Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 600 lagunek abestu dute Gipuzkoan nahi ez diren bakardadeen aurka

600 lagunek abestu dute Gipuzkoan nahi ez diren bakardadeen aurka

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik antolatutako ‘Hariak Kantuz’ ekimenaren bigarren edizioak “arrakasta handia” izan du, adin guztietako 140 ahotsen parte-hartzeari esker

Hariak

600 pertsona inguru bildu dira larunbat arratsaldean, abenduaren 16an, Kursaaleko Kongresu Jauregian, Gipuzkoan nahi ez diren bakardadeen aurrean abesteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik, lurraldeko Abesbatzen Federazioarekin batera, antolatutako ‘Hariak Kantuz’ ekimenaren bigarren edizioak “arrakasta handia” izan du eta auditorioa osorik bete da. Ekitaldi artistiko honetan 140 lagunek hartu dute parte, koristak, musikariak eta artistak tarteko. Haur, gazte eta helduek bat egin dute nahi ez diren bakardadeen inguruan sentsibilizatzea helburu duen kontzertu handi honetan. Fenomeno horrek Gipuzkoako adineko hiru pertsonatik bati eragiten dio.

“Gipuzkoan, 55 urtetik gorako pertsonen %30 inguru (88.500 pertsona) bakarrik sentitzen dira, baina % 55ek soilik (15.000 pertsona) onartzen dute modu irekian”, azaldu du Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak, eta gaineratu duenez, “lehen mailako erronka bat da, baina aukera-testuinguru batean gaude”.

Ekimen honek, bigarren edizioan, Hariak estrategia zabaldu eta sustatu nahi du. Estrategia horren erronka nagusia da lurraldeko pertsona guztiek eskura izatea egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak bakardade-egoeretan prebenitzeko, aurre egiteko edo laguntzeko.

‘Hariak Kantuz’ Hariak estrategiaren I. Jarduketa Planaren barruan gauzatzen ari den proiektuetako bat da. Zehazki, proiektu artistiko-musikal honen abiapuntua da Gipuzkoako abesbatzak izaera sozialeko praktika bat direla, eta, bertan, laguntza eta zaintza sareak garatzen direla; beraz, "jarduera hau aliatu egokia da nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko", adierazi du Peñak.

Gaur arratsaldean, Kursaala bete duen publikoak Eibarko Udal Musika Eskolaren, Juan Bautista Gisasola Haur Abesbatzaren, Legazpiko Sansikutz Abesbatzaren, Beasaingo Loinaz Musika Eskolaren, Sara Mansilla, Larraitz Otameni eta Antonio Ibarzabal koristen eta Garikoitz Mendizabal, Javier del Pozo, Iraide Ansorena eta Josu Elberdin musikarien emanaldiez gozatu ahal izan du. Gainera, Adinberriren Gabonetako II. Abesbatza Kontzertu honetan Hariak mikro-antzerkia ere taularatu da, proiektu honetarako espresuki sortutako eta Helduen Hitza elkarteko antzerki taldeak Cristina Torresen zuzendaritzapean interpretatutako obra originala.

Arrakasta elkarteen topaketan

2023ko edizio honetan, kontzertuaren aurretik, hirugarren sektoreko elkarteen topaketa bat egin da, eta 13 kolektibok hartu dute parte, eta oso positibotzat jo dute ekimena. Hain zuzen ere, Adinkide, Cáritas, Gurutze Gorria, DYA, GIT, Hurkoa, Nagusilan, Secot, Helduak Adi, Helduen Hitza, Afagi, Aubixa Fundazioa eta Agijupens izan dira bertan, eta kontzertuan parte hartu dutenei beren lana azaltzeko aukera izan dute. Topaketa horren bidez,

Adinberrik hainbat gizarte-taldek nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko egiten duten lana ikusarazi nahi zuen, eta, aldi berean, boluntario eta laguntzaile kopurua handitzen lagundu.

  

1778