A-15 autobidea itxi egingo da larunbatean elur arriskuagatik
A-15 autobidea itxi egingo da larunbatean elur arriskuagatik
Larunbat eguerditik igande arratsaldera arte elurra iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak 700 metrotik behera
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, bihar, larunbata, eguerdiko 12:00etatik igande arratsaldera arte, Euskal meteorologia agentziak elurra iragarri du 700 metrotik behera eta, ondorioz, A-15 errepidea erabat itxiko da, bi norabideetan, Gipuzkoako zatian, Andoaingo lotunetik Berastegiko lotunera bitarte.
“Errepidea ez da moztuko elurra hasten den arte, aurreratu du Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak. Errepideko langileak eta trafikoa arautuko duten Ertzainek erabakiko dute, lekuan bertan, A-15 autobidea noiz itxi. Eta zabaltzerako orduan ere berdin jokatuko dugu: elurra egiteari uzten dionean, lanean daudenek erabakiko dute noiz dagoen errepidea modu seguruan irekitzeko moduan”. Zirkulazioa Berastegi eta Tolosa arteko errepidetik bideratuko da.
Hala ere, alertak irauten duen bitartean, kamioiek debekatuta izango dute GI-2130 errepidetik zirkulatzea. N-I errepidea edo Sakanakoa erabili beharko dute Gipuzkoara sartzeko edo Nafarroara joateko. Ibilgailu arinek, aldiz, Tolosatik Berastegira doan bidea erabili ahalko dute. Trafikoa bideratzen elkar-lanean arituko dira Nafarroako foralak eta Ertzaintza.
“Autobidea itxita dagoen bitartean ibilgailu kopurua nabarmen handituko dela GI-2130 errepidean jakitun gara, eta gure eskuan ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu bidea ahal den egoera onenean mantentzeko” aurreratu du Oiarbide diputatuak.
Hala eta guztiz ere, diputatuak azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. «Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin», azpimarratu du Oiarbidek eta gehitu du “Errepidea egoera txarrean dagoenean, gogoratu ezkerreko erreia libre uztea elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lanak egin dezaten”.
Oiarbide diputatuak adierazi du Belabietako tuneleko lanak neguko bidezaintza lana baldintzatzen duela. “A-15 errepidea mendiko autobia da eta, altuera dela eta, elurrak gehien zigortzen duen lurraldeko puntuetako bat da. Egungo egoeran, bypass bidez araututako trafikoarekin, elurra egiteko makinek ezingo lukete behar bezala lan egin, eta, ondorioz, A-15eko erabiltzaileen segurtasuna zaintzea ezinezkoa denez, autobia ixtea erabaki hartu da. Zabalik mantenduko den zati bakarra Berastegi eta Leitza arteko zatia izango da”.
Elurragatik alerta igaro bezain laster, eta segurtasunez egin ahal denean, Gipuzkoako Foru Aldundiak autobidea ireki eta zirkulazioa berrezarriko du.1941