Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 700 metrotik beherako alertekin A-15 autobidearen Gipuzkoako aldea erabat itxiko da

700 metrotik beherako alertekin A-15 autobidearen Gipuzkoako aldea erabat itxiko da

Urtarrilean hasiko dira Oindolar eta Gorosmendiko lanak, eta obrak hasten direnean, elurrarekin ibilgailu astunek N-I errepidetik edo Sakanako autobiatik zirkulatu beharko dute, eta arinek Berastegitik Tolosara doan GI-2130 errepidea erabili ahal izango dute.

2022/11/09
Aintzane Oiarbide, foru diputatua.

Aintzane Oiarbide, foru diputatua.


Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu ditu 2022-2023 Neguko Bidezaintza Planaren xehetasunak. Plan horretan, aurtengo neguan A-15eko tunelen berritzearekin jarraituko denez, autobidea itxiko dela nabarmentzen da, Gipuzkoako aldean, betiere elur-arriskua 1. mailakoa edo handiagoa bada. Horixe iragarri du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. Aurreratu duenez, datorren urtarrilean hasiko dira Oindolar eta Gorosmendiko tuneletako estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko obrak, eta elurra kentzeko kamioiekin trafiko-desbideratzeetatik ibili ezin denez, lanak hasten direnean, autobia ixteko erabakia hartu da. «2023ko urtarrilean ekingo diegu bi tunelak eraberritzeko lanei, eta obrekin hasten garenean, Belabietako eraberritzearekin egin genuen modura, erabat itxiko dira, ibilgailu guztientzat, bi galtzadak, Berastegiko lotunearen eta Andoaingo lotunearen artean, betiere Euskalmeten alertek 700 metrotik beherako elurra iragartzen badute. Hala ere, urtarrilera arte, ez da autobidea itxiko, beharrezkoa ez bada», zehaztu du diputatuak, eta gehitu du aurten ere Telegram ELURRA A-15 NIEVE kontuan unean uneko informazioa jasoko dela. «A-15a moztuz gero, Nafarroako taldeekin koordinatuko da trafikoa beste ibilbide batzuetatik desbideratzea. Gainera, GI2130 errepidetik kamioiak igarotzea debekatuko da, seinale bertikalak jarriz, eta Trafikoarekin koordinatuko da etenaldi hori eraginkorra izan dadin». Andoain-Iruñerako galtzada Andoainen moztuko da, eta ezin izango da ibilgailurik sartu. Iruña-Andoain norabideko galtzada errei batera estutuko da Berastegiko lotunearen inguruan, eta ibilgailuak lotunera desbideratuko dira. Lotunean, Ertzaintzak ibilgailuak diskriminatuko ditu, eta ibilgailu astunak Nafarroarantz A-15 errepidetik bideratuko ditu.

          Aintzane Oiarbidek, bere agerraldian, azaldu du, elurra ikusita, A-15 autobideko zenbait ekipo N-I errepidera jaitsiko direla eta beste bi ekipok laguntza emango dutela Tolosatik Leitzara doan GI-2130 errepidean. «1-4 arrisku-mailak aktibatzen direnean, A-15 errepidearen Berastegi eta Leitza arteko tartea irekita mantenduko da», argitu du Bide Azpiegituretako diputatuak, eta gehitu du A-15 errepidea ahalik eta garbiena mantentzen lagunduko dutela, hartara elur asko pilatu ez dadin eta errepidearen irekiera osoa zaildu ez dadin ireki daitekeenean.

87 kamioi eta 11.400 tona gatz

Oiarbidek jakinarazi du 2022-2023ko Bidezaintza Planak 4,8 milioiko aurrekontua izango du, azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean, eta Meteorologiako Euskal Agentziak izotz (edozein mailatan) edo elur abisuak ematen dituenean aktibatuko da (1.000 metrotik behera).

          Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur zehaztu duenez, Planak Aldundiaren eta Bidegiren 87 kamioi izango ditu, eta horiei, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-I eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak gehituko zaizkie. Garabi horiek ibilgailu astun batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko dira.

          Gatz kopuruari dagokienez, 11.400 tona egongo dira 39 gordailutan banatuta. Urtero bezala, erakundeen arteko koordinazioa izango da elementurik funtsezkoena Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, lankide izango ditu erakunde hauek: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua, eta Arabako nahiz Bizkaiko aldundiak.  Mantendu egiten da arrisku koten aldaketa, iaz egin zena Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalmeten kotetara egokitzeko. Hortaz, 0 arrisku maila aktibatuko da elurra 700 metroan egitea iragarrita dagoenen, bat eginez, horrela, Plana aktibatzen duenarekin eta gure errepideetako kotekin.

Bidezaintza zentroak

2022-2023 Neguko Bidezaintza Plan honek bi zentro nagusi izango ditu: iaz abian jarri zen Bergarako zentroa eta 2020an inauguratu zen Arroa-Zumaiakoa.      Oiarbide diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela elurra kentzeko makinak, gatz siloak eta neguan autobideak egoera onean izateko behar diren gainerako elementuak gordetzeko zentroak izatea. «AP-8, AP-1 eta A-636 errepideetarako Bidegiko neguko bideen dispositiboak bi zentro izango ditu. Bata, AP-8rako, Zestoa-Zumaiako sarreran, eta bestea, Bergarako iparraldeko sarrerakoa, AP-1 eta A-636 autobideetako beharrei erantzuteko. Bi zentroek kokapen egokia dute makinek gure autobideen beharrei ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko».

Kontu handiz ibili

Bidezaintza Planaren helburua da lurraldeko errepide sarea baldintza egokietan edukitzea: izotzik gabe eta elurrik gabe. Hala eta guztiz ere, diputatuak azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. «Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin», azpimarratu du Oiarbidek. Orobat, dei berezi bat egin die ibilgailu astunak gidatzen dituztenei, eta gogorarazi die ezen, elurra badago, guztiz debekatuta dagoela aurrea hartzea eta ezkerreko erreitik joatea.  «Ertzaintza arduratuko da debeku hori kontrolatzeaz. Eskaera hori gainerako ibilgailuentzat ere egiten dut: errepidea egoera txarrean dagoenean, komenigarria da ezkerreko erreia hustea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten», amaitu du. 

  

3824