Abenduko soziometroa aurkeztu du bozeramaileak
Abenduko soziometroa aurkeztu du bozeramaileak
Inkestaren arabera, zaurgarrienen defentsa eta ekonomia eta etorkizuneko proiektuak sustatzea, gipuzkoarren lehentasunak COVID-19aren krisiaren aurrean.
COVID-19 gaitzaren pandemia eta honen ondorio ekonomikoak dira, gaur gaurkoz, gipuzkoarrek dituzten kezka edo arazo-iturri nagusiak, Gizaker-ek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egin duen inkesta baten arabera. Lehentasunak finkatzen hasita, herritarrek pandemiaren aurrean zaurgarrienak diren kolektiboetan jartzen dute azpimarra, eta honekin batera ekonomian eta etorkizuneko proiektuak sakontzearen alde egiten dute. Zehazki, hauek dira gipuzkoarren iritziz krisi egoera honetan lehenetsi beharreko lan esparruak: adinekoak babestea (0tik 10era, batez beste 8,94ko puntuazioa lortzen du); krisiak gehien kolpatu dituen sektoreei laguntzea (8,68); kalitatezko enplegua sustatzea (8,65); desberdinkeriei aurre egitea (8,53); ekonomia sustatzea (8,5); Europako Funtsak erakartzea (8,49) eta etorkizuneko proiektuetan inbertitzea (8,33).
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, 2020ko abenduko Gipuzkoako Soziometroaren emaitzen berri emateko. “Honen bitartez, aldika Gipuzkoako gizartearen iritzi eta kezkak neurtzen ditugu”, esan du foru arduradunak. “Gobernantza eredu berri baten alde egiten ari garela diogu, elkarlanekoa eta irekia, eta horretarako ezinbestekoa da mota honetako egitasmoak egitea. Emaitzei erreparatuta, gainera, argi ikusten da Aldundiak COVID-19aren krisiari erantzuteko ezarri dituen lehentasunak herritarrek dituztenekin guztiz lerrokatuta daudela”, azpimarratu du. Guztira, 1.200 elkarrizketa egin dira inkesta osatzeko, eta eskualde, herri, sexu, adin… tarte ezberdinetako jendea elkarrizketatu da. Elkarrizketak azaroaren 24tik abenduaren 1era bitartean egin dira, telefonoz, eta beste 8 minutu inguruko iraupena izan dute. Hizkuntzaren ikuspegitik, % 42,9 euskaraz egin dira, eta gainerakoak gaztelaniaz.
Inkestaren edukiei helduta, argi geratzen da COVID-19 gaitzaren pandemia eta honen ondorio ekonomikoak direla Gipuzkoak gaur gaurkoz dituen arazo nagusiak. Honela, herritarren %25,3k uste du COVID-19 gaitza dela egungo arazoa nagusia; %21,5ak, langabezia eta enplegua bultzatzea; eta %11,5ak, krisi ekonomikoa aipatzen du. Ondoren, maila baxuago batean, osasuna (%4,3), Osakidetzan hobekuntzak egitea (%3,9) edo adostasun politikoa (%2,3) bezalako gai garrantzitsuak ageri dira. Honela, 0tik 10era, gipuzkoarrek 8,1 batekin baloratzen dute COVID-19ak eragiten dien kezka maila. Ondoren ageri dira egoera ekonomikoa (7,99), ongizate emozionala (7,96), gizarte desberdinkeria (7,93) eta enpleguaren kalitatea (7,91). Atzetik, beste hainbat kezka iturri: klima aldaketa, genero berdintasuna, etorkizunari buruzko ziurgabetasunak, gizartearen zahartzea…
COVID-19 eta erakundeak
COVID-19 gaixotasunari buruz galdetuta, 0tik 10era, herritarrek bataz beste gaitza harrapatzeko 8,04ko kezka dute. Herritarren %59,8k, berriz, uste du lehengo normalitatera itzuliko garela, pandemia gainditu ostean, baina ez dute uste horrelakorik gertatuko denik epe motzera. Zehazki, epe hori zenbatekoa izango dela uste duten galdetuta, bataz beste ia bi urtetan (22 hilabete) kokatzen dute pandemiaren aurreko normalitate horretara itzultzek epea.
Erakundeen paperari erreparatuta, herritarrek maila instituzional guztiek egin duten lana onesten dute, betiere COVID-19aren krisiaren testuinguruan. Puntuazio altuena udalek lortzen dute (6,17), baina Eusko Jaurlaritzak (6,14) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (6,12) oso nota antzekoak lortzen dituzte. Azkenik, Estatuko Gobernuak 5,3ko balorazioa eskuratzen du. Honi lotuta, antzeko emaitzak lortzen dituzte erakundeek konfiantza mailari dagokionean. Kasu honetan, erakundeetan zenbateko konfiantza duten galdetuta, herritarrek diote udalak direla konfiantza gehien ematen dieten administrazioak (5,81), eta ondoren Aldundia (5,56) eta Jaurlaritza (5,49) kokatzen dira. Azkenik, Espainiako Gobernuak ez du 5eko langa gainditzen, eta 4,04arekin geratzen baita.
Bloke honekin amaitzeko, Foru Aldundiak sustatzen duen eta elkarlanean biharko Gipuzkoa eraikitzea helburu duen Etorkizuna Eraikiz programaren inguruan ere galdetu diete inkestatzaileek herritarrei. Foru ekimenak gipuzkoarren onespena lortzen du, batez besteko 6,62ko balorazio eskuratzen baitu. Bestalde, herritarren %34,8 du gaur gaurkoz Foru Aldundiak bultzatzen duen ekimen honen berri.
Ekonomia
COVID-19aren ondoren, baina zuzenean erlazionatuta, gipuzkoarrek bigarren kezka eta arazo nagusi bezala ikusten dute ekonomia. Hemen sakonduta, herritarrek 6,25 bateko nota ematen diote gaur gaurkoz duten egoera ekonomiko pertsonalari. Iragan hurbilarekin alderatuta, gehiengoak dio antzera jarraitzen dutela (%58,2), baina gehiago dira egoera pertsonalak okerrera egin diela diotenak (%28,7) hobera egin diela diotenak baino (%12,5). Bestalde, gipuzkoarren % 56,4k dio arazorik gabe iristen dela hilabete amaierara, baina %23k arazoak ditu hilabete bukaerara iristeko edo zuzenean ez da iristen (%1,9).
Etorkizunera begira, %61,2k uste du bere egoera ekonomiko pertsonalak antzera jarraituko duela, %14,7k hobera egingo duela eta %17k okerrera egingo duela. Galdera berdina, bainoa modu orokorrean eginda, inkesta erantzun dutenen ia erdiak (%47,1) uste du Gipuzkoako ekonomiak okerrera egingo duela epe laburrean, eta %26 bakarrik ageri da baikor. Gainera, 10etik 8k uste dute datorren urtean ez dugula berreskuratuko COVID-19 aurreko egoera.
Bloke politikoa
Azkenik, inkestak alor politikoari eta Gipuzkoan ordezkaritza duten alderdiek egiten ari diren lanari ere egin dio errepasoa. Batzar Nagusietan egiten ari diren lanari erreparatuta, EAJ-PNV da balorazio onena lortu duen alderdi (5,8). Ondoren dator EH Bildu (5,76), eta jarraian PSE-EE (4,82), Elkarrekin Podemos (4,51) eta Alderdi Popularra (4,51). Aldundiari erreparatuta, Mendozak azaldu du herritarrek gehien baloratzen dituzten ezaugarriak direla foru Gobernuaren profesionaltasuna, kudeaketa, integritatea eta egiten duen adinekoen zaintza. Herritarren 10etik 4k Aldundiaren eta egiten duen lanaren irudi ona du (%39), eta beste lauk ez ona ez txarra (%40,7); pposizioaren kasuan, balorazio positiboak baxuagoak dira: %18,7k uste du lan ona egiten ari direla, eta %45k ez ona ez txarra.
Balorazioekin jarraituta, erakundeetako arduradunak egiten ari diren lana neurtu dute gipuzkoarrek. Horrela, Iñigo Urkullu lehendakaria da notarik onena lortzen duena (6,01), eta jarraian Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia (5,77) eta Pedro Sanchez Gobernu espainiarreko burua (5,22). Nortasun nazionalari dagokionean, berriz, gipuzkoarren erdia euskalduna bakarrik sentitzen da (%49,4) eta %16,9 euskaldunagoa, espainiarra baino. Bestalde, biztanleen laurdena euskalduna bezain espainiarra sentitzen da (% 23,5). Azkenik, espainiarrak bakarrik sentitzen direnak % 1,4 dira, eta euskaldunak baino espainiarragoak direla diotenak %1,3.
Hauteskundeen esparrua ere landu du inkestak, hurrengo foru hauteskundeei buruzko boto asmoari buruz galdetuta. Jasotako emaitzen arabera, EAJ-PNVk irabaziko lituzke berriro ere hauteskundeak, botoen %36,9rekin (puntu bat irabazita); ondoren EH Bildu %33,5arekin (+1,6), gero PSE-EE %15arekin (-2,3), Elkarrekin Podemosek botoen %8,6arekin (-0,4) lortuko luke eta Alderdi Popularra bosgarren indarra litzateke, bozken %3,8 eskuratuta (-1). Batzarkide kopuruari begiratuta, EAJ-PNVk 21 izango lituzke, gaur egun baino bat gehiago; EH Bilduk bi irabazi eta 19 ordezkarira iritsiko litzateke. Ondoren, PSE-EEk bi batzarkide galdu eta 7rekin geratuko litzateke; Elkarrekin Podemosek bat galdu eta 3 ordezkari izango lituzke; eta Alderdi Popularrak daukan batzarkidea mantenduko luke.
2470