7,8 milioi euro pertsonek enpresetan parte hartu eta lurraldearekiko konpromisoa har dezaten
7,8 milioi euro pertsonek enpresetan parte hartu eta lurraldearekiko konpromisoa har dezaten
Ainhoa Aizpuru diputatuak bi programa aurkeztu ditu, “Gipuzkoa parte hartzaileagoa izan dadin eta lurraldearekiko konpromisoa lortzea” helburu dutenak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bi programa berri aurkeztu ditu gaur, Foru Aldundiak sustatutako 2015-2019 Ekonomia Indarberritzeko Planak barne hartzen dituenak. Plan honen helburua Gipuzkoako indarberritze ekonomikoari eustea da, enpresen lehiakortasuna sustatuz, enpresa jarrera aurreratuak eta jasangarriak sustatuz eta herrialde eta lurralde gisa gure industria eta ekonomia politikaren nortasun ikurrak indartuz. Gaurko gobernu kontseiluaren ondoren aurkeztutako bi programen zenbatekoa guztira 7.798.953 eurokoa da eta Ainhoa Aizpuruk adierazi duen moduan bere helburua "enpresetan pertsonen parte hartzea bultzatzea eta lurraldearekiko konpromisoa sustatzea da”
Lehen programa enpresetan pertsonen parte hartzea sustatuko duen Gipuzkoa parte hartzaileago eta konprometituago baten jarduera ildoaren barruan sartzen da. Helburu horri jarraiki, Foru Aldundiak orain arte bi tresna aurkeztu ditu: enpresetan pertsonen parte hartzea sustatuko duen foru arauaren proiektua eta enpresetan inbertsioak laguntzeko Elkargi eta Oinarriren arteko hitzarmenaren bidez martxan jarritako tresna finantzarioa, enpresetan parte hartzeko proiektuak sustatzeko atal bat ere baduena.
Gaur hirugarren tresna aurkeztu da: enpresei laguntzeko programa berri bat. “Pertsonekin eta lurraldearekin konprometitutako enpresen sustapenerako programa” izenekoari 5.327.666 euroko ekarpen ekonomikoa egin zaio, eta lurraldeko kide izatearen zentzu kolektiboaren loturak eta artikulazioak berreraikitzen lagunduko duten gizarte antolaketa bilatu eta sustatu nahi du, pertsona bakoitzaren izaera kontuan hartuz.
Parte hartzea sustatzeko programa honek hiru ardatz ditu: lehenaren helburua enpresak pertsonetan oinarritutako erakundeak bihurtzea da. Ekonomiaren sustapena, Landa ingurunea eta Lurralde orekako diputatuak azaldu duenez, ardatz honek lortu nahi duena da langileentzat enpresetan parte hartze ereduak sortzea, langileei euren lanean, baldintzetan eta emaitzetan eragiteko aukera emango dieten prozesuak sortzea. Bigarren ardatzak enpresa proiektuetan pertsonen protagonismoa indartu nahi du, langileengan eragin formakuntzaren bitartez, enpresan zein lurraldean partaidetzari lotutako balioak bere egin ditzaten. Eta hirugarren ardatzak prozesu ekonomiko eta sozialaren arteko loturak identifikatu eta zabaldu nahi ditu, enpresek lurraldearen garapen sozial eta ekonomikoarekin duten konpromisoa eta erantzukizuna alegia.
Hala, aberastasuna modu jasangarrian sortzea eta pertsona guztien ongizatea bermatuko duen lurraldea lortzeko Ainhoa Aizpuruk “Gipuzkoaren aurrerapena eta lurralde kohesioa sustatzeko programa" aurkeztu du, 2.471.287 euroko esleipena duena. Deialdi honekin, Foru Aldundiak proiektu estrategikoak garatzea bilatzen du tokiko eta eskualde mailan, agertoki sozio-ekonomiko berriei erantzunez eta lurraldeko eta enpresetako eragile eta tresnak lerrokatuz, identifikazioaren bidez eta motorra diren proiektuei eta proiektu bereizleei lagunduz. Ainhoa Aizpuruk adierazi duen moduan, honen helburua “lurralde kohesioan lagunduko duten programei laguntza eskaintzea da, eta horretarako beharrezkoa da enpresak eta langileak Gipuzkoarekin konpromisoa hartzea”.
Bestetik, erakunde guneak, zerbitzuak eta azpiegiturak sortuz lurraldearen eraldaketa erraztuko duten politikak sustatuko dira, eta bestetik, eskualde mailako estrategiak bultzatuko dira lurraldearen garapenean lagunduko duten ingurunean eraikitzeko. Azken batean, programa honek enplegu gehiago eta hobeak sortu nahi ditu, bereziki estrategikoak diren sektoreetan ekonomia ekoizlearen aldeko apustua eginez, lurraldean aberastasun jasangarria eta orekatua sortuz.
2292