A-15 autobidea erabat itxiko da asteburuan, Belabietako tuneleko obrak prestatu ahal izateko
A-15 autobidea erabat itxiko da asteburuan, Belabietako tuneleko obrak prestatu ahal izateko
Ostiraleko 22:00etatik igandeko 22:00etara egongo da itxita autobidea.
A-15 autobidea erabat itxita egongo da asteburu honetan, Belabietako tuneleko obrak egin ahal izateko aurretiazko prestakuntza lanak direla eta. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, aipatutako tunelean estaldura sendotu eta instalazioak egokitzeko lanak egin behar dira eta, hauek modu seguruan egiteko, Iruñerako hodia itxiko da eta beste hoditik behin-behineko desbideratzea egingo da. “Desbideratze hori era seguruan egin ahal izateko beharrezkoa da A-15ean zirkulazioa erabat moztea 48 ordutan, eta hauxe da asteburu honetan egingo duguna”, azaldu du foru arduradunak. Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera egingo da mozketa, eta, Iruñerako noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan eman du A-15 errepidearen mozketaren berri. Zehaztu duenez, bi noranzkoetan egingo den mozketa hori ekainaren 4ko 22:00etatik ekainaren 6ko 22:00etara egingo da. “Egin beharreko lanen artean egongo dira euspen hesi bat instalatzea eta tuneleko elementu guztien kontrol sistema aztertzea”, zehaztu du. Era berean, ibilgailu astunek GI-2130 errepidetik (Tolosatik Lekunberrira doan errepidea) joatea debekatua izango dute. Hortaz, ibilgailu astunek N-I errepidea hartu beharko dute ordezko bide bezala.
A-15 autobidearen Andoaingo noranzkoan egingo den mozketak, erabiltzaileek beste ibilbide batzuk erabiltzea eragingo du: Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, N-I errepidea gomendatuko da Altsasuraino, Irurtzunen A-10 autobidea hartuz (Sakanako autobia). Berastegi, Elduain edo Berrobi bezalako tokiko helmugetarako soilik, Andoaingo noranzkoan itxita egongo denez, A-15 autobideko erabiltzaileek Berastegiko lotunean bira egin ahal izango dute, GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) zirkulatuz helmugaraino.
Bestalde, Gipuzkoatik Nafarroara doazen gidariek, ibilbide luzeetarako, N-I errepidetik jarraitu beharko dute, Gasteizerantz, Altsasuraino, eta A-10 errepidetik jarraitu (Sakanako autobia) Irurtzuneraino. Lekunberrira edo Leitzara doazenek, bere aldetik, GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri) Tolosan barrena erabili ahal izango dute. Mendoza bozeramaileak azpimarratu duenez, desbideratze guztiak behar bezala seinaleztatuta egongo dira.
Enpresen salmentak
Bestalde, aurtengo apirilera arteko lurraldeko enpresei buruzko txostena osatu du Gipuzkoako foru Ogasunak. “Dakizuen bezala, hilabetero kaleratzen dugu txosten hau, eta hilabetez hilabete datu interesgarriak eskaintzen ditu, gure ekonomiaren osasunaren egoera eta bilakaera neurtzeko”, adierazi du Mendozak. Kasu honetan, aurtengo apirileko txostena da Ogasunak plazaratu duena eta, ondorioz, 2021 honen hasierari buruzko ikuspegia eskaintzen du dokumentuak. Txosten osoa web orrian dago eskuragai, ohi bezala, edozein kontsultarako erabilgarri.
“Apirilaren kasuan, hilabeteko datuak oso-oso onak izan dira salmenta osoen aldetik, +%46,1 igo baitira”, azaldu du Mendozak. Zehazki, barruko salmentak +%41,0 igo dira, eta esportazioak +%57. “Noski, igoera azaltzen duena da iazko martxoan eta apirilean jazotako beherakada handia, alarma egoera, ondorengo konfinamendua eta ekonomian funtsezkoak ez ziren jarduera guztiak gelditu zirelako. Hau da, pandemiaren zatirik gogorrenarekin alderatzen ari gara”, zehaztu du. “Horregatik, egokiagoa da aldaketa tasak epealdi homogeneoago batekin konparatzea, 2019 urteko apirilarekin esaterako. Eta alderaketa hori eginda, -1,5 murriztu ziren Gipuzkoako enpresen salmentak: %0,1 hazi ziren barruko salmentak, eta %4,5 jaitsi ziren esportazioak”, gaineratu du, ondorioztatuz “ikusten duguna dela garai normal baten antzeko salmenta maila izan zutela apirilean Gipuzkoako enpresek”.
Urteko lehenengo lau hilabeteetako datu metatua erreparatuta, antzeko irakurketak egin daitezke. 2020 urtearekin alderatuta, igoera nabarmena eman da lehen lauhilekoan: +%14,3 egin dute gora salmentek, barne merkatua %12,3 hazi da eta esportazioak %18,2 igo dira. “2019 urteko lehen lauhilekoarekin alderatuta, berriz, -%1,3 murriztu dira salmentak, barne merkatukoak %1,4 murriztu dira eta esportazioek %1,2 egin dute behera”, esan du. “Ondorioa argia da eta ikusten duguna da, pasa den urteko konfinamenduko distortsioa alde batera lagata, badirudiela gure lurraldeko enpresak “normalitatera” itzuli direla, salmentei dagokionean behintzat”, azaldu du.
Lan merkatuari dagozkion estatistiketan ere, antzeko joera hautematen dira. Horrela, enplegua +3,5 igo da 2021eko apirilean, 2020ko hilabete berdinarekin alderatzen badugu; 2019rekin konparatuta, ordea, -1,9 jaitsi da. Soldaten kasuan, +12,4 hazi dira 2020koekin alderatuta eta, 2019koekin konparatuz gero, hazkundea +2,7koa da. “Ekonomia sustapenak lehentasun osoa du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta, erakundearen ikuspegitik, krisiari aurre egiten eta jarduera ekonomikoa indartzeko lanarekin jarraituko dugu”, azpimarratu du Mendozak.
Gizarte politikako partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratu du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetatik hasita, ez dago kasu positiborik erabiltzaileen artean eta, langileen artean, berriz, 10 lagun daude diagnostiko positiboarekin 9 egoitzatan. Bestalde, azken astean ez da positibo berririk atzeman ez eguneko zentroetan, ez desgaitasuna dutenei arreta emateko zerbitzuetan, ezta adingabeei zuzendutako baliabideetan ere, eta kasu berri bat atzeman da gizarte inklusioan.
1644