76 adingabe harrera familia batek hartzeko zain daude Gipuzkoan
76 adingabe harrera familia batek hartzeko zain daude Gipuzkoan
Gipuzkoako Harrera Familien XX. Topaketan 146 familia eta profesional elkartu dira. Harrera babes-figura finkatua da, eta adingabeei alternatiba “ezin hobea” eskaintzen die.
Gaur egun, Gipuzkoan, 384 haur eta gazte bizi dira harrera familiekin, eta, Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñak jakinarazi duenez, une honetan 76 adingabe daude familietan hartzeko zain. Nabarmendu du, halaber, “harrera eskuzabaltasun handiko erabakia dela” eta, familien sarea gero eta handiagoa den arren, ez dela nahikoa egungo premiei erantzuteko. Era berean, adierazi du harrera familiekin bizitzeak alternatiba “ezin hobea” eskaintzen diela adingabeei etorkizunerako, eta azpimarratu du familia harrera babes figura finkatua dela Gipuzkoan, duela 33 urte Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarria.
Diputatuak azaldu duenez, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeek zailtasun handiko errealitateak dituzte beren familietan “eta batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa baita adingabe horiek beren familiatik kanpoko ingurune batean zaintzea. Guztiek ez dituzte behar berberak, baina familia baten berotasuna behar dute, eta, aldi berean, familia biologikoarekin harremana izaten segi, haiekin bizi ezin badute ere”.
Gaur Donostian egin den Harrera Familien XX. Topaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak antolatu dute eta 91 familiak, 52 adingabek eta Gipuzkoako haurren babesaren arloko 55 profesionalek parte hartu dute bertan. Pandemia dela eta, topaketa ez da egin 2019. urteaz geroztik, eta parte hartzaile guztiek “ilusio handiz” espero zuten. Topaketaren ardatz nagusia Iñigo Martinez de Mandojana eta Sergio Jimenez Birakako profesionalek emandako tailerra izan da. Bertan, gurasotasun terapeutikoari eta hazkuntza terapeutikoko goi mailako gaitasunak landu dira.
Maite Peñak nabarmendu du harrera espezializatuko programak arreta berezia jasotzen duela, eta, gainera, “erreferente eta aitzindari dela gure ingurune osoan”. Gaur egun, 21 adingabe bizi dira familia espezializatuekin, eta Aldundia lanean ari da harrera modalitate hori pixkanaka handitzen joateko. Harrera mota hori gauzatzeko, ordea, kualifikazio espezifikoa eta erabateko prestasuna behar dira. Diputatuaren hitzetan, “gehien behar duten adingabeei, premia bereziak dituztenei, ingurune ezin hobea eskaintzen die beren garapen pertsonalerako eta bizi garapenerako”. Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea, esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Hori dela eta, Peñak adierazi duenez, “familia boluntario gehiago behar badira ere, arreta berezia jartzen dugu harrera familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonengan”.
Bestalde, Peñak eskerrak eman nahi izan dizkie harrera familiei eta arlo horretan lan egiten duten elkarteei -Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik- egunero egiten duten “aparteko eta ezinbesteko lanagatik”. “Familiek kontatzen digute egunerokoa maiz zailtzen dela eta erronka handiei egin behar izaten dietela aurre, baina aldi berean esperientzia ona eta oso positiboa dela”. Horregatik aitortu nahi izan du familia horien lana, ardura eta elkartasuna, eta gogorarazi du edozein pertsona izan daitekeela harrera-familia. Interesatuta egon litezkeen familiak deitu eta informazioa eskatzera animatu ditu, “hori baita egin beharreko lehen urratsa eta, askotan, zailena”.
Amaitzeko diputatuak azaldu du familia guztiek jasotzen dituztela beharrezko laguntza eta babesa: “Profesional talde bat daukate, harreraren jarraipena egiten duena, eta profesional horiek beharrezko erabakiak hartzen dituzte familiaren eta adingabearen ongizatea zaintzeko. Horrez gain, familiek laguntza ekonomiko bat jasotzen dute ohiko gastu guztiak estaltzeko, baita kasuan-kasuan aztertzen diren laguntza bereziak ere”. Interesa izan dezaketen familiek, lehenik prestakuntza bat egin behar dute, eta eskaera aurkeztu ondoren, elkarrizketa pertsonalak eta proba psikoteknikoak egiten zaizkie, baita bisita bat ere etxera, eta horrekin guztiarekin balorazio txosten bat prestatzen da. Familia harrerari buruzko informazio gehiagorako: familiaharrera@gipuzkoa.eus, 943112522.
3971