Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 612 langile 113 enpresaren jabetzan sartu ziren iaz Aldundiaren zerga pizgarrien laguntzarekin

612 langile 113 enpresaren jabetzan sartu ziren iaz Aldundiaren zerga pizgarrien laguntzarekin

Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu duenez, «inoiz baino indar handiagoz hazi zen partaidetza ereduen aldeko apustua, pandemia eta ziurgabetasun ekonomikoa gorabehera».

Markel Olano diputatu nagusia, Txillida Lekun egin den ekitaldian.

2021ean, guztira 612 pertsona (437 gizon eta 175 emakume) Gipuzkoako 113 enpresaren jabetzan sartu ziren, Aldundiaren zerga pizgarrien laguntzarekin. Guztizko inbertsioa 6,8 milioi eurokoa izan zen ia. Urteko zifra handienak dira 2016an partaidetza sustatzeko Foru Araua indarrean jarri zenetik, langile nahiz enpresa kopuruari dagokionez. Aurreko urtearen aldean –errekorreko urtea, bidenabar– % 29,8 hazi zen arauari heldu zioten enpresen kopurua. Zerga araudi hori indarrean egon den sei urteetako zifra metatuak 432 enpresa eta 2.315 langileko kopuruak ematen ditu, eta, guztira, 32,7 milioi euroko inbertsioa haien aldetik.

Aldundiak Chillida-Leku Zabalegi baserrian antolatutako Partaidetza Egunaren esparruan jakinarazi dira datu horiek. Markel Olano diputatu nagusiak eta Ekonomia Sustapeneko eta Ogasuneko diputatuek, Jabier Larrañagak eta Jokin Peronak, foru erakundeak eremu horretan egin duen apustuaren berri eman dute, lurraldeko enpresagintzaren, sindikatuen eta gizartearen ordezkariekin batera. Jardunaldian izan da Juan Luis Urcola prestakuntza eta aholkularitza aditua ere, erakundeetako partaidetzaren balioak aztertzen, eta mahai inguru batean, KateaLegaia, Ikor eta Mondragon Osagaiak enpresek, besteak beste, arlo horretan duten eskarmentua azaldu dute.

Zerga pizgarriez gain, Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren bidez laguntzak ematen ditu Aldundiak urtero, lurraldeko enpresetan partaidetza proiektuak sustatzeko. 2021ean 884.421 euro bideratu ziren, 34 ekimen egiteko, eta aurten guztira 48 eskaera aurkeztu dituzte enpresa eta eragileek. Deialdia hurrengo asteetan ebatziko da. Azken sei urteetan 600 bat enpresa lagundu dira diruz eta 14.500 langile baino gehiago izan dira laguntzaren onuradun. Era berean, bada enpresa eskualdatzeko prozesuak laguntzera bideratutako beste laguntza lerro bat ere; iaz, 23 konpainia izan ziren lerro horren onuradun, eta Aldundiaren inbertsioa 542.000 eurokoa izan zen. 

Ildo beretik, Aldundiak hogei bat proiektu esperimental jarri zituen martxan beste horrenbeste konpainiatan, eta finantzaketa tresna bat du –Elkargirekin garatua– langileei kapitalean sartzeko finantzaketa emateko. Foru erakundeak hamarkada batez baino gehiagoz enpresako hainbat arlotan (kudeaketan, erabakiak hartzeko prozesuan nahiz kapitalean) partaidetza sustatzeko garatu duen estrategia integral baten barruan kokatzen dira neurri horiek. Iaz, Jens Lowitzsch irakasleak, arlo horretako aditu handienetako batek, estrategia hori jardunbide aurreratu erreferentzial gisa nabarmendu eta «Europa Sozial berri baterako partaidetza finantzarioa» izeneko bere azterlanean jaso zuen.

Balorazioa ona

Bere hitzaldian, Markel Olanok adierazi du «oso egokiak» iruditzen zaizkiola Gipuzkoak eremu horretan egindako «ibilbide kolektiboa» eta hura bultzatzeko abian jarritako neurrien emaitzak. «Ikusi dugunez, pandemiak eta ondorengo ziurgabetasun egoerak ez zuten atzerakadarik ekarri, kontrakoa baizik: partaidetza ereduen aldeko apustua inoiz baino indar handiagoz hazi zen. Eta hori oso berri ona da, ikuspegi jakin batean sakontzea dakarrelako: hain zuzen, enpresa epe luzerako proiektu kolektibo, partekatu, eta lurraldearekin konprometitua izan behar duela uste duena. Partaidetza gure gizartearen eta gure ekonomiaren indargune garrantzitsuenetako bat da, gure eredu sozioekonomikoa oinarritzen duten funtsezko balioetako bat, eta egungo ziurgabetasun egoeran elementu bereizgarria izaten jarraitu behar du», azaldu du.

Hori dela eta, Olanok ziurtatu du Aldundiak «zukurik handiena» aterako diela «zergen gainean duen eskumenari» eta bere «laguntza programei», zertarako eta «Gipuzkoari erakunde eta enpresen kulturan partaidetza txertatzeko ahaleginean laguntzeko, eta baita belaunaldi erreleboko edo zuzendaritza aldaketako egoera batean beren enpresetan parte hartzea erabakitzen duten langileei ere». «Apustu hori –gaineratu du– guztiz bat dator gure ekonomia indartzeko, desberdinkeriak ahal beste murrizteko eta guztiok nahi dugun Gipuzkoa kolaboratiboa, solidarioa eta sozialki aurreratua eraikitzen jarraitzeko egiten ari garen lanarekin. Baita gure idiosinkrasian erro sakonak dituzten balio batzuekin ere: kasurako, lanaren kultura eta auzolana».

Bestalde, Jabier Larrañagak adierazi duenez, «partaidetza ereduak lehiakortasunerako zenbait oinarri ematen ditu, hala nola enpresa proiektuen epe luzerako ikuspegia eta sustraiak, eta erabakiak hartzeko guneak finkatzen ditu». «Hala ere –esan du– gure erronka guztion artean ikasten jarraitzea da, berritzeko eta ekonomian gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko. Aldaketa horien artean daude, besteak beste, geografian zehar banatutako enpresen askotarikotasuna kudeatu beharra, lanarekin eta etorkizuneko enpleguarekin erlazionatzeko modu berriekin bizi beharra, edo partaidetza ereduak berak eskatzen dituen lidergo sendoak erabakiak hartzeko modu arinago eta deszentralizatuago batekin uztartu beharra, eraldaketa digitala dela bide.

Fiskalitate aitzindaria

Langileen partaidetza sustatzeko araudia 2016ko abenduan onartu zen, eta urte horretako urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, atzeraeraginarekin. Halako eragiketetan parte hartzen duten bi aldeentzat ditu abantailak. Eroslearentzat (hau da, enpresan parte hartu nahi duen langilearentzat) % 15eko kenkaria dakar PFEZn, gizonezkoa bada, eta % 20koa emakumea bada, enpresaren jabetzan sartzen den pertsonaren alde. Kreditu fiskala 6.000 eurokoa da gizonezkoentzat eta 8.000 eurokoa emakumeentzat. Pizgarria lau urtean aplikatzekoa da, eta urteko mugak 1.500 eurokoak dira gizonentzat eta 2.000 eurokoak emakumeentzat. Saltzailearen adin muga 65 urtetik 60 urtera murriztu zen, eta salmentaren ondoriozko ondare irabazia salbuetsita geratu zen (ez, ordea, kanpoko operadore bati salduz gero).

Duela sei urte, foru araua onartu zenean, hauek ziren helburu nagusiak: enpresak lurraldean finkatzea eta, hala, erabakiak hartzeko guneak bertan ainguratzea, deslokalizazioei aurre egiteko; langileak kudeaketan eta erabaki estrategikoak hartzeko prozesuetan sartzea, enpresaren lehiakortasuna indartzeko; langileek enpresa proiektuarekin duten konpromisoa indartzea; eta talentuari eustea. Horrekin batera, araudian genero ikuspegia sartu zen, enpresagintzaren arloan dauden desberdintasunak murrizten laguntzeko.

 

  

4132