Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 658 zergadunek eskatu dute jada Gipuzkoan amatasun PFEZaren itzulketa

658 zergadunek eskatu dute jada Gipuzkoan amatasun PFEZaren itzulketa

Aldundiak itzulketa eskaera aktibatu du Zergabidea plataforman

2018/10/23

658 zergadunek eskatu dute jada Gipuzkoan amatasun prestazioagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) ordaindutakoaren itzulketa, pasa den ostiralean foru erakundeak tramitea eskatzeko bete beharreko inprimakia onartu eta kaleratu zuenetik. Gaurtik aurrera, idatzia Zergabidea plataforma birtualean ere egongo da, eta bertatik bidali ahal izango da, era telematikoan. Foru bozeramaile den Imanol Lasak azaldu duenez, pausu honekin “Aldundiak orain arte bere esku zegoen guztia egin du” amatasun PFEZaren itzulketak egiteko, nabarmenduz “ahalik eta azkarren” lan egin dela arazoari konponbidea emateko.

Gaia gaur egin den asteroko Gobernu Kontseiluan landu da. Bertan, azken orduaz gain, Auzitegi Gorenak berriki kaleratu duen sententzia batek amatasun prestazioen zergapetzean eragin duen aldaketari buruzko xehetasunak eman dira. Honen ondotik, Euskal Autonomia Erkidegoko ogasunek pasa den astean erabaki zuten epaitegiek ebatzitakoa jarraitzea eta, honen ondorioz, amatasun eta aitatasun laguntzak salbuetsita geratu dira PFEZan. Epaiak ez dio Gipuzkoako araudiari eragiten, Kontzertu Ekonomikoaren arabera zerga hau foru eskumena baita, baina foru bozeramaileak gogoratu duenez, foru Ogasunak irizpide berria ezartzea erabaki du, zergadunen segurtasun juridikoa bermatzeko.

Amatasun PFEZaren itzulketa eskatzeko inprimakia pasa den ostiraletik dago eskuragai Ogasunaren web orrian (www.ogasuna.eus) eta, gaurtik aurrera, baita Zergabidea plataforman ere (zergabidea.gipuzkoa.eus). “Honen bitartez, zergadunak eskabidea era telematikoan bete eta aurkeztu ahalko du, etxetik mugitu gabe”, azaldu du Lasak. Horretarako, pasahitz operatiboaren bitartez identifikatu beharko du bere burua (Ogasunak ematen duena), edota ziurtagiri elektronikoa edota B@KQ sistema erabiliz. Behin barruan, Idatziak atalean aurkituko du itzulketa eskatzeko inprimaki espezifikoa. Bestela, eskabidea foru Ogasunaren edozein bulegotan aurkeztuko ahaleko da aurrez aurre, edota edozein administrazioren erregistroan. Azkenik, posta bidez ere igorri daiteke, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentura zuzenduta.

Lehentasunezko jarduerak

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2018 eta 2019 urteetarako mezenasgoko lehentasunezko jarduerak zehazten dituen foru Dekretua ere onartu du gaurko saioan. Honen bitartez, Aldundiak lehentasunezko jotzen dituen zenbait lan esparru finkatzen dira, eta zerga hobariak ezartzen ditu (kenkaria PFEZaren kuota osoan) alor hauetan egindako ekarpenak.

Aurtengo dekretuan, garrantzia berezia dute Etorkizuna Eraikiz programa bultzatzen ari den agenda politika berrian lantzen ari diren gaiak. Honela, nobedade nagusia euskarazko ikus-entzunezkoen sorrera, zibersegurtasuna, gizartearen zahartzea, elektromugikortasuna edota gastronomiaren digitalizazioa bezalako lan eremuak dira. “Denon artean ari gara biharko Gipuzkoa eraikitzeko lanean eta, estrategia honen bitartez, etorkizuneko sektore ekonomikoei egindako ekarpenak bultzatu nahi ditugu”, esan du Lasak.

Ekonomia sustapenaren alorra utzi gabe, atal honetan beste zenbait lan lerro berritzaile ere ezarri dira aurtengoan: bizitza osoko ikaskuntza sustatzeko jarduerak, Gipuzkoako unibertsitate esparruan talentua erakarri eta atxikitzera bideratutako programen jarduketa lerroak, ekonomia zirkularra bultzatzea xede duten ekimenak (diseinu ekologikoa, berrerabilpena edota birziklapena, beste zenbait konturen artean)… “Gure ekonomiak hazkundearen bidetik jarraitzen du, baina berrikuntza bultzatu eta lan lerro berriak ireki behar ditugu, gure lurraldearen etorkizuna bermatu ahal izateko”, adierazi du foru bozeramaileak.

Koldo Mitxelenaren erreforma

Halaber, Kontseiluak erabaki du kontratazio espedientea hastea, Koldo Mitxelena Kulturunearen erreforma integralari dagozkion proiektuak eta bestelako dokumentu tekniko osagarriak idazteko zerbitzuak esleitzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 214.170 eurokoa da,  eta  gonbidapena luzatuko zaio Astigarraga y Lasarte SLP/BAB Arquitectos UTEari, proiektuen lehiaketa irabazi zuenari, alegia,  beraien proposamena aurkezteko datorren azaroaren 8 arte Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuko erregistroan.

Lehiaketa bi fasetan gauzatu zen. Lehenengoan, estatuan zein nazioartean ospe handia duten 19 talde aurkeztu ziren, eta 2018ko apirilaren 26an  epaimahaiak emandako irizpenaren arabera, bost finalista aukeratu ziren. Finalista geratu ziren bost azterlanek 2018ko uztailaren 18an aurkeztu zituzten aurreproiektuak, eta epaimahaiak proposamen desberdinak aztertu ondoren, bere erabakia eman zuen 2018ko abuztuaren 10ean.  Lehiaketaren oinarrien arabera, batez besteko gehienezko aurrekontua etorkizunean gauzatuko den obra egiteko 5.000.000 euro da. Exekuzio Proiketuaren aurrekontua ezinga da inola ere erreferentziako zenbateko horren %20tik gorakoa izan.

Foru bozeramaileak zehaztu duenez, erreforma horren helburua da zentroari lotutako “premia eta exijentzia berriei” erantzuna ematea. Hainbat erabilera edukiko ditu, hala nola liburutegia, erakusketa aretoak, mediateka, haurrentzako espazioa, edota biltegiak. “Asmoa da kultur zentro moderno eta balio aniztuna lortzea, kultur behar berriei eta etorkizunean sortuo direnei egokitutakoa, beti ere eraikinaren jatorrizko egitura eta nortasunari eutsiz. Etorkizuneko Koldo Mitxelena eraikitzeko erronka daukagu, eta nota onarekin gainditzea espero dugu”. 

Hala, irakurketa areto nagusi bat sortuko da, liburutegiaren erabiltzaileei irekitakoa –mila metro karratutan handituko da bere azalera-; Ganbara erakusketa aretoa hobetuko da, zentralitatea eta irisgarritasuna areagotuz; eta barruko plaza diseinatuko da kaleko plantan, hainbat erabilerarekin. Era berean, gaur egungo “irisgarritasun gabeziak” eta “solairuen arteko komunikazioak” konponduko ditu proposamenak. 

Datorren urtean aterako dira obrak lehiaketa publikora, eta lanak 2019ko iraila aldera hasiko lirateke. Horiek irauten duten bitartean, Koldo Mitxelenak bi urtez egin beharko du itxita, eta Aldundiak behin-behineko zerbitzuak ahalbidetuko ditu beste kokapen batean.
  

1621