6 milioi Irungo Hegoaldeko Ingurabidea egiteko
6 milioi Irungo Hegoaldeko Ingurabidea egiteko
Lehen fasearen obrak hasteko diru ekarpena onartu du Diputaten Kontseiluak
Diputatuen Kontseiluak onartu du Irungo Udalari 6 milioi euroko diru-laguntza ematea, Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasearen obrak finantzatzeko. hiriaren hegoaldetik Behobiara joateko aukera emango du Udal jabegokoa izango den saihesbide berriak. Horrela, Imanol Lasa foru bozeramaileak azpimarratu duenez, legealdi hasieran hartutako konpromisoa bete du Foru Aldundiak, Gipuzkoako bigarren hiriarentzat “oinarrizkoa” den azpiegitura babestuz: “Trafikoa arindu eta irundar guztien mugikortasuna hobetuko du, bizi-kalitatean ere aurrerapauso handia ekarriz”.
Hegoaldeko Ingurabidea Udalaren jabetzakoa izango da, eta berari dagokio orain obrak lehenbailehen hasteko “eman beharreko pausoak ematea”; izan ere, Aldundiak diru-ekarpena formalizatu du jada, eta prest dauka ere erakundearen jabegokoak diren lur zatiak lagatzeko dokumentua. 16 hilabete iraungo dute lanek. Bi zatik osatzen dute proiektua: Hegoaldeko Ingurabidearen lehen zatia, 7.048.544,04 euroko aurrekontuarekin, Aldundiak 6 milioi ordainduko dituelarik; eta, bestetik, Txenpereneako ekipamendurako lurzatian sartzeko biribilgunea egitea eta sarbidea handitzea, 1.167.151,77 euroko aurrekontuarekin, Udalaren kontura.
Bide azpiegitura berria 690 metro luze izango da, eta hiri hegoaldetik Behobiara joateko saihesbidearen lehen fasea izango da. AP-8 autopistaren lotunean egingo den biribilgune berriarekin konektatuko du, alde batetik. Eta, bestetik, behin-behineko lotura baten bitartez, Euskal Herria etorbidearekin, Egiluze komentutik gertu, hain zuzen. Plantako trazatuak autopistaren bidea jarraituko du, horren iparretik. Behobiako norabidean beheranzko aldapa edukiko du, gehienez %5eko maldarekin. Goranzko norabidean, Behobia-Oinaurrerantz, bi errei edukiko ditu, eta beherantz, berriz, bakarra, metro bateko erdibitzaileak banatuta.
Aktuazio horri, gehitu egin behar zaio AP-8 autopistako lotune-erdi berria, egunero 2.500 ibilgailuri zerbitzua emango diena. Abendu-urtarril inguruan aurreikusten da obrak hastea, eta horiek egiteko epea urtebetekoa izango da. Aldundiak epe motzean esleituko ditu lanak, eta osorik finantzatuko du proiektua, 9,3 milioi eurorekin, Bidegi foru sozietatearen bitartez. “Ikusten den bezala, guztira 15 milioi eurotik gorako diru ekarpena egungo dugu guztiz lotuta dauden bi proiektu hauek aurrera eramateko. Irungo erdiguneak konexio zuzenagoa edukitzea ahalbidetuko dute, eta horrek aurrerapauso nabarmena ekarriko du Gipuzkoako bigarren hiriaren mugikortasunean eta, nola ez, kalitatean”.
Hegoaldeko Ingurabidearen lehen faseak, AP-8ko lotune-erdiak duen potentziala aprobetxatzen hasteko aukera emango du, Irungo erdigunearen komunikazioa hobetuz, sarbide berria sortzen duen neurrian. Baina potentzialtasun guztiari, Udalak gainerako faseak gauzatzen dituenean aterako zaio etekina. Hirigunearen hegoaldetik sarbide horiek egitea Gipuzkoako errepide sarearen mesedetan izango da, bereziki GI-636 edo garai bateko N-1 errepidearen mesedetan, sarbide aukera gehiago izatean arindu egingo baita gaur egun kanpoko lotura bakar gisa eta auzo arteko joan-etorriak egituratzeko erabiltzen den errepide hori.
Hala, proiektu horiekin nabarmen arinduko da GI-636 errepideko trafikoa. Premia handiko kontua da; izan ere, bertan bat egiten dute 60.000 biztanletik gora dauzkan Irungo trafikoek, eta 20.000 biztanletik gora eta turista kopuru handia dauzkan Hondarribikoek. Horri, eskualdea muga ondoan egoteak duen eragina gehitu behar zaio. Aurretik, GI-636 zabaltzeko aukera aztertu zen, baina alde batera utzi zen ingurugiroari lotuta eta funtzionalki zeuzkan eragozpenak zirela-eta, Hegoaldeko Ingurubidearen alde eginez. “Irundarrek urte asko daramatzate auto-ilarak eta zailtasunak pairatzen hirira sartzerakoan eta irteterakoan. Gure betebeharra da denok elkarlanean jarraitzea Irungo zein Gipuzkoako herritarron arazoak konpontzeko, eta hori da egingo duguna”, ziurtatu du Lasak.
Bestalde, Aldundia lanean ari da dagoeneko beharrezko aldaketak ezartzen, etorkizunean AP-8an Irun-Bentak-Behobia zatiko ohiko erabiltzaileei deskontuak eskaintzeko. “Lehen joan-etorriko desplazamendutik % 50eko deskontua izango da, eta 20 desplazamenduko kopurua gainditzen denean, berriz, % 80koa. Hobari horiek eskuratu ahal izateko, beharrezkoa izango da Abiatu gailua edukitzea. Horrela, Aldundiak irizpide berria hartuko du autopistaren tratamenduan Irun guztian zehar, Bentasetik-Behobiara doan zatiari saihesbide izaera emanez”, zehaztu du.
Desgaitasunari arreta
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak onartu du Azpeitiko Udalak egindako doako erabilera lagapena, Loiolako Ignazio etorbideko hiru lokalena. Lagapenaren iraupena 20 urtekoa da, eta lokalak desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako zerbitzuetarako erabiliko dira. Horrela banatuko dira: 505,50 m2–ko azalera duen gizarte lokala, desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako eguneko zentroa jartzeko; 513 m2 dituen gizarte lokala, hiru lokalez osatuta dagoena, zuzkidura-bizitokia jartzeko; eta hirugarrena, 224 m2 dituena, desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako bestelako baliabideak jartzeko.
Neurri horrekin, Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan finkatutako plangintza garatzen jarraitzen du Aldundiak. Plangintza horrek jasotzen du, arreta premiak gehitu egingo direla, hainbat faktorerengatik, eta horien artean dago desgaitasun psikikoen intzidentzia areagotzen joango dela. Testuinguru horretan, beste ekimen batzuen artean, desgaitasun psikikoa duten pertsonentzako hainbat ekipamendu sortzeko beharra dago Azpeitian, Urola-Kostako eskualdean. Hori dela-eta, 2018ko martxoan Gizarte Politikako Departamentuak bertako Udalera jo zuen lokal horien lagapena eskatzeko. Eskaera horri erantzuteko, Azpeitiko Udalak, uztailaren 3an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen lagapenari oniritzia ematea. Gaurko erabakiarekin, formalizatu egingo da. Udalaren “prestutasuna” eskertu du foru bozeramaileak, azpimarratuz erakundeen arteko elkarlanak duen balioa “Gipuzkoa berdintasunean oinarritutako lurraldea izan dadin, inor atzean utzi gabe”.
Diru-laguntza Pasaiari
Azkenik, Pasaiako Udalari 38.720 euroko diru laguntza ematea erabaki da, eguzki panelekin kargatu daitezkeen bateriak erabiltzen dituzten sentsore adimentsuak errefusaren edukiontzietan jartzeko, eta, horrela, bilketa hobetzeko proiektu pilotu bat egiteko. Ingurumen zuzendaritzak esperientzia pilotu bat abian jarri zuen eta hitzarmen bat sinatu zuen Donostiako Udalarekin, 100 edukiontzitan sentsoreak jartzeko, edukiontzien betetze maila eta tenperatura kontrolatzeko. Hala ere, edukiontzietan jartzen diren gailuen puntu kritikoetako bat bateriei eta bateria horien mantentzeari dagokiena da; soluzio gisa, eguzki panelek kargatu ditzaketen bateriak erabiltzen dituzten lehenengo sentsoreak agertzen ari dira.
Ondorioz, Aldundiak uste du interesgarria izango litzatekeela Gipuzkoa osorako proiektu pilotu bat abian jartzea, mota horretako sentsoreak instalatzeko. Hori dela-eta, erabaki du hitzarmen bat sinatzea Pasaiako Udalarekin, alboko karga duten errefusaren 65 edukiontzietan sentsore horiek jartzeko, Pasaiak “abantaila asko” baititu halako esperientzia bat abian jartzeko, hondakinen bilketaren efizientzian asko hobetu baitaiteke.
“Hondakinak gaika biltzeko edukiontziak funtsezko elementu bilakatu dira, baina ezinbestekoa da horiek egoki kudeatzea, efikazia eta efizientzia bermatzeko. Efizientziari dagokionez, edukiontzien betetze maila ezagutzea oso tresna erabilgarria izan daiteke haien bilketa eraginkorragoa egiteko eta edukiontziak gainezka ez egoteko. Aldi berean, ingurumen hobekuntzak ere lor daitezke, hala nola errefusaren bilketan eta garraioan sortzen diren gas isurketa eta zaraten murrizketak”, amaitu du Lasak.
1756