagutzera ematea, desagertzeko arriskuan dauden ohiko eskulangintza jarduerak zainduta; eskulangintzako elkarteak bultzatzea; batera jarduteko proposamenak garatzea  –eskulangintzaren eta turismoaren garapen lokala/endogenoa aintzat hartuta–; eta eskulangintza azokak birformulatzea, profesionalizatzea eta bultzatzea.

Diru-laguntza horien bitartez, Aldundiak lagundu nahi du eskaintza egokitzen populazioko eta kontsumoko segmentu eta ohitura askotarikoen behar eta eskaeretara; irisgarritasuna areagotu nahi du, banaketako eta merkatuetara iristeko formulak txertatuz, teknologia berrien zeregin espezifiko batekin; kontsumoko eta gozameneko ohiturak azpimarratuko dituen irudi bat sustat eta garatu nahi du; eta lehiakortasunean sakondu nahi du, eskulangintza jardueraren bideragarritasunari  lagunduko dioten merkataritza eta kudeaketa gaitasunak garatuz. Gainera, ahalegin berezia egingo da sektorearen balorazio eta onarpen soziala eta profesionala lortzeko, Eskulangintza Erregistroa berriro definitzeko prozesuaren bidez.

  

1901